Posted

Hondakinak gure historiaz mintzo dira

Arkeologiaren arloko profesional batentzat, zabortegi bat, putzu septiko bat edo hondakinak botatzeko balio izan duen beste edozein toki jakintza-iturri da. Izan ere, hondakinak ohiturez, merkataritzez, joerez, sukaldaritzaz, kulturaz… mintzo dira. Nicolás Zuazúa Iruñeko salestarren komentuan egindako arkeologia-lanen arduradunak zabortegi horietatik ateratako aurkikuntzez hitz egin digu.

- - - - - - - - - - - - - - - - - -

“Gozatu egin dugu gure arbasoen hondakinak aztertzen”. Horiek Nicolás Zuazúa arkeologoaren hitzak dira. Trama enpresako langilea da, eta Iruñeko salestarren garai bateko komentuan, etorkizunean Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza izango denean, egindako lagin arkeologikoen arduraduna izan da.

Hiriko hirigune historikoan bertan kokatua, San Zerningo Burguaren hego-mendebaldeko ertzean eta Erdi Aroko harresiari atxikita, orubeak 2.800 metro koadroko azalera du. Bere historian zehar, aduanaren garai bateko etxea (hiritik igarotzen ziren zergak kontrolatzeko garai bateko eraikin publikoa), tabako-eraikina, Armendaritzen jauregia eta etxebizitza partikularrak hartu izan ditu. Baina lurpeak harribitxiak zituen ezkutuan, eta orain agerian gelditu dira. Bai goi-inperioko erromatar hiri bateko nekropoli bat, bai Erdi Aroko artisau-auzo baten hiri-traza, bai putzu septiko ugari ere.

Eta, hain zuzen, putzu horiek izan dira hondakinak haietan lurperatzen ziren garaiko pertsonen eguneroko bizimodua ezagutzeko bidea eman dutenak, “ez baitzegoen haiek eramango zituen zabor-kamioi bat”, azaldu du Zuazúak. Bospasei metro arterainoko sakonera izanik, historian zehar gizartearen bilakaera eta, batik bat, etxebizitzetako erremintak ezagutzeko maila arkeologiko egokietara iristea ahalbidetu dute.

Hala, zenbait plater aurkitu dira, “gehienak txokonak, eta horrek adierazten digu koilara-dieta zela nagusi, ahietan edo eltzekarietan oinarritua”; buztinezko murkoak, “batzuk landugabeak eta beste batzuk arduraz landuak”; portzelanazko piezak, “ez Txinakoa, baina bai fina, eta horrek adierazten du garaiko gustu fina eta merkataritza zabala Espainiako eta Frantziako hiriekin, besteak beste, Talaverako, Alcorako eta Pas-de-Calaisko (Frantzia) piezak aurkitu baititugu, eraikitzeko zeramikaren kasuan”; txokolatea edateko kikarak; beirazko edalontziak, “dotore apainduak loreen motiboekin eta La Granja San Ildefonsoko errege-jauregiaren irudiarekin”; eta etxeko tresnen aukera handia, “esate baterako, kaolinezko pipak, erabilera bakarrekoak zirenak. Hondakinak bizitzaz mintzo dira. Gainera, kasu honetan zorte ikaragarria izan dugu, zenbait pieza osorik aurkitu ditugulako, ezin hobeto zeudenak, eta hori ez baita oso ohikoa izaten mota honetako lanetan”.

Indusketa-lan hauetako beste alderdi oso interesgarri bat pipita edo hazi kopuru handi bat eta maila freatikoa lortu den putzuetako batzuetan aurkitu diren hondar begetalak izan dira. Izan ere, haietako batzuetan, mahatsaren eta gerezien pipita kantitate handiak aurkitu ziren, kontserbatze-egoera on-onean. “Baliteke garrantzi gutxiko hondarra iruditzea –azaldu du Zuazúak–, baina laginak, bereziki mahatsaren pipitenak, CSIC kontseilura bidaliko dira, antzinako mahatsondo-aldaeren genetika aztertzeko Europa mailako azterlan bat egiten ari baitira, eta mota honetako laginak, hain ugariak eta ongi kontserbatuak, eskasak baitira. Hori dela-eta, pentsatzen dugu egon ziren mahats-aldaerei eta haien banaketari buruzko informazio asko eta asko eman dezaketela”.

Horren ildotik, arkeologia-taldeak uste du oso interesgarria dela aurkitutako hezur-hondakinen azterlana, “elikaduraz hitz egiten baitigute hondakin horiek, etxe-abereak, basatiak, arrainen hezurrak, eta abar”.

Ez da Nicolás Zuazúak eta bere taldeak historiaren zaborretan aztarrika egiten duen lehen aldia. “Egia da zenbaitetan muturrez aurrera egin dugula garai desberdinetako hiri-zabortegien eremu handiekin. Adibidez, Iruñeko Orreaga etorbideko aparkaleku handia eraiki zenean, Santiago gazteluaren inguruan zegoen lubanarroaren oso zati zabal bat induskatu zen. Ziudadela eraikitzean, gaztelu horrek erabilgarritasuna galdu zuen eta, ondorioz, eraitsi egin zen. Haren lubanarro ikaragarria, orduan, hiriaren zabortegia izan zen XVII. eta XIX. mendeen artean. Han, lubanarroa lohiz betetzen zihoan neurrian, hondakinen zenbait metro pilatzen joan ziren, geruzaz geruza, eta haietan zeramika-hondakin kantitate handiak, faunarenak eta mota guztietako objektuak aurkitu genituen.

Aurkitu genuen beste zabortegi bat Compañía plazako indusketetan agertu zena izan zen, hori ere Iruñean. Kasu honetan, erromatarren garaikoa zen, eta garai hartako zeramika-kantitate handia atera genuen bertatik.  

Hiriko burgu zaharren artean, bestalde, aurkitu genituen hondakinak Erdi Arotik XVI. mendea arte zihoan denboraldi zabal batekoak ziren. Kale Berriaren kasua, adibidez, oso interesgarria izan zen, garai hartako dokumentazioak berretsi egiten baitzuen indusketak agerian uzten ari zirena. Izan ere, San Zerningo Burguko herritarrek auzitara eraman zituzten San Nikolaskoak, burgu bizilaguneko lubanarrora leihoetatik beren zikinkeriak botatzeaz eta horrek guztiak berekin zekartzan usain txarren, osasungarritasunaren eta lubanarroa lohiz betetzearen arazoez salatuta”.

Argi dago arkeologiaren arloko profesional batentzat, zabortegi bat, putzu septiko bat edo hondakinak botatzeko balio izan duen beste edozein toki jakintza-iturri dela. Izan ere, hondakinak ohiturez, merkataritzez, joerez, sukaldaritzaz, kulturaz… mintzo dira. Eskerrik asko, Nicolás, aurkikuntza horien guztien berri emateagatik!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.