Posted

Gamelu gehiago eta behi gutxiago

Hiru urteko lehorte batek ekarri du bai Kenyako gobernuak bai eta Elikagaien Mundu Programak ere esku hartu behar izatea gameluak banatzen, esnea ekoizteko helburuarekin eta, hartara, herritarrak izaten ari ziren desnutrizio-arazoei aurre egiteko. Hala, Sanburu herrian ikusi dute nola joan diren desagertzen behiak, gameluen mesedetan, azken ugaztun hori bereziki prestatuta baitago klima-aldaketaren ondoriozko muturreko baldintzak jasateko.

- - - - - - - - - - -

Batzuetan ez gara ohartzen, baina klima-aldaketak ez dio bakarrik ingurumenari eragiten. Ekonomiari, kulturari, herrien idiosinkrasiari… ere eragiten die.

Horren guztiaren adibide argi bat Sanburu konderrian ikus dezakegu, Kenyaren iparraldean.

Hainbat belaunalditan, Afrikaren zati handi batean bezala, behiak izan dira familia-ekonomien, dieten eta tradizioen oinarria. Baina eskualde hori hiru urtean zigortu duen lehorte ezin gogorragoak biztanleak nekazaritzako trantsizio baterantz bultzatu ditu, non gameluen alde egin behar izan duten. Arrazoia soil askoa da: lehorte batean hiltzen den aurreneko animalia behia da, eta gamelua, berriz, azkena. Behi batek bizpahiru egun eman ditzake urik edan gabe, eta gamelu batek, aldiz, bi aste. Eta horrek, gauden garai hauetan, ikaragarrizko garrantzia dauka.

Gainera, gorputzaren pisuaren % 30 galduta ere, gameluek bizirik iraun dezakete. Beren gorputzaren tenperaturak gorabeherak izan ditzake, inguruan duten klimatologiaren arabera. Txiza egiten dutenean, hankak bustitzen dituzte eta horrek hankak beti fresko edukitzeko modua ematen die. Eta etzaten direnean, belaunak tolesteko daukaten moduak ahalbidetzen die gorputza lurraren gainetik edukitzea, aire freskoa igarotzeko bidea emanez.

Horrenbestez, esan daiteke gamelua muturreko baldintzak jasateko bereziki prestatuta dagoen ugaztuna dela.

2020an, hiru urteko lehorte gogor bat hasi zen Afrikako Adarrean, eta behien % 80 hil ziren ondorioz. Esnea Sanburuko biztanleen elikadura-iturri nagusietako bat da, eta, hortaz, desnutrizioa izugarri areagotu zen.

Egoera horren aurrean, bai Kenyako gobernuak bai eta Elikagaien Mundu Programak ere esku hartu behar izan zuten laguntzeko. Hala, gobernu-programa baten bidez, gameluak banatu dituzte tokiko komunitateetan. Gamelu bat pertsona bakoitzeko; nahikoa, familiei esnea izatea ziurtatzeko, baita lehorteetan ere.

Izan ere, hori zen gameluak banatzeko betebeharra. Agintariek onuradunak hautatu zituztenean baldintza jarri zuten animaliak esnetarako erabiltzea, eta ez haragitarako.

Eta neurriaren onuradunak hautatzeko beste irizpide bat premia larria izan zen: ia abere guztiak galdu izana, hainbat kilometrotako distantzia izatea ur-iturrietara, liskar bortitzak eduki izana ondoko tribuekin, urarengatik edo bazkalekuengatik borrokak izateagatik…

Gobernuak 4.000 gamelu baino gehiago erosi ditu, eta ahalegin ikaragarria izan da baliabiderik gabeko egitura politiko baterako. Jonathan Lati Lelelit Sanburuko gobernatzailearen arabera, “klima-aldaketarik ez balego, ez genituen erosi ere egingo gamelu horiek”.

Baina klima-aldaketak jardutera eta beren ekonomia garai berrietara egokitzera behartu ditu, behien nekazaritzatik gameluen nekazaritzara igarota. Ingurumenaren erronkei aurre egiteko irtenbide berritzaileak bilatzearen adibide argia da hau guztia.

Abelzaintza interesgarria iruditzen bazaizu:

Nola ikasi artalde bat larreratzen

Transhumantzia zaharkituta dago?

 

*Iturriak:

https://www.infobae.com/wapo/2024/04/18/como-el-cambio-climatico-esta-convirtiendo-a-los-camellos-en-las-nuevas-vacas/

https://www.mundiario.com/articulo/sociedad/cambio-climatico-ha-convertido-camellos-nuevas-vacas/20240418210750305657.html

https://www.nationalgeographic.com.es/naturaleza/sequia-kenia-provoca-cientos-muertes-animales_19116

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.