Posted

Hondakinak baliabideak dira

Badakizu gai organikoak energia eta konpost bihur daitezkeela? Orduan, zergatik uzten dugu zabortegian lurpera ditzatela eta ez dugu haien ahalmena baliatzen? Iruñerriko Mankomunitateak kanpaina bat jarri du abian, berreskuratutako gai organikoen portzentajea handitzeko eta, hartara, aurrera egiteko ekonomia zirkularrean.

- - - - -

Kalkulatzen da zabortegian lurperatzen den etxebizitzako hondakin-poltsa baten erdia gutxi gorabehera jatorri organikokoa dela. Badakizu gai organikoak energia eta konpost bihur daitezkeela? Horrenbestez, ohartze al gara gai organikoen hondakin horiek dagokien edukiontzira iritsiko balira eta baliabide aprobetxagarri bihurtuko balira irabaziko genukeenaz?

Europa ohartu da, eta bai bera eratzen duten hainbat herrialde eta gure komunitateak ere. Nafarroako Hondakinen Plan Integralak, esate baterako, 2027an gai organikoen %70 berreskuratzeko helburua jasotzen du. 

Iruñerriko Mankomunitateak, Iruñerriko hondakinak kudeatzeaz arduratzen den erakundeak, 2018an proba gisako esperientzia bat, proba pilotu bat, jarri zuen martxan Artika Berrian eta Azpilagañan. Frakzio organikoaren bilketa %52ra iristea lortu zuen haren bidez.

Orain, emaitza on horiek animatuta, proba Iruñerriko auzo eta udalerri gehiagotara hedatu behar du eta edukiontziak elektronikoki zabaltzeko sistema berri bat ezarri behar du, txartel magnetikoaren eta mugikorrerako app-aren bidez irekitzeko.

“Ez ditugu herritarrak zoratu nahi, gauzak erraztu baizik –adierazi du kanpainaren ardura duen taldeak–. Hori dela-eta, lan egin dugu txartelak balio izateko bai edukiontzia irekitzeko eta bai garraio publikoan bidaiatzeko ere; eta, gainera, mugikorrerako aplikazio bat prestatu dugu, ohartu baikara erabiltzaileei eskuarki gertatzen zaizkien arazoetako bat dela txartela (edo giltza) etxean ahazten dutela eta, hortaz, ezin dutela edukiontzia ireki. Mugikorra, ordea, ia beti gainean izaten dugu, eta, beraz, uste dugu arazo hori gutxitu egingo dela”.

Oso laster hasiko da edukiontzi berriak Iruñerriko hiru esparrutan kokatzen, nahiz eta aurreikusita dagoen hiri-eremu osora hedatzea 2023rako. Proiektuaren lehen zatia irail eta azaro artean garatuko da, eta esparru hauetan: Mendillorri, Sarriguren, Zabalgunea eta Beloso. Zehazki, gai organikoetarako edukiontziak (estalki marroia) eta gainerakoen frakziorakoak (estalki grisa) “berrituko dira”. Beste edukiontziak –papera eta kartoia, ontziak, beira eta arropa botatzekoak– lehen bezala erabiltzen jarraituko da.

“Sistema berrira aldatzearen xedea da gaika bereizten diren hondakinen kantitatea handitzea –azaldu dute Mankomunitateko kideek–, baina baita bilketa-zerbitzu erosoagoa eskaintzea ere, etxean hondakinak gaika bereizteko ekintza errazteko. Horretarako, pedal bat jarri dugu edukiontzietan, edukiontzien estalkia goratzea errazagoa izan dadin. Lehenago esan dugun moduan, gainera, uste dugu txartelaren eta app-aren bidez irekitzeko sistemak ekarriko duela oso erosoa izatea hondakinak dagokien edukiontzian botatzea. Horrez gain, aplikazioak norberaren kokalekutik hurbilen dauden edukiontziak dituen mapa erakutsiko du eta sistema berria ezartzearen bilakaerari buruzko informazioa bidaliko du”.

Edukiontziak fisikoki ezartzearekin batera, funtzionamenduari buruzko zalantzak argitzeko eta informazioa emateko kanpaina egingo da, eta bai hondakinen gaian gizalegearen kontra izaten diren jokabide edo praxien gaineko sentsibilizazioa sendotzeko ere (adibidez, tamaina handiko objektuak botata uztea bide publikoan, poltsak edukiontzitik kanpo botata uztea…).   

