Posted

Natura babesteko, lehenbizi ezagutu egin behar da

Gordeleku baten barnean hainbat ordutan zain egotea, bila zabiltzan animalia agertuko den jakin gabe. Haren arrastoei jarraitzea. Kamerak kokatzea, nondik ibiltzen den jakiteko. Beste egun batean itzultzea. Eta beste batean. Bat-batean, inolako gidoitan idatzita ez zegoen zerbait gertatzen den arte. Natura filmatzeak egonarria exijitzen du, ezagutza eta, batez ere, onartzea benetako protagonistek ez dutela obeditzen. Lexeia Larrañagak eta Álex Gutiérrezek oso ongi dakite hori, gure inguruneari kamera baten bidez begiratzen hainbat urte eman ondoren, eta ETBko Bizi Natura programa eta Natura Bizia dokumentala ekoiztu ostean.

- - - - - - - - - - - - -

Lexeia Larrañaga del Val zuzendaria eta gidoilaria da. Álex Gutiérrez Benítez, naturaren arloko kameraria eta ekoizpeneko zuzendaria. Biak ala biak RTVEko 2. kateko dokumentalak ikusten hazi ziren, eta “natura behatzen duten frikitzat” daukate beren burua. Agian horregatik sortu zuten AVIS Producciones, ETB kateak 2026 honetan estreinatu duen Bizi Natura programaren arduraduna eta bai Natura Bizia dokumentalarena ere —eta bai zortzi kapituluko telesail dokumentala ere—, zeina arrakasta handia izaten ari den aurkezten den jaialdi, lehiaketa eta foroetan.

Hiru urtean, Natura Bizia dokumentalaren taldea Euskal Herriko hainbat paisaiatan ibili da, itxura batean erraza eta soila zen helburu batekin: gertu daukagun biodibertsitate aparta erakustea.

Emaitza harrigarria izan zen. Nola egon liteke halako espezie-aniztasuna hain txikia den lurralde batean?

Oso egunerokoa den paisaia baten parte delako hain zuzen, askotan oharkabean joaten zen dibertsitate edo aniztasun bat ezkutatzen zuten basoek, hezeguneek, mendiek, labarrek eta itsas hondoek.

Eta horretan datza Lexeiak eta Álexek beren lanari ematen dioten garrantzia: “Ezin dugu babestu existitzen dela ere ez dakigun hori”.

Lana gogorra izan da, baina oso atsegingarria. “Naturari buruzko dokumental bat filmatzeak ez du zerikusi handirik ohiko filmaketa batekin. Hemen, protagonistek ez dute ordutegirik, ez dute harraldi bat errepikatzen, eta, nola ez, ez dute zuzendariaren jarraibiderik jasotzen. Zenbaitetan, ez da agertzen deia egin diozun fugurantea, baina, haren ordez, espero ez zenuen norbait agertzen da, adibidez, bisoi europar bat, Europan mehatxu larri pean dagoen espezieetako bat. Une horiek magikoak dira. Baina egonarria eduki behar da”.

Filmatzeko prozesua denbora eta prestaketa eskatzen duen zerbait da. Lehenbizi, animalien presentziaren seinaleak eta arrastoak aurkitzen dira. Gero, argazki-tranpako kamerak jartzen dira, toki jakin bat eskuarki erabiltzen ote duten egiaztatzeko. Eta orduan, eta orduan bakarrik, gordeleku bat prestatzen da —hide esaten zaiona—, bertan zain egoteko, animaliaren jokaera oztopatu gabe.

Batzuetan orduak igarotzen dira eta ez da ezertxo ere gertatzen.

Eta aurretik jakin ezin den osagai hori da, hain zuzen, liluraren parte.

Azkenean animalia bat agertzen denean eta lasai jarraitzen duenean bere bizitzarekin, filmaketako taldea mehatxu moduan hauteman gabe, itxaronaldiak zentzua hartzen du. “Ezkutatuta egotea animaliak bere eguneroko zereginekin jarraitzen duen bitartean sentipen sinestezina da”.

Pantailaren hotza gainditzen duen sentipena. “Baliteke hori izatea Natura Bizia dokumentalaren arrakastaren sekretua. Izan ere, argi dago naturak inguratuta bizi garela, baina gero eta gutxiago dakigu haren erritmoez, espezieez eta jokaerez”.

Hainbat belaunalditan eguneroko esperientziaren parte izan ziren ezagutza batzuk —arrastoak ezagutzea, animalien zenbait jokaera interpretatzea, zuhaitzak bereiztea eta urtaroen erritmoak ulertzea, adibidez— galtzen ari dira.

“Bereizte edo urruntze hori bereziki agerikoa da txikien artean, behin baino gehiagotan gutxietsi egiten baitute lurra ukitzea”.

Hori dela-eta, Lexeia eta Álex, besteak beste, mendira txangoak egitea berreskuratzearen, animaliak behatzearen, lurra ukitzearen eta guregandik gertu bizi diren espezieak ezagutzen ikastearen alde agertzen dira.

“Hori ingurumen-hezkuntzako modu bat da. Baina, horrez gain, oso garrantzitsua da ingurumen-arazoak nola kontatu jakitea. Soil-soilik galeran, mehatxuan eta hondamendian oinarritutako komunikazio baten alde egin dezakegu; edo, gainerakoan, gertatzen ari dena zorrotz azaldu, baina itxaropenerako eta naturak lehengoratzeko duen gaitasunerako tartea ere utziz”.

Haien hitzen arabera, horrek ez du esan nahi arazoak ezkutatu egin behar direnik, baizik eta azaldu egin behar direla eta gure garapena lurraldeko beste biztanle horiekin bateragarri egin behar dugula, haietako asko zuhurrak eta guretzat ia-ia ikusezinak badira ere.

Kontatu eta erakusteko grina hori Bizi Natura programan egikaritu zen, neurri handi batean gertatuko zena kontrolatzeari uko egin zion saioan.

Proposamenak BBC kateko Springwatch formatua hartu zuen lehenbiziko aldiz Erresuma Batutik kanpo: naturaguneetan kokatuta dauden kamerek hainbat orduan eta ia-ia denbora errealean habietan, babeslekuetan eta animaliek erabiltzen dituzten beste toki batzuetan gertatzen dena behatzeko aukera ematen dute.

Aktorerik gabe. Eszena errepikatzeko modurik gabe.

Bizitza gertatzen eta igarotzen kameraren aurrean.

Eman zen bitartean, 18 kamerak naturako irudiak eskaini zituzten eta udaberriaren esnatzeari jarraipena egitea ahalbidetu zuten, animaliak behatzea espezialisten azalpenekin konbinatuz.

“Hain zuzen ere, ingurumen-dibulgazioak eginkizun hori du: gurekin lurraldea partekatzen dutenei izena eta begitartea jartzea lortzea. Izan ere, naturako istorio handietako asko ez daude urruneko lekuetan. Gelditu, begiratu eta ezagutu besterik ez dugu egin behar”.

Eta ez dago zalantzarik: Lexeiaren eta Álexen lanak hori egiteko gakoak ematen dizkigu.

Ingurumen komunikazioarekin lotutako beste adibide batzuk ezagutu nahi badituzu:

Ana Galarraga: “Gizartearen ingurumenarekiko jarrera ez da aldatu”

Ingurumen-komunikazioa bost zentzumenekin

RECIDA, ingurumen- komunikazio baliabideak partekatzeko plataforma

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.