Posted

Nola ikasi artalde bat larreratzen

Gazte-talde batek trashumantziaren sekretuak ezagutu zituen, artalde bat Ezkaba mendira oinez eramaten zuten bitartean. Artalde hori sasiz garbitzen ariko da hilabete batean, eta, hartara, suteen arriskua murriztuko du. Atarrabian, Nafarroan, “ardi suhiltzaile” esaten zaie ardi horiei.

- - - - - - - - -

Aurreko argitalpen batean (hemen irakurri), Atarrabiako ardi suhiltzaileez aritu ginen, mendia garbitu eta suteak ekiditeko erabiltzen ziren horiez.

Orain, San Andres eskaut-taldeak, Atarrabiako Udalak eta Txantrea gaztandegiak trashumantzia labur bat antolatu dute, Nafarroako Gazteriaren Institutuak finantzatuta eta lagunduta. Egitasmo hau Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Aurrekontu Parte-hartzaileen 3 proiektu irabazleetako bat izan zen.

Doako jarduera da, 16 eta 30 urte arteko gazteentzat, artzaintzan aritzen diren pertsonen bizimodua ezagutzeko, transhumantzian arreta jarrita, pixkana galtzen doan lanbidea baita.

Hala, ‘Ikasi artalde bat larreratzen’ proiektuak ekarri du hamabi gaztek transhumantzia batean parte hartu izana, Urrizelkitik Atarrabiaraino (20 bat kilometro), Roberto Urrutiaren 261 ardirekin, eta ogibide hori ezagutzeko aukera eduki izana.

Helburu nagusietako bat izan da artzainaren bizimodua eta lanbidea erakustea, ikuspegi desberdinetatik. Besteak beste, kanpamentua jartzea, arkumeki-gisatua prestatzea eta gaueko zerua azaltzea landu dituzte.

Hain zuzen ere, esperientzia ostiral arratsalde batean hasi zen. Artzainaren ogi-magiak egin zituzten, gero afaltzeko, eta astronomiari buruzko mintzaldi bat egin zuten, astroen eta izarren mapa bati jarraituta orientatzen ikasteko.

 

Hurrengo egunean, 261 ardi latx zituen artaldeak, ahuntz batek eta bi ardi txakurrek bide erdia egin zuten, gazte boluntarioek lagunduta. Egulbatin eman zuten gaua, egunean zehar ikusitako guztia (espezie botanikoak, abereentzako bazkak, eta abar) eta bizi izandakoa errepasatu eta gero.

Azkenean, igandean goizean goiz jaiki behar izan zuten, Atarrabiaraino iristeko. Ardiak Donejakue bidean ibili ziren eta bazkatzen egongo diren mendira iritsi ziren. Hartara, sasiz garbitzeko lan horretan, sute-arriskuak gutxitzen lagunduko dute.

Edonola ere, egun horretan trashumantzia amaitu zen, baina ez proiektua. Ardiek mendian bazkatzen igaroko duten hilabetean, artzainaren ogibidea eta ardiek ingurumenerako ongile moduan duten eginkizuna heziketa-komunitateei eta, oro har, herritarrei gerturatuko zaie, mendira bisitak eginez eta animaliak beren habitat naturalean behatuz.

 

Transhumantzia Nafarroan

Nahiz eta jardunbide hau gainbeheran dagoen, gaur egun oraindik ere artzain transhumante batzuek abelbideak erabiltzen dituzte beren lekualdatzeetarako, hala egitea merkeagoa delako eta artaldeak kamioetan garraiatzeak baino estres gutxiago eragiten dielako ardiei.

Nafarroan, isurialde kantauriarreko transhumantzia eta isurialde mediterranearrekoa bereizi behar dira.

Lehenbizikoan, mendebaldeko Pirinioetako ibarretako (Aezkoa, Luzaide eta Auritz) eta Aralar inguruko mendietako (Araitz bailara) arraza latxeko 10.000 ardi inguru iparralderantz lekualdatzen dira negua iragotzera, bai Frantziako Nafarroa Behereko ibarretara eta bai Gipuzkoako kostaldeko tokietara.

Isurialde mediterranearrean, bi aldaera ditugu:

Beheranzkoa, non ekialdeko Pirinioetako (Erronkari eta Zaraitzu ibarrak) eta Pirinioaurreko (Urraulgoiti) artaldeak mendietatik jaisten diren negua Erriberan eta Bardean igarotzera. 30.000-40.000 abelburu inguru izaten dira, 25 bat artaldetan bilduta.

Goranzkoa, non Erriberako abeltzain batzuk Andia mendilerroko bazkaleku freskoetara igotzen diren udako hilabeteetan.

*Iturriak:

Argazkiak: Aniana Alfaro Nicolás (Nafarroako Gazteriaren Institutoa) eta Atarrabiako udala

Navarra trashumante

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.