Posted

Green-influencerrak edo mundu hobea lortze aldera eragina izateko saiakera

Pandemiaren aurretik herritar ororen ingurumenarekiko sentsibilizazioa handitzen zihoala bazirudien, COVID-19ak eta bere ondorioek argi utzi dute joera hori sendotu eta indartzen ari dela. Beharbada, gure osasuna planetaren osasunaren mende dagoela ulertu dugu. Edo, besterik gabe, natura ez badu errespetatzen giza espezieak galtzeko aukera guztiak dituela ikusi dugu. Bada ondorio horretara gainerakoak baino lehenago iritsi denik, eta bada gure jokaerak inguruan dugun munduan duen garrantziaz gainerakoak kontzientzia harrarazten ahalegintzen denik ere. Green-influencerrak edo ingurumen-aktibistak dira.

- - - - - -

Zientzialari Atomikoen Buletinak* “Apokalipsiaren erlojua” gauerditik 100 segundotara dauka. 2018an, erloju hori egunaren amaieratik bi minututara zeukan, baina oraingoa da bere historian bi minutu baino lehenago jarrita daukan lehenengo aldia.

Argitalpen akademiko horren arabera, gizateriak bi mehatxu handi ditu aurrez aurre: gerra nuklearra eta klima-aldaketa.

Buletinaren lehendakari Rachel Bronsonek jarduteko eskatu die mundu osoko liderrei eta Greta Thunbergen hitzei jaramon egiteko: «Nola ausartzen zarete?».

Eta ez da ozen hitz egin duen talde bakarra. Pandemiaren aurretik nabarmena bazen ingurumenarekiko kontzientzia handitu izana, COVID-19ak eta bere ondorioek indartu egin dute, beharbada, oso argi eta agerian gelditu delako gure osasuna planetaren osasunaren mende dagoela, aurreko argitalpen honetan azaldu genuen moduan.

Agian hori izango da green-influencer esaten zaienen edo ingurumen-aktibisten eragina ere handitu izanaren arrazoia.

Denok dugu gutxi-asko etxean eskolara joateko adinean dugun neska edo mutikoren bat, hondakinak birziklatzen ez baditugu lotsagorritzea ekartzen diguna, eskolan hala egiteko erakutsi baitiote. Oro har, hori izaten da green-influencerrekin izaten dugun lehen harremana, nahiz eta ez garen horretaz ohartzen.

Izan ere, mundua green-influencerrez beteta dago. Are gehiago, pertsona bakoitza izan daiteke ingurumen-aktibista. Cesare Manglioniren ustez –dokumentalen bidez pedagogia egiten duen aktibista, besteak beste, Hondar 2050 dokumentalaren bidez (2020ko Greenpeace International Film Festival jaialdirako hautatua, euskal kostaldean eta Kantauri itsasoan itsas zaborraren arazoari buruz dagoen dokumental bakar moduan) eta La Plastikeríaren bidez–, “denok ematen ditugu iritziak, eta erakusteko edo konbentzitzeko gaitasuna dugu” (2020ko ekainaren 30eko argitalpena) . Aditu horrek ziurtatzen du gure jarrerak edo adibide praktikoak inguruan ditugunei ematen ahal diegun ikasbide onena dela. Eta hori ez dago legeen mende, gizartearen kontzientziaren mende baizik.

Kontzientzia hori ozen hitz egiten duten gazteak ugaritzea ekartzen ari da, adibidez, Greta Thunberg, eta Youtube bezalako kanalak eta beste sare batzuk erabiltzea, iritzia edo ingurumenari buruzko ezagutza emateko.

@2ndfunniestthing protagonista izan zuen elkarrizketan azaldu genuen moduan, zenbait profil, esate baterako, @sinplastico, @planteaenverde, @esturirafi, @nomedalomismo, eta @loquemaspuedo, hainbat eta hainbat ordutan aritzen dira sare sozialetan plastikoaren alternatibak planteatzen, eko bizimodua, zaborrik gabea, erabaki kontzienteak hartzea edo era jasangarrian bidaiatzea, beste gai batzuen artean.  

Gainera, erraza da sareetan hainbat erronka aurkitzea, adibidez, Suediako ‘Köpskam’ mugimenduak proposatzen duena (“erosteko lotsa izatea” esan nahi du), etengabe arropa erosten aritzean jartzen duena arreta eta kontrakoa egitera bultzatzen duena.

Eta bai Britainia Handiko ‘No-Buy Year’ mugimendua ere (“ez erosi urte batean”). Urte batean ezer ez erosteko erronka proposatzen die jarraitzaileei, eta gogoeta egitekoa zerbait berria eskuratzeko orduan, ziur asko, behar dugun guztia gure armairuan egongo baita jada.

Eta horrekin lotuta aurkitzen dugu “100DaysDressChallenge” erronka. Soineko berbera 100 egunean erabiltzean eta jantzi berriren bat estreinatzeko tentaldian ez erortzean datza, zehazki.

Edonola ere, erronka guztiak ez daude ehungintzari lotuta. Adibidez, Proveg Internationalek, 2020ko ekainaren 15a eta 21a artean, haragirik gabeko astea sustatu zuen mundu osoan, abeltzaintzako ustiategi handiek eragiten dituzten CO2 gasen isurpenak gutxitzea lortzeko helburuarekin.

Eta mugikortasunak ere badu bere tokia erronken artean. Adibidez, Ciclosferak antolatutakoa: #30díasenbici. Hilabete oso bat joan-etorriak bizikletaz egiteko eta, bide batez, hirietako airearen kalitatea zaintzeko.

Askoz ere erronka gehiago dago. Eta era berean daude aplikazio “jasangarriak”, jan-edanak alferrik galtzearen kontra borrokatzen direnak (to good, to go) edo zaborra geolokalizatzeko eta zabor hori non sortzen den informazioa edukitzeko (Litterati).

Horiek guztiak kontzientzia hartuta dauden pertsonen saiakerak dira, jarduten ez ezik, ingurukoei egiteko eta pentsatzeko modu bat erakusten ere saiatzen diren pertsonenak, hartara, denen artean, mundu hobea sortzen laguntzeko.

—————————————–

*Zientzialari Atomikoen Buletina argitalpen akademiko bat da, zenbait zientzialarik sortu zutena 1945ean, Ameriketako Estatu Batuek Hiroshiman eta Nagasakin bonba atomikoak jaurti eta handik gutxira. Orduko eta oraingo helburua da komunitate zientifikoari eskatzea herritar orori informazioa emateko mehatxu nuklearrak berekin dakarren arriskuaz, espezie moduan gizakiak bizirik irautea arriskuan jartzen duten beste mehatxu batzuez gain. Mehatxu hori irudikatzeko, “Apokalipsiaren erlojua” erabiltzen dute. Erloju sinboliko horretan, gauerdiraino gelditzen den denborak irudikatzen du gure ekintzaren (edo gelditasunaren) ondorioz aurrez aurre dugun arrisku existentziala.  

Zientzialari Atomikoen Buletinaren egungo zuzendaritza-batzordean 13 Nobel saridun daude.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.