Posted

Hiri-herbarioa, asfaltotik naturarekin berriro konektatzeko era bat

Betidanik sumatu arren, azken bolada honetan naturarekiko harremana estutzeko premia dugu, baita hirietan ere. Marco Ranieri artista italianarraren eskutik Valentzian bizi direnek helburu hori lortzeko aukera ezinhobea dute. Pertsonen eta lekuen arteko lotura enpatiko bat sortu, berrezarri edo berritzea proposatzen du eta horretarako hiriko zirrika guztietan sortzen diren belar txarrak ezagutzera gonbidatzen du jendea. Herbarioak, ibilbide botanikoak, landare gidak eta parte hartzeko proiektuak osatzen dute hark sustatutako "Hiri Herbarioa"

- - - - - -

“National Geographic” aldizkariaren arabera (2020ko azaroa), azken 40 urteetan sortu diren giza gaixotasunen %70 zoonosiak dira, hau da, animaliengandik gizakiongana jauzi egin duten eritasunak. Natura-orekak suntsitzeak, minimoak badira ere, beti ondorioak ekartzen dituenaren adibideak dira hegazti-gripea, SARSa, ebola, txerri-gripea eta, jakina, COVID-19a. Horrenbestez, gure osasuna eta naturarena estu lotuta daudela esan daiteke argi eta garbi.

Agian horregatik izango da hirietan eta hiri-esparruetan berdeguneak sortzeak garrantzi berezia hartu duela, ulertzen baita leku osasuntsuak eta osasungarriak direla, berriro naturarekin konektatzen gaituztenak, baita asfaltoaren edo kalearen erdian ere.

Marco Ranieri artista italiarraren ekimenak lotura estua du berriro konektatze horrekin. Bera Valentzian 2013an sortu zen “Herbario Urbano” izeneko ekimenaren sustatzailea da. Jarduera hori lehenbiziko aldiz Valentziako Ciutat Vella auzoan egin zen, hirietako landaredi espontaneoaren edertasun galkorrarekiko konpromiso-ekintza moduan. Ranieriren hitzetan, “txokoetan, pitzaduretan eta arrakaletan pilatutako lur-pila bakoitzean ernetzen dira landareak gure hirietan. Bizitza gutxien laguntzen duen edozein lekutan. Utzita dauden eta/edo erabiltzen ez diren orubeak biodibertsitateko hotspot bihurtzen dira, eta komunikatzen dituzten kaleek eta guneek korridore ekologiko moduan balio dute, landaredi espontaneorako eta fauna laguntzailearentzat”.

Hartara, premisa horren pean, arreta berezia jarri zuen landare arrotzetan, jeneralean belar txar izen gutxiesgarriaren barnean sartzen direnetan, “tradizionalki haien aurka borrokatzen baita, nahiz eta garrantzi biologiko ikaragarria duten”.   

Ekintza haren bidez parte-hartzaileen eta oinezkoen harridura piztea lortu zuen, ordura arte oharkabean joan zitzaizkien landare-elementu batzuk ikusi eta ezagutu baitzituzten. Arrakasta hain handia izan zen, ezen, jaialdiaren barnean programatutako bisita ofizialetatik kanpo, beste batzuk egin behar izan baitziren, eskatu zituzten partikular eta taldeentzat.

Ekimena, hain zuzen, hau izan zen: zenbait esku-hartze artistiko egin zituen erabiltzen ez ziren orubeetan eta haiek komunikatzen zituzten kaleetan, eta ekosistematikoki esanguratsuak ziren landareak eta hiri-biodibertsitateko hotspot-ak seinalatu ziren. Hartara, deriba artistikoaren eta ingurumen-interpretazioaren arteko ibilbide bat sendotzea lortu zen, barne hartutako kaleetako eta orubeetako hiri-landaredi espontaneoa ezagutzeko bidea eman zuena. Garoak, besteak beste, garaizka arruntak (Adiantum capillus-veneris), krasulazeoak, adibidez, Kalanchoe,  jangarriak diren beste batzuk, adibidez, kardaberak (Sonchus tenerrimus eta Sonchus oleraceus), hormetako tipiko batzuk, esate baterako, murruntza (Cymbalaria muralis) eta horma-belarra (Parietaria judaica) eta eite handiko zuhaitzak, esate baterako, platano arrunta (Platanus hispanica) eta paulownia (Paulownia tomentosa). Tipikoki Mediterraneokoak diren landareak, adibidez, pikondoa (Ficus carica), eta beste batzuk exotikoak, hala nola Nicotiana glauca. 

Beste alde batetik, Las Navesen Inguruak (Frantziako etorbideko garai bateko Jarduketa Integraturako Plana) landaredi espontaneoko lorategi botaniko bat sortu zuen (ibilbide berde bat sortu ahal izan zen, non aurkitutako espezie bakoitzeko ale enblematiko/esanguratsuenak kartelen bidez seinalatu ziren) eta gidaliburu botaniko bat, non landare espontaneoak aztertu, haiei argazkiak egin eta identifikatu egin ziren.

Las Navesen barnean, herbarioa jarri zen erakusgai, eta bai landareen azalpen-fitxa batzuk eta Mobile dispersion points performance-proposamenaren prototipo batzuk ere. Kendu eta jari ahal zien poltsiko txikiak, arropan jartzeko aproposak, landare-elementu biziak hartzen zituzten zaku eramangarriak.

HERBARIO URBANO proiektu artistiko eta ekologikoa beste esku-hartze artistiko batzuek, instalazioek, deribek, ekintzek eta parte hartzeko ibilbide botanikoek osatzen dute. Adibidez,  “La ventana Participativa” izeneko ekimenaren bidez, herritarrak animatzen dira kalean, espaloian, balkoian, txorkoan edo lorategian berez jaio den landare bat ikusten dutenean dokumentuetan jasotzera eta argazki bat bidaltzera helbidearen edo kokalekuaren ondoan, eta, nahi izanez gero, baita aurkikuntza egin duenaren izena ere.

Artista ekologista honek proiektu honetan aurkitzen duen motibazioa da “naturaren esperientzia arte bihurtzea. Elkarrizketa hasi nahi dut ingurunearekin, bere materialekin, agenteekin eta energia sortzaileekin. Horretarako, enpatiaren, biomimesiaren eta interdependentziaren kontzeptuetan sakontzen dut; eta aztertu, berriro interpretatu eta barne sartzen ditut nire proiektuetan dinamika ekosistemikoak, lurraldea eraldatzeko prozesuak eta landareen hazkundeen konplize diren bizi-energiak. Txikiaren, zatikatuaren, iraunkorra ez denaren edertasuna gure bizitzaren beraren metafora moduan ikus daitekeela uste dut”.Zalantzarik ez dago bere lanaren bidez habitat desberdinetarako errespetuzko jarrera helaraztea lortzen duela, zaintzeko jarrera, kontserbatzeko irizpideak eta elkarrekin eboluzioa izateko aukerak garatzeko erne dagoena. “Neure buruari proposatzen diot pertsonen eta lekuen arteko lotura enpatiko bat sortu, berrezarri edo berritzea”, adierazi du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.