Posted

Ekoartea: ekologia sakoneko abentura arte-museo batean

Nork esan zuen natura eta artea gauza desberdinak direla? Mancoeducak eta Nafarroako Unibertsitatearen Museoak formula bat garatu dute, bi diziplina horiek hizkuntza bera hitz egiteko eta mezu bera helarazteko. Ekoartearen asmoa da gure jokabideek ingurumenarekiko duten garrantziari buruz sentsibilizatzea, artearen bidez.

- - - - - - - - - - - -

Astelehenetan, Nafarroako Unibertsitatearen Museoa itxita egoten da. Baina gaur ateak zabaldu ditu. Eta arrazoi berezi batengatik izan da. Iruñerriko ikasleek, bai Lehen Hezkuntzakoek eta bai Bigarren Hezkuntzakoek ere, Ekoartea izeneko jardueran parte hartzeko aukera dute, arte-museo batean garatzen den ekologia sakoneko abentura batean. Mancoeduca, Iruñerriko Mankomunitateko ingurumen-heziketarako programa, eta Nafarroako Unibertsitatearen Museoa bera dira abian jarri dutenak, eta Nafarroako Unibertsitatearen Zientzien Museoaren lankidetza izan dute.

Bere asmoa da gure jokabideek ingurumenarekiko duten garrantziari buruz sentsibilizatzea, artearen bidez, eta, ingurumenari dagokionez, jokabide arduratsuak sustatzea, era globalean, konpromiso zehatzen bitartez.

Eskuarki ikastetxean elkarri eskua ematen ez dioten bi lan-ildo batzen direnez ekimen honetan, hau da, ingurumena eta artea, bertaratutakoei harrera egin eta gero galdera batzuk egiten dira, jarduerari testuingurua emateko: “Ba al dakizue non gauden? Egon al zarete inoiz museo batean?”.

Aurpegi asko geldirik gelditzen dira, begiak zabal-zabal eginda, oso ongi ulertu gabe eta zer gertatuko den zain. Ahots batek isiltasuna urratu du: “Gaur, ingurumena nola zaindu landuko dugu, oso berezia den zerbaiten bidez: artearen bidez. Gure begiradaren bidez ezagutzen dugu, eta, hortaz, trebatu egingo dugu, oso erne egoteko”. Bada ulertu gabe jarraitzen duenik, baina ez du axola, bizkarrari eragin dio eta bere burua eramaten utzi du. Hortxe hasi da abentura.

Talde handia Museoko langileen esku jarri da, eta haiek ikasleak elkarri begiratzera gonbidatu dituzte, bikoteka jarrita, ikaskideari “eskanerra” eginez. Neska-mutilek bira eman dute aldaketa bat egiteko beren itxuran eta gero elkarri begiratu diote berriz, aldaketa hori zein izan den asmatu nahian. Dibertigarria da.

Gero, oraingoan eserita eta aurpegietan mozorroa jarrita, hezitzaileek beren barnean begiratzera eta naturalarekin dugun lotura ikustera gonbidatu dituzte. Hori ez dute oso ongi ulertu, baina arreta jarri dute azalpenean, beren arnasan arreta jartzeko oharretan, beren gorputzean, esan dutenez, “% 70 ura den gorputz horretan”. Arnasketa sakonak egin behar dira, geldo-geldo arnasa hartzen eta botatzen. Irauteko arnasa hartzea eta ura edatea behar dugula ohartarazteko. Beste arnasketa-segida bat egin eta dena prest dago jarraitzeko.

Gero, dinamika honen ondoren, ikasleak bi taldetan banatu dira. Eta haietako bakoitza areto batera joan da, Museoko eta Mancoeducako arduradunek lagunduta. Eta hala abiatu dira bi ibilbide, aldi berean, baina alderantzizko hurrenkeran.

Lehen taldea Irijalbaren Pahoehoe lana, Gonnorden Armando II lana eta Tàpiesen Composició amb Cistella lana dauden aretora sartu da.

Bigarren taldea lurpeko biltegira bideratu da, eta gero, Palazueloren El número y las aguas lana lantzeko areto batera.

Ez talde batek ez eta besteak ere ez daki zer ikusiko duen, zer egingo duen. Ez dakite haiekin doazen helduek ingurumenarekiko begirada desberdinak jorratu nahi dituztela, edo ekologia sakonaren kontzeptuaren sarrera egin nahi dutela: berdintasuna gizakien eta gainerako izaki naturalen artean (ez ustiatzea, aztarna ekologikoa txikiagotzea…). Baina ez zaie axola. Komunikatzeko beste modu batera leihoa irekitzen duten hormek beren burua liluratzen uzten dute. Beren buruak aski zabalik daude aurreiritzirik ez edukitzeko, harridura sortzeko.

