Aurreko argitalpen batean, “Merkataritza elektronikoaren aztarna mamua”, online merkataritzak izan duen goraldi handiaz hitz egin genuen. Horrek onura handiak ekartzen zituen, bezeroen erosotasunari dagokionez, baina baita kalte handiak ere, besteak beste, ingurumenerako: karbono-aztarna emendatzea, zirkulazioa areagotzea hirietan, eta bai “azken miliaren” kutsadura ere, banaketa-gunetik etxebizitzara edo beste edozein helmugatara dagoen ibilbidearena.
Azken alderdi horretan jartzen badugu arreta, “azken miliaren” alderdian, ondorio kaltegarrien artean, aipatu behar ditugu hartzailea ez dagoelako huts egindako emate-saiakerak eta horien ondoriozko joan-etorrien kopurua emendatzea, CO2 gasen isurpenetan zuzenean eragiten duena, eta bai horrek hirian mugitzeko berekin ekartzen dituen zailtasunak ere. Era berean, egiten diren lau eskaeratatik bat itzuli egiten dela aintzat hartuta, poluzio- eta zirkulazio-ondorio berberak aurkitzen ditugu emate-prozesuan.
Ez dago zalantzarik doako itzulketek erraztu egiten dietela erosketa online bezeroei, batez ere modaren sektorean. Are gehiago, salmentarako argudio bat gehiago bihurtu dira. Baina ba al dakigu zer gertatzen den erosten dugun guztiarekin? Eta horrek berekin dakartzan ondorioak zein diren?
Bidaien karbono-aztarnaz eta zirkulazioko auto-pilaketez hitz egin dugu. Orain, hondakinak sortzean jarriko dugu arreta, itzultzen denaren %10 zuzenean bota egiten baita.
Marka guztiek egiaztatzen dute itzulitako jantziek salmentaren zirkuitura itzuli ahal izateko beharrezkoak diren kalitate-baldintzak betetzen dituztela. Joateko bidaiak eta itzultzekoak, ordea, produktua degradatzen du eta, zenbaitetan, gainera, berriro saldu ahal izatea ezinezkoa izaten da.
Beste batzuetan, itzulketen arazoa marka saltzaileek sobera duten stockarekin gurutzatzen da, eta, hartara, soberakina amaitzeko, zaborraren kamioia baliatzen da.
Ildo horretatik, 2016an, Mashable webgune espezializatuak kaleratu zuen soil-soilik Ameriketako Estatu Batuetan itzulketen ondorioz urtero botatako arroparen kopurua hondakinen 220.000 kamioi betetzearen baliokidea zela. Eta bost urte joan dira geroztik, gure kontsumo-ohiturak aldatzea ekarri duen pandemia bat tarteko…
Europan egoera bestelakoa da, zenbait herrialdetan, esate baterako, Frantzian, lege bat baitago, saldu ez den eta elikadurakoa ez den edozein gai suntsitzea debekatzen duena.
Hala ere, arazoa ez dago konponduta, itzulketen kudeaketak galera handiak ekartzen baitizkie enpresa batzuei. Hala, enpresa batzuek, adibidez, Amazonek, batzuetan eskaintzen dute produktuaren prezioa itzultzea, baina produktua jaso gabe. Hori tiket baxuen edo pieza handien kasuan gertatzen da, produktua bera baino garestiagoa den garraioa eskatzen baitute.
Jantziak garbitu behar izatea edo akats txikiak konpontzea ere gastu handia izaten da, bai giza baliabideei eta bai baliabide teknikoei dagokienez, eta, ondorioz, enpresa batzuek nahiago izaten dute berri moduan erabiltzerik izango ez duten produktuak likidazio-enpresei oparitzea. Ez da harritzekoa, beraz, pieza horiek zuzenean outlet batera edo antzeko batera iristea.
Horrenbestez, ikusten den moduan, itzulketen gaiak, jardunbide errazekoa bada ere, konponbide korapilatsuko ondorioak ekartzen ditu berekin. Erosteak ez zuen eskatu orain arte inoiz halako ardura.
Utzi erantzuna