Nola funtzionatuko du?

Edukiontziak asteko egun guztietan ireki ahal izango dira, txartel elektronikoa edo SIGMA MCP mugikorrerako aplikazioa erabilita. Txartela eta app-a posta helbide bati lotuta egongo dira, eta sistemaren erabilera-datuak erregistratzeko bidea emango dute, etorkizunean hobekuntzak inplementatzeko.

Txartelak eta aplikazioa erabiltzeko baimenak (erabiltzailea eta pasahitza) kanpainako langileek emango dituzte, bai etxebizitzetara eta establezimenduetara egingo dituzten atez ateko bisitetan, bai eta jarriko diren informazio-gune ibiltarietan ere.  

Edukiontzia txartelaren bidez irekitzea

Edukiontziaren ondoan zaudenean, sakatu pizteko botoia, aurreko aldean egongo dena, eta gero gerturatu txartela botoiaren ondoan egongo den sentsorera. Zapaldu pedala estalkia goratzeko, utzi poltsa edukiontziaren barnean eta askatu pedala, estalkia jaisteko.

Txartel hau hiri-garraioko txartela balitz bezala ere erabili ahal izango duzu. Argibide gehiago Herritarren Arretarako Zerbitzuan: mcp@mcp.es edo 948 42 32 42 telefono-zenbakia.

Edukiontzia app-aren bidez irekitzea

Aplikazioa erabili ahal izateko, Google Playtik edo App Storetik deskargatu eta saioa hasi beharko duzu, kanpainako taldeak emango dizkizun baimenak erabilita (erabiltzailea eta pasahitza). Zure erabiltzailea etxebizitza edo establezimendu berbereko beste lau pertsonarekin ere partekatu ahal izango duzu.  

Erabili nahi duzun edukiontziaren ondoan zaudenean, aktibatu mugikorraren bluetooth sistema eta sartu aplikazioan. Edukiontzia hautatu dezakezu haren QR kodea eskaneatuta –aurreko aldean kokatuta egongo da– edo aplikazioaren mapatik. Gero, goratu edukiontziaren estalkia pedala zapalduta, utzi poltsa edukiontziaren barnean eta askatu pedala, estalkia jaisteko.

Ezartzeko faseak

Udazken honetan, lehenbiziko fasea hasiko da, toki hauetan edukiontzi berriak kokatuta:

  • Sarriguren eta Mendillorri (urriaren 18an)
  • Zabalgunea eta Beloso (azaroaren 1ean)
  • Mutiloa, Lezkairu, Arrosadia eta Erripagaña (azaroaren 15ean)

Eta sistema Iruñerriko hiri-eremu osora hedatuko da hurrengo faseetan. Argibide gehiago, hemen.

Bilketa pneumatikoa

Edukiontziak zabaltzeko sistema berriarekin batera, gai organikoak (marroia), gainerakoak (grisa) eta ontziak (horia) bilketa pneumatikoko buzoien bidez biltzeko sistema ere hasiko da martxan, eta Lezkairun, Erripagañan, Mutiloartean eta Arrosadian egongo dira kokatuta. Hortaz, paper eta kartoiaren, beiraren eta arroparen frakzioak dagozkien edukiontzietan biltzen jarraituko da.

Buzoiak irekitzeko, txartela baino ezin izango da erabili. Hortaz, oraingoz ezin izango dira zabaldu mugikorrerako aplikazioarekin.

“Bai Erakundeak eta bai herritarrok egingo dugun ahalegina handia izango da, baina mereziko du. Ez gara esaten ari zabortegian hondakinen bolumena murriztuko dugula eta horrekin gasen isurpena, baizik eta gure hondar alea jarriko dugula hondakinak gaika bereizteak ere ekonomia zirkularrean laguntzeko eta tratamendu-plantetan enpleguak sortzeko”, ondorioztatu dute Mankomunitateko kideek.

Badakizu gai organikoak energia eta konpost bihur daitezkeela? Orduan, zergatik uzten dugu zabortegian lurpera ditzatela eta ez dugu haien ahalmena baliatzen? Iruñerriko Mankomunitateak kanpaina bat jarri du abian, berreskuratutako gai organikoen portzentajea handitzeko eta, hartara, aurrera egiteko ekonomia zirkularrean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.