Posted

Ana Galarraga: “Gizartearen ingurumenarekiko jarrera ez da aldatu”

Klima, energia, biodibertsitatea, hondakinak eta, horiekin lotuta, plastikoak… Horiek dira gaur egungo ingurumenari dagozkion trending topicak edo boladako gaiak. Baina gai horien arteko harremanik ez da islatzen inon. Hori da behintzat Ana Galarraga dibulgatzaileak esaten duena. Haren esanetan, informazio handia egon arren, eta klima larrialdia badago ere, gizartearen sentsibilizazioa ez da handitu, eta ingurumenarekiko jarrera ere ez da aldatu. “Ekonomia eta ekologia gauza bera da, azken finean, eta hori ulertzeak gure bizimodua berpasarazten digu; beraz ez da batere eroso, ahaleginak egitea eskatzen baitigu”.

- - - -

Duela oso gutxi Julio Diaz eta Cristina Linares zientzia-ikerketaren profesionalekin hitz egin genuen (hemen irakurri). Haien esanetan zientzia komunikatzailea izatea ez da batere erraza, herritarrek zientziari dagozkion kontzeptuak ondo ulertzeko kodearen itzulpena egitea beharrezko baita.

Gaur beste zientzia-komunikatzaile bat dugu, Ana Galarraga. Albaitaritzan eta Elikagaien Zientzia eta Teknologian lizentziatua, Elhuyar Fundazioarentzat lan egiten du. Euskal hedabideetan zientzia dibulgazioa sustatzen du, eta hainbat jolas, erakusketa, sariketa, ikastaro, hitzaldi eta antzerki-bakarrizketa ere antolatzen ditu. Sare sozialetan ere aktibo agertu ohi da (twiterrean: 7.800 jarraitzaile).

Harengana hurbildu gara iritzi berekoa den jakitera.

  • Zure ustez, zein da zientziak duen zailtasunik handiena, publiko orori interesa pizteko?

Aurreiritziak. Zientzia zaila dela, urruna, hotza, zer ikusirik ez daukala gure eguneroko bizimoduarekin… Eta hori  esatea eta ulertzea ahantzi egiten zaigu.

  • Eta zein izan behar dute zientziaren dibulgazioaren ezaugarriek, aurreiritzi horiek hausteko?

Badaude balio batzuk gure lanean oinarrizkoak izan behar direnak: enpatia, zintzotasuna (oker baldin bagaude, aitortu), apaltasuna, zuhurtzia, gardentasuna, iturri onak erabili eta zein diren beti aipatzea.

  • Zein dira gaur egun trending topic diren ingurumenari buruzko gaiak?

Gehien azaltzen diren gaiak klima, energia, biodibertsitatea, hondakinak eta, horiekin lotuta, plastikoak.

Baina faltan sumatzen dudana haien arteko harremana da. Elkarri lotuta daude, eta haien atzean dagoena gure bizimodua da.

  • Eta zergatik ez dira guztiak batera adierazten?

Azken finean, elkarrekin ikusteak eskatuko ligukeelako aldatzeko gure bizimodua. Eta horretarako erresistentziak oso handiak dira, bai maila pertsonalean, bizimodu hori aldatzeak galera bat eragingo lukeelako eta beldurra sortzen zaigulako; bai maila politiko-ekonomikoan. Komeniko litzateke sakontzea horretan, gai horietara heltzea behingoz, baina egia da azalean geratzeko joera dagoela.

  • Ingurumenarekiko gizartearen jarrera aldatu al da? Barneraturik al dauzka lehen ezagutzen ez zituen kontzeptuak?

Ez nuke hori esango. Egon dira ekologismoak orain baino indar handiagoa zeukan boladak. Herri mugimenduak ere presenteago zeuden. Ez dakit nik oso kontzienteak garen klima larrialdia dugula gainean…

Orain bertan gerra kontuarekin, adibidez, energia gaiak-eta lehen lerrora pasatu direnean, arreta handiago jarri dugu kontsumitzen dugunaren prezioan, agian kontsumitzeko modua aldatzeko beharrean baino.

Aipatzen duzun jarrera aldaketa hori izango balitz, beste gauza batzuek edukiko lukete lehentasuna, eta ez zenbat ordaintzen den gasolina litro edo argindarra etxean.

  • Hondakinen kasuan, adibidez. Ez al duzu ikusten birziklapena handitu dela eta sentsibilizazioa sakondu dela?

Ez nuke baietzik esango. Kontsumoa ez da murriztu. Hondakinak bereiztean agian kontu handiz gabiltza, baina hori azalean geratzea besterik ez da. Bakarka mugitzea da hori. Baina kolektiboki  zerbait egiteko eskatzen digutenean, atzerako pausoa ematen dugu.

Ekologia eta ekonomia lotuta daude elkarri, eta alferrik da esatea hori politikako kontua dela, guztion kontua baita. Oso erosoa da deus ez egitea eta gainontzekoek egin dezaten zain egotea.

Pertsona alaia naiz, baina ez oso baikorra. Beraz, ezin dut baieztatu orain kontzientzia handirik dagoenik. Egia da gazteen artean fenomeno batzuk daudela, Greta Thunberg-ena, esaterako, baina ez nuke esango gazteak, kolektibo gisa, kontzientziatuak daudenik. Gizarte kontsumista batean jaio dira, horretan murgildurik bizi dira, eta gizarte kontsumista bat osatzen dute. Beraz, ez da deus aldatu, ez. Okerrera joan gara.

