“Ekoantsietate” hitzak ingurumenarengatik, bereziki, klima-aldaketarengatik eta haren ondorioengatik, eduki daitekeen kezkari eta erantzun emozionalari egiten dio aipamena.
Nahiz eta ez den arazoa eragiten duen lurralde nagusia, Afrika klima-aldaketaren ondorio larrienetako batzuk pairatzen dituen kontinentea da: urpean gelditutako hiriak, lehortearen ondorioz galdutako laborantza-lursailak, bero-bolada jasanezinak…
Han, Nigerian zehazki, jaio zen Jennifer Uchendu. Biokimikako gradua eskuratu zuen Covenanteko Unibertsitatean, eta ikasketa-masterraren arreta klima-aldaketan jarri zuen, ingurumen-krisiaren eta biztanleen osasun mentalaren artean dagoen harremanean interesa hartuta.
Gero, gazteen, emakumeen eta klima-aldaketaren arteko loturari, justizia klimatikoari, arteari, gazteriari eta, jakina, ekoantsietateari buruzko azterlan gehiago iritsi ziren.
Aldi berean, bekaduna izan zen zenbait erakundetan, hala nola Ashoka, Chevening eta Mandela Washington erakundeetan.
Bere lan-bizitza tokiko komunitateetako iraunkortasuneko aholkularitza-enpresa batean abiatu zen.
Eta, aldi berean, SustyVibes sortu zuen. Hain zuzen, erakunde horretan gazteek iritzia ematen dute iraunkortasuna sustatzeko metodoei buruz eta ardura handiagoa hartzea jorratzen da.
Edonola ere, berak aldaketa handiagoa bilatzen zuen.
Hori dela-eta, 2020an, Eco-Anxiety África (TEAP) egitasmoa jarri zuen martxan. Egitasmoaren nahia da ekoantsietatearen esperientzia ulertzea Afrikako populazioetan, ikerketaren eta dibulgazioaren bidez, gai honi buruzko kontzientzia eta tokiko ekintzak sortuz eta elkarrizketa eta elkar zaintzeko guneak zabalduz.
Egoitza Lagosen du, eta afrikar gazteei errazten die elkartzea eta klima-aldaketak eragiten dizkien emozioei buruz hitz egitea. Dena den, ez dute horretaz bakarrik hitz egiten, kideen arteko hizketaldiek komunean dituzten beste zailtasun batzuk mahaigaineratzen baitituzte, esate baterako, argindarraren faktura ordaintzeko zailtasunak, langabeziaren gaia eta elikagaien prezio altuak.
Hain ona izan da esperientzia, ezen Jeniferrek aurreikusita baitu profesionalei prestakuntza ematea, antzeko guneak ezartzeko Hegoafrikan, Ghanan eta Kenyan.
Bien bitartean, Ingalaterrako Nottingham hiriko unibertsitatearekin ikerketa bat egiten ari da, klima-aldaketak Afrikako hiri handietako hiritarrengan duen inpaktu emozionalari buruz.
“A Guide to Business Sustainability in Nigeria” (Gida enpresa-jasangarritasunerako Nigerian) liburuaren egilekide, aktibista klimatiko, iraunkortasuneko analista eta gazteen ekoantsietatea arintzea zaintzen duten erakundeen sortzaile honek, 32 urterekin, “National Geographicen 33ak” aitortza jaso du.
Zehazki, mundu osoan eragin handiko 33 pertsona nabarmendu eta ohoratzen dituen ekimena da; gure munduak irudimenezko irtenbideak eta urgentziazko ekintzak behar dituela sinetsita dauden 33 pertsona.
Klima aldaketak leku batzuetan duen eragina ezagutu nahi baduzu:
Metamorfosi, Europako herri klimigratzailea
Gamelu gehiago eta behi gutxiago
Suitzaren aurkako epaia, klima-aldaketaren kontra ez jarduteagatik
*Iturriak:
National Geographic, 2025eko apirila
Utzi erantzuna