Lehen taldea Irijalbaren Pahoehoe lanera iritsi da, arroka bolkaniko bat, lurzorua eta landare-elementuak (garoa) irudikatzen dituen argazki batera.

“Argazki hau nafar artista batena da, eta biziaren hasierari egiten dio erretratua, begirada jarrita lurzoruaren eta natura zaintzearen garrantzian, txikienaren garrantzian, jaio berri denaren garrantzian”, esan die haiekin dabilen Museoko pertsonak. Jarraian, Mancoeducako hezitzaileak galdetu die ea badagoen bizirik sumendi batean. Eta gero azaldu die badirela arroka eta ur bolkanikoetan bizi diren mikroorganismoak, tenperatura bero-beroak jasanez: “Laba-kolada honen gainean garo-kimu txikiek aurrera nola egiten duten ikusten dugu. Nola lortuko zuten han haztea? Euria lur emankorra uzten joango zen, baliteke haziak hegaztiren gorotzetan iritsi izana, zenbait ernamuindu izana eta hazten hasi izana”.

Azalpena gogoeta baten atarikoa baino ez da, egiten diren galderen erantzunak biltzearen emaitza. Denak ikasleen esperientziarekin lotuta daude; gertukoa eta egunerokoa lantzen; bizidunari eta bizigabeari buruz hitz egiten, arrokei eta izaki bizidunei buruz: Zer behar duzu bizitzeko? Nola iraun dezake bizirik garo horrek arrokaren gainean? Ez du behar garo horrek gizaki batek behar duen gauza berbera, ala bai?

Galderak aletzen doazen neurrian, irudi batzuk erakutsi dira, naturako izakien eta gizakion bizirako ezinbestekoak diren elementuak aukeratzen joan dadin taldea (janaria, ura, jantzia, babeslekua edo etxea, eguzkia…), eta bai hain beharrezkoak ez diren beste elementu batzuk ere baina jada haiek gabe bizitzen ez dakigunak (auto bat mugiarazteko energia, argindarra, sakelako bat…). Zerez eginda daude elementu horiek, zerezkoak dira? Nondik erauzten edo ateratzen dira? Zenbat irauten digute? Baliabideak erauzi eta ustiatzeari buruz hitz egiteko eta hurrengo lanean arreta jartzeko aitzakia da hori: Pierre Gonnord “arimaren argazkilariaren” Armando II lana.

Galdera gehiago. Zer esan nahi digu egileak? Zein emozio helarazten ditu haren begiradak? Eta gero erabakigarria iritsi da: zer esan nahi du ustiatzeak eta ustiapenak?

Galdera ez da airean gelditu, hitz desberdinak eta “ustiatu” hitzaren azalpenak dituzten txartelak banatu baitira. Argazkiari begiratuta, irudiarekin lotuen dauden hitzak aukeratuko dituzte. Zer ari da ustiatzen meatzaria? Bera esplotatua izaten ari da? Zein emozio adierazten ditu bere aurpegiak? Zer sentiarazten dizu? Lur planetak sentimendurik balu, nola sentituko litzateke bertatik materialak erauzi edo ateratzen ditugunean? Pozik egongo litzateke partekatzeagatik eta guri laguntzeagatik? Baina, eta gehiegi erauzten badugu?

Ikasleen buruak ulertzen eta erantzuten saiatzen dira, natura-baliabideen eskasiaren eta ustiapenaren gaian sakontzen duten bitartean.

Gero, ondorio moduan, Composició amb Cistella lanean jarri dute arreta, gehiegi ez ustiatzeko zer egin behar den galderari erantzuteko.

Antoni Tàpies lan horren egileak objektu artistikoak sortzen zituen material “pobreekin”, itxura batean baliorik ez zutenekin. Ikus-entzuleen pertzepzioarekin eta haien aurreiritziekin jolasten zen. Aztertu beharreko lana kutxa hiperrealista bat da, kartoizkoa dirudiena, baina, egiatan, brontzezkoa dena eta 600 kilogramoko baino gehiagoko pisua duena.

Ondoan, hezitzaileak benetan kartoizkoa den kutxa bat erakutsi du. Zein da kutxa horren eta Tàpiesen kutxaren arteko aldea? Zeinek iraungo du gehiago? Zein da erabilgarriagoa gure eguneroko bizimodurako? Paperezko kutxa baten zikloa azaltzen duten txartel desberdinak banatu ditu (zuhaitza, zelulosa-orea egiteko lantegia, kartoia egitea, kartoia kutxa bihurtzea, kutxa erabiltzea, papera eta kartoia botatzeko edukiontzian botatzea, eta berriro ere zelulosa-orea egitea harekin).

Ziklo hori lerro-forman eszenifikatu da (pertsona bakoitza lerro batean jarri da bere txartelarekin), eta gero, zirkulu-forman. Zer izango da hobea naturako? Zer izango da hobea gizakiontzat?

