Posted

“Etorkizuneko belaunaldiei utziko diegun herentzia natura-ingurunea da”

Rita Míguez de la Iglesia ANMUPESCA Arrantzako Emakumeen Elkarte Nazionalaren lehendakaria da. Horrez gain, galiziarra da, eta, horrenbestez, lekuko zuzena izan da itsaskien hilkortasun handian, klima-aldaketaren ondorioz gertatu denean eta Eguberrietako kanpainak porrot egitea ekarri duenean. Halaber, zuzenean ikusi du plastikozko pinporten isuria, egun Atlantikoko eta Kantauri itsasoko kostaldea suntsitzen ari dena. Harekin hitz egin dugu, bere iritzien berri izateko.

- - - - - - - - - - - -

Arrantzaren jardunaz hitz egiten dugunean, jeneralean, dena ingurune maskulino batean irudikatzen dugu. Emakumeek ez al dute tokirik arlo horretan?

Bai, badute, bai. Izan ere, haietako asko dira ANMUPESCA Arrantzako Emakumeen Elkarte Nazionaleko kideak. 2016an eratu zuten elkartea, eta bere xede nagusia langile horien lanari aitortza egitea, lan hori babestea eta sustatzea da, sektore horrek duen egoera zailari aurre egiteaz gain.

Rita Míguez de la Iglesia elkarte horretako lehendakaria da, eta lagundu ahal dietenen ardurari deia egin dio “arrantzaren arloko emakumeok duintasunez bizitzen jarraitu dezagun gure lanbideei esker eta itsas ingurunea zaintzen jarraitu dezagun eta ez diezaiogun eraso gehiagorik egin”.

Mariscadora gallega

Mariscadora gallega

Ez du ulertzen edo irudikatzen arrantzaren sektorerik gabeko mundu bat, eta sektore hori izugarri errentagarritzat jotzen du. “Arraina propietate askotan aberatsa da, eta elikadura osasungarri eta orekatu baten ardatza da. Gainera, arrantzatik lortzen diren produktuak askotarikoak dira, eta horrek ahalbidetzen digu haiek kontsumitzeko milaka modutan pentsatzea: freskoa, prestatua, kontserban… Izan ere, arrainaren industriaren barnean ez da bakarrik ateratze-sektorea existitzen, eraldatze-sektorea, merkaturatzekoa eta abar ere badaude”.

Eta sektore horretan, emakumeak gauzatzen duen eginkizuna funtsezkoa dela gehitu du: “Beti esan izan dugu emakumeak elikagaiaren prozesu osoan daudela, itsasontziak arrantzara joan ahal izateko aparailuak lantzen dituztenetik arrandegian edo azoketan erosten duten arte, arraina mahai gainean jarri ahal izateko. Emakumeak transbertsalak gara prozesu horretan guztian, eta kasu askotan, protagonistak, gainera, saregileen, itsaski-biltzaileen, lanperna-biltzaileen, batea-langileen, armadoreen, arrain-saltzaileen, eraldatzaileen eta abarren kasuetan, esate baterako”.

Hala eta guztiz ere, eta daukan garrantzia gorabehera, sektorea ez dago unerik onenetako batean. Azaroan ondoko oharra egin zuten: “Eguberri hauetako itsaski-kanpaina galduta dago. Klima-aldaketa hondamena izaten ari da. Katalunian egarriak dauden bitartean, Galizian ia itota gaude hainbeste euri egiteagatik”.

Izan ere, hainbeste euri egiteak berekin ekarri zuen itsasoaren gazitasuna jaistea eta, horrez gain, itsasertza zigortu zuen bere gogortasunarekin. Horri guztiari beste faktore batzuk gehitu zitzaizkion, adibidez, tenperatura berotzea Atlantikoan, kutsadura areagotzea eta ipar-ekialdeko haizea gutxitzea, eta horrek guztiak ura berritzea ezinezko egiten du eta, horrenbestez, espezieak ahuldu egiten dira.

Galdetu genionean ea zergatik ez zen ezer aipatu gaiari buruz hedabideetan, bizkarrari eragin eta “uste dut ez dela interesgarria izango” esatera mugatu zen.

