Posted

Anita Studer, basoa berreskuratzen saiatu zen Gringo Eroa

Anita Studer duela 40 urte Brasilera joan zen ornitologo suitzarra da. Han galzorian zegoen Forbeseko zozoa (Anumara forbesi) aztertzeko asmoa zuen, baina laster konturatu zen Pedra Talhada basoa berreskuratzen ez bazuen, ez zegoela deus aztertzerik, hegazti horren habitata baitzen eta desagertzear baitzegoen. Geroztik, ingurumen-proiektua garatu du, bertako biztanleen bizi-baldintzak hobetzen arreta jarriz, azken finean, gizartea eta natura eskutik helduta aurrera joan behar dutelako.
Premios Rolex

- - -

*Irudia: Rolex

Anita Studerren abentura Brasilen hasi zen, duela 41 urte. Orduan ornitologian graduatu berria zen, eta doktorego-tesia egin behar zuen. Forbeseko zozoa (Anumara forbesi) hartu zuen aztergai eta gertutik ikertu nahi zuen; beraz, tesi-zuzendariarekin batera, Europatik atera zen (bera suitzarra da eta Frantziako Nantes unibertsitatean ikasketak burutu zituen), eta Brasilgo Atlantiko oihanerantz, Pedra Talhadarantz.

Laster ikusi zuen bizi-bizi aritu behar zuela, basoa desagertzear baitzegoen, eta horrekin aztertu behar zuen zozoa. Eta ondorio bat atera zuen: hegaztia lasai ederrean ikertzeko, beharrezkoa zen oihana salbatu. Buru belarri hasi zen helburu horretan, bertakoek “Gringo eroa” izengoitia jartzen zioten bitartean.

Kostata ibili zen hasiera. Lurralde hartako biztanleek abeltzaintzan eta azukre-kanaberetan ogibide zeukaten eta basoa oztopo besterik ez zen lantzeko lurra gero eta handiago izan zedin. Horrez gain, ez ziren lurzoruen jabeak, horregatik gutxi inporta zitzaien zer gertatzen zen zuhaitzekin, animaliekin, edo.

Beste kezka handiago batzuk zeuzkaten, eskola edo zerbitzuen beharra, esaerako. Anitak argi eta garbi ikusi zuen proiektu ekologiko bat ez ezik, gizartea eraldatzeko beste proiektu  bat ere garatu behar zuela.

Hori dela eta, hauteskunde-kanpaina betean, alkate lanposturako aurkezten zenari proposamen bat luzatu zion. Anitak eskola bat eraikitzeko hitzarmena hartzen zuen (alkateari boto asko ziurtatuko zizkionak ), hark zonaldeko gainontzeko alkateek Pedra Talhada oihana zaintzeko konpromisua hartzen lortzen bazuen. Gizonak baietz esan zion, hauteskundeak irabazi zituen, eta, horren ondorioz, eskola eraikitzeko behar zuen dirua bilatzen hasi zen Anita.

Horren helburuz Nordesta GKEa sortu zuen 1985ean. Eremu tropikaletako basoa berritzeko eta landa-populazioen bizi-baldintzak hobetzeko asmoa zuen.

Elkarte horrek bildutako diruari esker, eskola eraiki zen. Horrekin lotuta ingurumen-hezkuntza programa bat abian jarri zen.

Baina basoa zaintzeko premia zuen Anitak, egiten ari zen denak horri zuzenduta baitzegoen. Eta bide hortik jarraitu zuen. Lehenik eta behin herriko hamabost gizon hartu zituen zuhaitzak landatzeko. Pedra Talhada oihana zatika zegoen eta zatiak lotu nahi zituen eremu zabal bat sortzeko helburuz. Eta lortu zuen. Baso berri hura erreserba ofizial da gaur egun.

Irudia: https://nordesta.org/

Hurrengo pausoa, lekuko biztanleengan basoa zaintzeko beharra piztu nahi izan zuen. Horretarako ura kontserbatzeko garraintzian jarri zuen arreta. Zuhaitzek ura atxikitzen dutenez, eta bertako basoan 169 iturburu daudenez, 300.000 pertsonari edaten ematen dietenak, zeuden zuhaitzak mimatu behar zituztela eta zuhaitz gehiago landatzeko beharra zegoela errepikatu zuen etengabean jendeak mezua barneratu zezan.

Anitaren eragina sumatzen da orain Pedra Thaladan. Alde batetik, ehun barietate desberdinetako zortzi milioi zuhaitz aldatu direlako; beste alde batetik, lehen basoan bizi ziren 300 hegaztiak, hamar aldiz gehiago direlako orain. Eta, inportantearena, bertako biztanleek basoa salbatzea aukerarik onena dela uste dutelako.

Azkenik lortu du, bai. Eta nola? Hasiera-hasieratik ikusi zuen ingurumena babesteko jarduerak garatzeaz gain, pertsonen bizitzen baldintzak hobetzen lan egitea beharrezkoa zela ohartu zen, eta, horretarako, etxeko ekonomietan diru-iturri berri jasangarriak sortu behar zirela. Gizarteak basoa arazo bat ez zela ikusi behar zuen, eta bai bizibidea.

Ingurumen-hezkuntza, erlezaintza, nekazaritza eta basogintza… Guzti horretan dago oinarrituta, gaur egun, haien ekonomia.

Anitak Ekimenaren Rolex Saria irabazi zuen 1990ean; «Ohorezko Herritarra» saria jaso zuen, Hego Amerikari emandako zerbitzuagatik; eta baita Frantziako Gobernuak Ohorezko Legioaren Zaldun titulua eman zion, 2009an.

Hau ez da kontserbazionista bat aipatzen dugun lehen aldia. Hor ditugu, Hindou Oumarou Ibrahim (hemen irakurri), edo Nemonte Nenquimo (hemen irakurri), baina ez dira bakarrak. Izan ere, beste post batean esan genuen bezala, agian zu ere aktibista izango zara eta oraindik ez dakizu (irakurri hemen).

Iturriak:

https://www.nationalgeographic.com/science/article/anita-studer-explorer-moments-Brazil-trees

https://www.rolex.org/es/rolex-awards/milestones/environment/anita-studer

https://www.rolex.org/es/rolex-awards/environment/anita-studer

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.