Posted

Eugiko uraren kalitatearen kontrola

Kontrolak eta analitikak astero, uretan dauden algen jarraipen estua, edateko on bihurtu aurretiko uraren analisiak egunero eta tenperatura neurtzea. Eugiko urtegia behaketan eta azterketa pean dago etengabe, Iruñerrirako hornikuntza ezin hobea bermatzeko.

- - - - - - - - - - - -

Iruñerriko Mankomunitateak (IM) duen Uraren Osasun Plana eskualdeko horniduraren etengabeko hobekuntzarako jarduketen esparru bat da, uraren kalitatea hondatzeko arriskuak minimizatu eta neutralizatzeko bidea ematen duten jarduketa guztiak jasotzen dituena, hartara, baldintza eta egoera ezin hobean dagoen hornikuntza bat bermatu ahal izateko.

Eugin garatzen diren jarduketak ere plan horren barnean kokatzen dira.

Eugi Iruñerriko ur iturri nagusietako bat da, Arteta eta Itoizekin batera. Urtegi honetan bildutako urari kontrol eta analisi ugari egiten dizkiote astero. Iruñerriko Mankomunitateko Kalitate Kontroleko laborategiko langileek. Laborategi hori arduratzen da laborategiaren kalitatea zaintzeaz, eta ENACek (Entidad Nacional de Acreditación en España) kanpoko auditoriak egiten dizkio beti, edateko uraren analisian gaitasun teknikoa duela egiaztatuz. Gainera, duela gutxi, Re-Ebaluazioko auditoria bat egin da, bere akreditazioari eutsiz eta gaitasun teknikoa bermatuz.

Auditoriak bazterturik utzita, azpiegiturak eskatzen dituen mantentze- eta kontrol-beharrei egin behar die aurre espezialisten taldeak. Adibidez, kontu ezaguna da urtegiek eutrofizazio-arazoak eduki ditzaketela (uraren tenperatura berotzea eta horrek algak eta mantenugaiak ugaritzea ekartzea, adibidez, fosforoa eta nitrogenoa).

Eugiko urtegian, ordea, momentuz eutrofizazioak eragin handirik ez du, pilatuta dagoen ura maiz berritzen delako eta urtegia inguratzen duen baso-inguruneak gai organiko gutxi helarazten dizkiolako (hostoen hondarrak besterik ez, udazkenean erortzen direnean). Gainera, sororik, zereal-sororik eta abar ez egotean, mantenugaien edo fitosanitarioen ekarpenik ere ez dago.

Dena den, erne egon behar da, klima aldaketa intsolazio handiago batekiko esposizioa duten ur-masei eragiten ari zaielako, eta horrek ekartzen du gai organikoen kantitatea handitzea eta, ondorioz, uraren arazketa zorrotzago bat egin behar izatea Urtasunen. Hori dela-eta, hobekuntzak egiten ari dira eta tratamendu gehiago gehitzen, hornitzen den uraren kalitatea bermatzen jarraitzeko.

Bestaldetik, sakoneran tenperatura neurketa ere egiten da astero. Horren arabera ezartzen da, besteak beste, udazkenaren hasieran, urtegiaren hondoko urak husteko egun egokia, termoklina esaten zaionarekin batera egokitzen denean.

Fenomeno hori, termoklinarena, ur-masaren goiko aldea berotzearen ondorio da, eguzkiak udan duen eraginaren ondorioz. Horren eraginez, uren estratifikazioa gertatzen da, goiko ur-geruzak behekoak baino beroagoak baitira. Berotzeak, abuztu-irailean goia jotzen duenak, geruza hotzenean egon ohi diren metal batzuk (burdina eta manganesoa batez ere) disolbagarri bihurtzea eragiten du. Beraz, hustuketa egiten denean, posible da metal horien kantitate handia ezabatzea aise, Urtasun araztegira iritsiko den uraren kalitatea hobetuz eta, ondorioz, ura edangarri bihurtzea erraztuz, erreaktibo gutxiago beharko baititu. Aurreko post batean (irakurri hemen), gai honi buruz hitz egin genuen.

Esan beharra dago metal horiek ez direla kaltegarriak ibairako, ez bertako faunarako, ez florarako. Izan ere, ekintza horren ondoriozko tenperatura- edo emari-aldaketaren ondorioak edozein ekaitzak eragindakoen antzekoak dira.

Nahiz eta hustuketa hori 1991tik egiten den urtero, batzuetan, 2022an bezala, salbuespen bat gertatzen da. Ordukoa pluviometría kontuan hartuta, oso urte atipikoa izan zen, eta bildutako ura zaintzea beharrezkoa zen.

Aipatutako kontrolez gain, 2016an batirometria egin zela gogorarazi behar da; horri esker, urtegia sortu zenetik, bere biltegiratze-ahalmena ez zela murriztu egiaztatu ahal izan zen, beste datu interesgarri batzuez gain.

Eugiri buruz gehiago jakin nahi baduzu, irakur ditzakezu post hauek:

Eugi, Iruñeari edaten ematen dion edalontzia

Eugi Iruñea eta Iruñerria hornitzeko iturriaren oraina

Urpeko ontzi bat Eugi urtegian

“Ura Iruñerrirako 1973z geroztik” infografia

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.