Momentuan esaten dut, e? Aurrera begira, hipotesia asko ireki liteke, eta zientziaren aldetik, badakitenek gero eta pisu handiagoa daukate. Ez dakit zenbaiteraino iritsiko den gizartera eta apustu politiko bat izango den edo ez, baina erakundeak entzunagoak dira, eta lan handia egiten ari dira.

KOMUNIKAZIOA

Gustura gabiltza Anarekin. Haren esperientzia baliagarria da guretzat. Horregatik luzatzen dugu elkarrizketa, komunikazioa nola egiten duen jakiteko irrikan gaude eta.

  • Erabiltzen dituzun tresnen artean, zein da emaitza hoberena ematen dizuna dibulgazio lana egitean?

Elhuyar aldizkariak dituen tresnak erabiltzen ditut gehienetan. Horrez gain Elhuyarrek eta EITBk ekoizten duten telebistako Teknopolis zientzia saioan hartzen dut parte. Euskadi Irratia, beste irrati independente batzuk… Laburbilduz, esango nuke aldizkariarekin eta beste komunikabideekin lankidetzan dauzkagun hainbat proiektu hartzen ditudala nik bozgorailutzat.

Baina, jendaurrean kokatzeko, hurbiltasuna lortzeko, Twitter erabiltzen dut, bai aldizkariarena, bai nirea.

Nire  ustez, guztiak beharrezkoak dira. Ezin dut esan zein den hoberena, bakoitza profil konkretu bati zuzenduta baitago.

  • Twitter bakarrik erabiltzen duzu, edo beste sare sozial batzuk ere bai?

Bakarrik Twitter, bai. Elhuyarrek horrela erabaki zuen, eta nik gauza bera egin nuen. Badakit gaur egun beste plataforma asko daudela, dibulgaziorako aukera handiak ematen dituztenak, Tik-Tok, esate baterako, baina ez ditugu erabiltzen.

  • Ez zara zientzia dibulgaziorako Twitter erabiltzen duen bakarra. Zer du sare honek besteek ez dutena?

Gustuko dut Twitter. Informazioa zuzenean hartu nahi izanez gero, oso tresna aproposa da. Berriak banatzeko, zabaltzeko eta partekatzeko erraztasun handia eskaintzen du.

Baina, “ojo”, beste sare batzuk ere ezinbestekoak dira publikoa bereizteko eta harengana iristeko.

  • Hori kontuan hartuta, esan dezakegu ohiko hedabideak bazterturik geratuko direla eta teknologia berriak nagusi izango direla?

Ez horixe. Adibidez, nik irratia oso gustuko dut. Horri esker zientziarako interes handirik ez duenak zientziari buruzko edukiak entzuten ditu. Telebista ikustean zapping egitea erraza da, baina irratiarekin ez da gauza bera gertatzen. Autoan, lanean, eta abarretan piztuta duzu irratia, baina diala ez dugu aldatzen, ezta? Ezustean harrapatze horrek bati baino gehiagori zientziarekiko zeuzkan aurreiritzi asko deskubriaraziko dio, eta aurreiritzi horiek bertan behera uztera bultzatuko du, noski. Horregatik oso interesgarria iruditzen zait dibulgazioa egiteko.

  • Dibulgazioa euskaraz egitea gaztelaniaz baino zailagoa al da?

Ez. Lehen esan dudan bezala, Elhuyarrerako egiten dut lan, eta aldizkaria gizarte euskaldun bati zuzenduta dago; beraz, profila oso zehaztuta dago. Horregatik ez da inondik inora zailagoa, alderantziz. Komunitate bat sortzeko eta hurbiltasuna lortzeko aukera handiagoa ematen du hizkuntza gutxitu batek. Beharbada, sinesgarritasun handiagoa ematen du, erreferentzia gertuagoak direlako eta, azken finean, elkar ezagutzen dugulako denok. Horrek ematen du ardura izugarria, alde batetik, ezin duzulako edozein gauza esan horren eragin zuzena izan dezakeelako, adibidez, Covid-arekin gertatu zena; baina, bestetik, konfiantza eta fideltasuna eskaintzen ditu.

  • Gustukoen izan duzun zuk idatzitako erreportajea?

45 garun eta bihotz baten arrastoa”. 2010ean Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak Gerra Zibilean hil eta hobietan desagerrarazitakoen gorpuak lurpetik ateratzen ari ziren La Pedrajan (Burgos). Saponifikazio-prozesuari esker kontserbatutako 45 garun atera zituzten, eta, haiekin batera, bihotz bat. Bihotzaren kasua ez zen ezagutzen beste inon.

Hunkigarria izan zen niretzat artikulu hori zientziak zertarako balio duen argi eta garbi ikusi nuelako

  • Eta  gustuen  idatziko zenukeen erreportajea?

Behin  erreportaje bat egiten saiatu nintzen neandertalak ikertzen ari zien antropologo eta arkeologo batzuekin, baina kalabazak eman zizkidaten. Handik gutxira beste ikertzaile batzuk aurkitu nituen hemendik gertu, eta orduan ikasi nuen gure inguruan jende asko dagoela interesgarria dena eta gauza interesgarriak dituenak kontatzeko. Horregatik, ez dut bihotzetik arantzarik kendu behar. Aurkitzen dudanarekin gozatzen dut eta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.