Posted

Naturaren artifizializazioa

Javier Rico Nietok pertsonengan jartzen du arreta ingurumen-komunikazioaz hitz egiten duenean. Haren ustez, komunikazio hori giltzarria da; izan ere, hainbeste artifizializatu baita natura, ezen ez baikara ohartzen gauza berberaren parte garela. A ver Aves bere proiektuarekin, ibilbideak antolatzen ditu hirian, bai ikasleentzat eta bai herritarrentzat oro har ere, hegaztiak begiztatzeko eta gertu dugun zerbaitekin harritzeko helburuarekin.

- - - - - - - - -

“Ezagutzen ez dugunak harritu egiten gaitu. Hori dela-eta, oso gogoko dugu gertu dugun eta oharkabean joaten zitzaigun zerbaitekin harritzea. Hori da A ver Aves proiektuaren sekretua”.

Javier Rico Nietoren hitzak dira. Rico kazetaria, dibulgatzailea eta idazlea da, ingurumenean espezializatua, eta bai A ver Aves ekimenaren aitzindarietako bat ere. Proiektu horrek ibilbideak antolatzen ditu hirian, bai ikasleentzat eta bai herritarrentzat oro har ere, hegaztiak begiztatzeko eta entzuteko helburuarekin. “Norbaiti prismatikoak jartzen dizkiozunean eta zozo bat ikusten duenean, ezin dio begiratzeari utzi. Esperientzia paregabea da. Harritzen gaituena soila eta xumea denean dago. Eta oso gustuko dugu aurreiritziak gezurtatzea, besteak beste, “baina zertarako joango gara? Hemen ondoan ez dago ezer. Soil-soilik udaberrian eta udan ikusten da zerbait” diotenak. Izan ere, hori gezur biribila da, eta ikusten denean, ezustekoa iristen da”.

Javier kexatzen da ingurumen-heziketa ez egoteaz ikastetxeetan zeharkako moduan, eta arreta pertsonengan jartzen du. “Izan ere, hegaztiak baditugu, baina ez badaukagu pertsonarik, ez du ezertarako balio”. Horregatik tematzen da sareak egitean eta, adibidez, publiko helduarekin ibilbideak tabernetan amaitzean. “Hori baita gure 0 kilometroko kultura. Gertuko historia, gertuko pertsonak, gertuko biodibertsitatea batu nahi dugu. Axola zaigu taberna hori hirugarren belaunaldikoa dela jakitea eta aitonaren baratzetik etortzen diren patata ezin gozoagoak zerbitzatzen dituela. Mota horretako istorioek zentzua ematen diete harreman guztiei”.

Bere iritziz, hor dago ingurumen-komunikazioaren funtsa, konexio horien berri dutenean herritarrek zer aurpegi jartzen duten jakitean, hain gertu bizi den fauna hori ezagutzen dutenean. “Hau komunikazio zuzena da eta bi noranzkokoa, adinik eta mugarik hartzen ez duena aintzat”.

Edonola ere, aitortzen du garrantzitsua dela jendea atzetik etortzea, irmo bultzatzen ingurumen-sentsibilizazioaren kontu honetan. “Eta uste dut arlo honetan badagoela belaunaldien arteko erreleboa, baina ez dela nahikoa daukagun klima-krisiaren, biodibertsitate-krisiaren, polinizatzaileen krisiaren eta abarren garrantziaren eta tamainaren aurrean. Hala eta guztiz ere, uste dut egun oso prestatuta dauden eko-influencerrak dauzkagula, lanbidea duin bihurtzen dutenak beren ikerketekin”.

Horrek ez du saihesten, dena den, adierazten diren zenbait komunikazio oso desegokiak izatea. Adibidez, aurtengo udan baso-suteen gainean eman diren berriak: “Arretaren gune garrantzitsua desagertzea ekarri duten mezuak zabaldu dira. Izan ere, ez zaie hitza eman behar negazionistei, eta ez da parekatu behar zientziaren mezua eta ikertu ez duen eta burura datorkion lehenbiziko gauza esaten duen jendearena. Jada ez gaude klima-krisi handia ukatzeko puntuan. Orain beste zerbaiten unea da”.

Horregatik ingurumen-komunikazioak eta -heziketak zentzu berezia hartzen du. “Arazoa da berdeari bizkarra emanda bizi garela. Adibidez, baratzeak desagertu dira, abeltzaintza eta abar, eta ondorioz, soroak eta mendiak jaramonik egin gabe ditugu; suteak gelditzeko balio beharrean, haietarako erregaia diren soroak eta mendiak. Baina ez gara hari-mutur guztiak lotzeko gauza. Hainbeste artifizializatu dugu natura, ezen ez baikara ohartzen gauza berberaren parte garela, abeltzaintzak sasitza kontrolatzen duela, polinizatzaileek gure soroak polinizatzen dituztela, hegaztiek polinizatzaile horietako batzuk jaten dituztela… Azken batean, dena kate bat dela eta gizakia katebegi bat dela. Espezie moduan, naturaren mende gaudela”.

Horrenbestez, hori izango da ingurumen-komunikazioak hartu beharko duen bidea: herritarrei gogoraraztea sarritan bizkarra ematen dioten naturaren zati direla.

Ingurumen komunikazioari buruz gehiago irakurri nahi baduzu:

Ana Galarraga: “Gizartearen ingurumenarekiko jarrera ez da aldatu”

Ingurumen-komunikazioa, moda ala beharra?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.