Galiziako Xuntak lanari ekin zion eta Estatuko Gobernuari eskatu zion Galiziako itsasadarrak hondamen-eremutzat hartzeko. Horretarako, Consellería do Mar kontseilaritza MeteoGaliciaren txostenetan oinarritu zen, haietan jasota baitzeuden metro koadroko 1.000 litroko baino gehiagoko prezipitazioak, ohikoak direnak baino % 127 handiagoak. Instituto Tecnolóxico para o Control do Medio Mariño de Galicia (Intecmar) eta Centro de Investigacións Mariñas (CIMA) erakundeek ere egiaztatu zuten, toki batzuetan eta espezie batzuen kasuetan, % 80tik gorako hilkortasuna arrainen eta moluskuen artean.

Hala ere, laguntzak ez ziren iritsi, eta iritsi balira ere, adabakia besterik ez ziren izango. “Behar-beharrekoa da Galiziako Gobernuak ikerketa-bide berrietan inbertitzea; egoera leheneratzeko eta urtez urte ziklikoki ez errepikatzeko tresnak emango dituzten ikerketa-bideetan, hain zuzen”.

Izan ere, klima-aldaketa hondamena eragiten ari da eta erantzun azkarra behar du. “Ura berotzen ari da, eta bertako espezieak hiltzea eta ugaltzeko eta hazteko gauza ere ez izatea eragiten duten espezie inbaditzaileak agertzen dira”.

Arazoaren konponbidea ez da erraza, ordea, “nahiz eta irtenbideak baterakoa edo denen artekoa izan behar duen –uste du Ritak–. Administrazioak liderra izan behar du hasten den bidean, betiere sektoreari eskutik helduta, gu baikara ingurunea ezagutzen dugunak eta hartatik bizi garenak. Zientzialarien komunitateak, gertatzen ari denerako azalpenak dituenak eta gertatzen ari den hau aztertzeko eta indargune bihurtzeko gai denak, lagundu egin behar digu eta gidatu, bai klima-aldaketa bideratzen saiatzeko orduan, eta bai espezie inbaditzaileak geldiarazteko eta gure itsaskiak baldintza berrietara egokitzea lortzeko orduan ere. Eta azkenik, gizarteak kutsatze-ekintza ororen eta gehiegizko kontsumoaren arazoaren jakitun eta arduradun izan behar du. Behingoz jabeturik egon behar dugu natura-ingurunea izango dela etorkizuneko belaunaldiei utziko diegun herentzia eta harekin egiten dugunak ondorioak izango dituela epe laburrera eta luzera”.

Eta egoera ezin zela gehiago okertu zirudienean, “bolatxo zuriak” iritsi ziren, plastikozko pinporten isuria, urtarril hasieran Galiziako itsasertzean erregistratzen hasi zena eta Kantauri itsasoko kostalde osoan zabaldu dena.

“Tamalgarria bene-benetan –aitortu du Ritak–. Izugarri deitoragarria da gertatzen ari den guztia, agerian jartzen baitu itsas ingurunea eta, ondorioz, hartatik bizi garenok zeinen ahulak eta zaurgarriak garen eta zeinen erraza den ingurune horri kalte egitea. Eta ez naiz ari bakarrik arrantzaren industriaz bizi garenoi buruz, baizik eta herritar guztioi buruz, oro har”. Ez dugu ahaztu behar dieta aberats eta osasungarri batean arraina jan beha dugula, une honetan gizakion kutsadura jasan behar duen arraina.

Itsasoan ez dago tokirik hainbeste zikinkeriarako. Eraso egiten ari gara. “Itsas inguruneari entzun egin behar diogu eta harekiko enpatia izan behar dugu, nahiz eta arraroa iruditu esan dudan hau”, adierazi du.

Beharbada, ingurune horrek gure bizitzetan duen garrantziaz ohartuko bagina, ez litzaiguke hain arraroa irudituko.

Itsasoari buruzko gaia interesgarria iruditzen bazaizu, agian artikulo hauek gustuko izango dituzu:

Java, munduko uharterik jendeztatuena, hondoratzen ari da

Ozeano berri bat

Kutsadura akustikoa ozeanoetan

Itsasoaren eta lehorraren artean

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.