Posted

Areatzeko resorteko “Do not disturb” kartela

Iruñerriko Mankomunitateak intsektuentzako hotel bat kokatu du Areatzeko meandroan, Uharten, erle bakartia ostatatzeko. Espezie hori, hain zuzen, gainbehera dago, nagusiki ekosistemak galtzen ari direlako eta gizakiok pestizidak erabiltzen ditugulako. Instalazioaren xedea da behaketa, azterketa eta ingurumen-heziketa. Eta oso harrera ona izan du; izan ere, kokatu zen lehenbiziko egunetik, Osmia spp erlearen zenbait banakok, erle bakarti igeltseroen emeek, polena eta nektarra garraiatu zuten hoteleko hutsune desberdinetara eta gero zigilatu egin zituzten, etorkizuneko belaunaldia hartzeko.

- - - - -

Nazio Batuen Erakundeak maiatzaren 20a Erleen Mundu Egun izendatu zuen 2017an, polinizatzaileen garrantziaren, polinizatzaile horiek aurrez aurre dituzten mehatxuen eta garapen iraunkorrerako egiten duten ekarpenaren gainean kontzientzia harrarazteko publikoari.

Beste post batean azaltzen genuen bezala (hemen irakurri) aspaldiko garaietatik gizakiak lotura berezia izan du intsektu polinizatzaile txiki hauekin, zeintzuek beti elikagaia eta argia eman izan diguten. Izan ere, erleen lanari esker, mundu osoko elikagai-laboreen %75 baino gehiago emankorrak dira.

Hala eta guztiz ere, garrantzi hori gorabehera, eta FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak ematen dituen datuen arabera, egun, polinizatzaile ornogabeen %35 ia –bereziki, erleak eta tximeletak– eta polinizatzaile ornodunen %17 inguru –besteak beste, saguzarrak– galzorian daude mundu osoan.

Eta horrek kalte zuzena egiten dio gizakiari, espezie guztiak elkarrekin erlazionatuta baikaude.

Horregatik du garrantzi berezia ingurumen-heziketak eta sentsibilizazioak, gero eta jakitunago izateko natura kontserbatzeak duen garrantziaz eta natura-baliabideak zeinen mugatuak diren.

Dena den, arlo honetan onartu behar da animalien talde batzuk beste batzuk baino ezagunagoak direla eta, beharbada, intsektuak eta kidekoak ezezagunenetakoak direla, horrek berekin dakarren guztiarekin. Ezagutzen ez duguna ez dugu errespetatzen eta ez gara kontserbatzeaz arduratzen.

Adibidez, badakizue Iberiar penintsulan erle bakartien 1.000 espezie baino gehiago daudela eta polinizazioan laguntzen dutela, eta, horrenbestez, fruituen ernetzean eta landare-espezie ugariren emankortasunean? Landarek-espezie horietako batzuk ikaragarri garrantzitsuak dira giza kontsumorako, esate baterako, frutak eta barazkiak.

Eta hori herritarrek, oro har, ez dakiten bitxikeria eta informazio erabilgarrietako bat da. Eta errealitate honen gaineko kontzientzia hartzeak bultzatu du Iruñerriko Mankomunitatea intsektuentzako hotel bat kokatzera Areatzeko meandroan, Uharten, lehengoratzen eta naturalizatzen ari den garai bateko zabortegi batean (+INFO).

Areatzeko intsektuentzako hotela zuhaitz lehorren espezieen zati desberdinek, banbu-hodiek eta barraskiloen oskolek osatzen dute.

Hotela erle bakartia ostatatzeko kokatu eta diseinatu da. Espezie hori, hain zuzen, gainbehera dago azken urteetan, nagusiki ekosistemak galtzen ari direlako eta gizakiok pestizidak erabiltzen ditugulako. Instalazioaren xedea da behaketa, azterketa eta ingurumen-heziketa. Eta oso harrera ona izan du; izan ere, kokatu zen lehenbiziko egunetik, Osmia spp erlearen zenbait banakok, erle bakarti igeltseroen emeek, polena eta nektarra garraiatu zuten hoteleko hutsune desberdinetara eta gero zigilatu egin zituzten, espezie horretako etorkizuneko belaunaldia hartzeko.

https://www.youtube.com/watch?v=EYWgt5NKhiY&t=7s

Erleen talde hori espezie desberdinetako hainbat eta hainbat lore bisitatzeko gai da, oso modu aktiboan lagunduz haien polinizazioan. Scopa edo polen-eskuila izena duen organo iletsu batekin polena garraiatzeko gauza dira, zeina abdomenaren beheko aldean kokatuta dagoen. Arrautza kokatuko duen hoteleko hutsunea betetzeko, 100 lore inguru bisitatzeko gai da, polena eta nektarra biltzeko eta, hartara, hurrengo belaunaldiko banako berria udaberrian eta udan elikatu ahal izateko.

Udazkenean, intsektu txikiak, helduak izanik, zain egongo dira babeslekuan hurrengo udaberria iritsi arte. Orduan, hutsuneetatik aterako dira eta beste polinizazio batean, eta, beraz, erle bakartien beste belaunaldi bat sortzean lagunduko dute.

Osmia spp, scopa edo polen-eskuila polenez beteta duela, eguzkitan jarrita, hazkuntzarako ganberara sartu aurretik.

Hotel hori eta bere inguruan egiten duen lana ezagutarazteko, Mancoeducak, Iruñerriko Mankomunitatearen ingurumen-hezkuntzako programak komunikazio-kanpaina bat jarri zuen abian. Inmobiliaria agentzia bat izango balitz bezala, haren produktuaren ontasunak iragartzen hasi zen: behar “Polinizatzeaz nekatuta?”, “Etxe berri bat zure larbentzat”, “Adi harraparitza-arauei”… Hauek dira bidali ziren mezuetako batzuk.

Esteka hauetan ikus daitezke kanpainan argitaratutako irudiak eta mezuak:

 

Era berean, Gabriel Berasateguik, Ornitolan Servicios Ambientales enpresakoak eta eraikuntzaren egileetako batek, goian txertatutako bideoa grabatu zuen. Bertan, horrelako ekintzen garrantzia azaltzen da. Eta hori guztia webgune batean sartu da.

Horrez gain, komik tira bat egin genuen eta sareetan jarri genuen:

Erleei buruz gehiago jakin nahi baduzu, baliteke bideo hau gustuko izatea.

https://www.youtube.com/watch?v=ImYajxRQdWM

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.