Posted

Kutsadura akustikoa ozeanoetan

Tradizionalki beti esan izan da itsas ingurunea mundu isila dela, bertan ez dagoela burrunbarik eta espezieak soinurik egin gabe bizi eta mugitzen direla. Hori ez dela egia badakigu, ordea. Soinu kutsadurak kalte handia eragiten die itsasoan bizi diren animaliei, eta, zenbaitetan, ondorio oso txarrak dituen inpaktua da; izan ere, ozeanoetan, non ia ez den iristen argia, soinua da bizia bermatzen duena.

- - - - - - - - -

Tradizionalki beti esan izan da itsas ingurunea mundu isila dela, bertan ez dagoela burrunbarik eta espezieak soinurik egin gabe bizi eta mugitzen direla.

Hori ez dela egia badakigu, ordea. Aski ezagunak dira izurdeek egiten dituzten txistuak, beren hizkuntza sortzen dutenak, eta bai baleek egiten dituztenak ere. Ugaztun horien espezie bakoitzak kanta bakan bat du, eta haiek identifikatzeko bidea ematen du. Izan ere, duela gutxi balea aholatzaren espezie berri bat katalogatu da, egiten duen hots-seinalearengatik. Mexikoko golkoan izan da, eta 100 alek eratutako talde txiki bat da, gutxi gorabehera. Horrenbestez, galzorian dagoen espeziea da.

Horren harira Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa (UPC) garatzen ari den lana aipatu behar da, naturako soinuen munduko datu-base handiena kudeatzen baitu, barne hartuta itsas arlokoak. Haren arduraduna Michel André da, bioakustikako ikertzaile bat, lanbide-ibilbidea San Frantziskoko estatu-unibertsitatean hasi zuena. 2003an, gobernuaren babesarekin, UPC unibertsitateko Aplikazio Bioakustikoen Laborategia sortu zuen. Geroztik, berak zuzentzen duen taldeak hainbat proiektutan parte hartu du, espedizioetan, nazioarteko itunetan erakunde eta enpresa pribatuekin… Europar Batasunarekin elkarlanean aritzen da ikerketa-lanetan, adibidez, “Blue Nodules” eta “Blue Harvesting” lanetan –urpeko meatzaritza iraunkorra garatzean jartzen dute arreta–, AGESCIC lanean –haize-parkeek itsas espazioetan duten soinu-inpaktua aztertzen du– eta Jonás izenekoan –itsasoko kutsadura akustikoa neurtzen du–. Orain, taldearen erronka handietako bat “Listen to the Poles” programa da (“Poloak entzun”), eta bi poloetan estazio akustiko iraunkorrak kokatzean datza. “Duela oso gutxi arte, gizakion soinu-eragina hautemanezina zen, baina orain, urtzen joatean, itsas bide berriak zabaltzen ari dira eta industria-jardueraren interesa pizten ari da, eta, ondorioz, handiagoa da eragin hori”, zehaztu du.

Puntu honetan, Andrék nabarmendu du egun poloetan dagoen soinu-dibertsitatea biltzea behar-beharrezkoa dela, laster desagertu egingo baita giza jardunaren ondorioz. Edonola ere, ez da giza presentziak eta jarduerak inpaktu handia eragiten duen leku bakarra: “Zenbaitetan, ondorio oso txarrak dituen inpaktua da –gehitu du–; izan ere, ozeanoetan, non ia ez den iristen argia, soinua da bizia bermatzen duena”. 

Gorago adierazi den moduan, zetazeoak oso sentiberak dira hots-seinale horiekiko. Izan ere, itsas zirkulazioaren ondorioz, asko despistatu edo nahasi egiten dira eta hondartuta gelditzen dira kostaldean. “Ingurune kutsatuenetan ere zetazeoak daude –ohartarazi du–, baina horrek ez du beti iraungo, ez baitiegu uzten bizitzen milaka eta milaka urtean egin duten moduan. Espezie askorentzako haustura-puntutik gertu gaude, eta gure belaunaldia horren lekukoa izango da”.

Baina ez dira kutsadura akustikoa jasaten duten itsas animalia bakarrak. Nahiz eta arrain gehienek ez duten entzumen-aparaturik, beren zentzumen-zelulek energia akustikoa hautematen dute, eta, beraz, hori bestelakotzen denean, haren eragina elikadura-ohiturak, mugikortasunekoak, orientaziokoak eta bai ugalketakoak ere aldatzean hautematen da. Ondorioz, arrantza-industriari ere heltzen zaio kaltea.

Horrenbestez, ez da harritzekoa ozeanoetako kutsadura aztertzen aritzen diren nazioarteko erakundeek eta adituek legeria erreklamatzea haren inpaktuak mugatzeko. “Erremediorik ez duten kalteak daude. Neurri zorrotzak hartu behar dira”,  amaitu du Michel Andrék.

2021.eko Uraren Nazioarteko Eguna zela eta post serie bat sortu genuen “Ura zer da zuretzat?” lelopean (#water2me). Hauek izan ziren post honekin batera kaleratutako beste post batzuk (klikatu haien gainean):

  1. 1.- Gure ibaietako oroitzapenak
  2. 2.–Banku-txartelak, ozeanoetako hondakinetatik abiatuta
  3. 3.- Amatxo, egarriak nago
  4. 4.- Itsasoaren eta lehorraren artean
  5. 5.- Nola ereiten dira hodeiak?
  6. 6.- Edaten dugun ura energia iturria bihurtuta
  7. 7.- Nortasun juridikoa ibairako
  8. 8.- Ura funtsezkoa denean norberaren lanerako

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.