Hori guztia gertatu den bitartean, bigarren taldea bere esperientziak izaten ari da beste toki batean. Haren ibilbidea lurpean hasi da, Museoaren sekretuak gordetzen diren tokian. Han, Carlos Irijalbaren beste lan batek, Twilight izena duenak, errealitatea ezagutu nahi du argi artifizialaren bidez eskala handian.

Lanari buruzko azalpen egokiaren ondoren, hausnarketaren unea iritsi da. Horretarako, Irati oihanean bizi diren animalien gaineko galderak egin dira, eta, ondoren, saguzarren, ipurtargien, hontzen, apo-hotzen edo gau-hotzen, apoen eta sitsen argazkiak banatu dira. Inoiz entzun dituzu? Non zeunden entzun zenituenean? Zer gertatzen da argi bat pizten bada basoan? Zer sentituko dute esnarazi diren animalia horiek? Eta iluntasuna nahi zutenek eta argiak itsututa daudenek? Zer gertatuko da hirietan bizi diren animaliekin? Naturan baleude izango zituzten ziklo berberak izango dituzte?

Nerabeak eta txikiak pentsakor gelditu dira. Ulertzen dituzten egoerak dira, baina inoiz ez dira aritu horretaz hausnartzen. Natura-ingurune batean irudikatu dituzten bonbillak itzaltzen doaz.

Eta amaitzeko, Pablo Palazueloren El número y las aguas lanari egingo diote aurre. Artista abstraktu bat da, eta bere arteak geometria eta natura konbinatzen ditu. Ordena eta ordenarik eza naturan.

Arte abstraktua da, zaila da ezer ikustea bertan. Baina hala ere… Parte-hartzaile bakoitzak hodi bat du, tanta bat duena, eta behatu egiten dio. Mugitu egiten du, tantari erreparatzen dio, zer esan nahi duen galdetzen dio bere buruari. “Tanta bakoitzak egiten du ozeanoa”, esan du monitoreak.

Eta gero izaki bizidunen oinarrizko premiei buruz hitz egiten hasi da. “Gure gorputzaren % 70 ura da. Bizirik irauteko behar dugu. Pentsa dezagun uraren erabileretan”.

Hoditxoko tanta begien bistatik galdu gabe, taldeak lanari ere begiratu dio. Zertan dira berdin? Zertan datoz bat? Monitoreak eman die gakoa: “Figura indibidual batean eta multzoan jar dezagun arreta. Gure tantak bezala, zeinak bakarka txikiak eta baliogabeak diren, baina elkarrekin zentzua hartzen duten eta ozeano bat egiten duten, margolanean lerroek ere figurak eratzen dituzte eta konposizio bat”.

Egia da. Eta abstraktuak hain abstraktu izateari uzten dio.

Ondoren, begiradak intsektu makilan gelditu dira. “Ba al du aurrean dugun margolaneko formetakoren baten antzik? –galdetu du hezitzaileak–. Ikusi al dugu intsektu horietakoren bat naturan? Haiek ikusteko, arreta handi-handia jarri behar da, adarren itxura baitute, eta arreta handiarekin erreparatzen badiegu baino ezin gara ohartu animaliak direla eta ez landare baten zatiak. Margolan honetan bezala, arretaz begiratzen diogunean baino ez gara konturatzen elementu bakoitza desberdina dela”. Aa, hortaz, hori zen… Taldeak baiezkoa eman du. Aurrean duen margolanak zentzu berria hartu du.

Bi ibilbideak amaitutakoan, taldeak elkartu egin dira eta lantegira igo dira. Han, bakoitzak bere tanta lainoztagailua duen botila batera isuri du. Multzoaren zentzua sinbolizatu nahi da horrekin, herritartasunarena norbanakoaren aurrean. “Gogoan izan ezazue gutako bakoitzak gauzak txikiak egin ditzakegula, gero handiagoak diren beste batzuetan eragina dutenak. Hori dela-eta, ahalmen handikoak eta eraldatzaileak izan daitezke”, azaldu dute jarduera gidatu duten hezitzaileek. Jarraian, hasierako garoa pitin bat lainoztatzera bultzatu dituzte bertan daudenak, zainketen eta naturarekin lotura izatearen zirkulua ixteko hala.

Eta jarduera amaitzeko, tailer praktiko bat egin da, non ikasleek modu plastikoan irudikatu duten beren gain hartu dituzten edo hemendik aurrera hartuko dituzten ingurumen-konpromisoak.

MUN eta Mancoeducaren arteko beste jarduera batzuk ezagutu nahi badituzu:

Naturatik artera

Oinez ibiltzea inspiraziotzat hartua

Vik Muniz, arte-lan ezagunak haren ikuspuntutik berreginak

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.