Badakizu erlojuen industrian 38 bat erloju egiten direla segundo bakoitzeko, hau da, ia 1.200 milioi unitate urtean?
Tradizionalki, erlojuen industriak oso kutsagarriak diren materialak erabili izan ditu, hala nola larrua, titanioa eta merkurioa.
Eta bitxien industrian, gauza berbera gertatu izan da: ingurumenerako eta gizakiontzako kostu handia duten lehengaiak erabili izan dira.
Edonola ere, egungo bezeroek informazio gehiago dute eta sentsibilizatuago daude, eta, ondorioz, ekintza zehatzak exijitzen dituzte produktu horiek egiteko prozesuaren iraunkortasunari dagokionez.
Ondorioz, zenbait marka prozesuak eta epe laburrerako helburuak ezartzen ari dira, ingurumen-iraunkortasuna jopuntuan izanda.
Egun, materialak berrerabiltzea nagusitzen hasten ari da, adibidez, beira-zuntza, liho-zuntza, kortxoa, arrantzarako sareak, polietileno birziklatua, kautxua, metal preziatuak eta abar.
Esate baterako, zilar birziklatua bitxigintza ekologiko eta iraunkorraren alternatiba edo aukera bihurtu da, tradiziozko lege-zilarraren aurrean. Bi material horiek antzekoak dira. Era berean landu eta maneiatzen dira, eta bietatik emaitza berberak lortzen dira. Izan ere, alde bakarra jatorrian dago.
Zilar birziklatua bitxien, medikuntzaren, elektronikaren eta oparitarako gaien industriako hondakinek osatuta dago. Europan, ia 250.000 milioi kilogramo zilar daude zokoratuta trastelekuetan, zaborretan eta etxeko txoko zahar eta ahaztuetan, besteak beste.
Eta gauza berbera gertatzen da urrearekin, kobrearekin, paladioarekin, platinoarekin eta beste metal preziatu batzuekin.
Material horien zati bat pantailen elementuetan, telebistetan, etxetresna elektriko txikietan, hozkailuetan eta garbigailuetan harrapatuta gelditzen da. Beste zati handi bat, baztertu eta botatzen ditugun mugikorretan. Milioi bat telefono mugikorretatik 16.000 kilogramo kobre, 350 kilogramo zilar eta 35 kilogramo urre berreskuratu ahal izango lirateke.
Markek ezagutzen dute birziklapenaren ahalmena eta horretarako prestatzen ari dira. Swatch etxeak, adibidez, apustu irmoa egin du iraunkortasunaren alde material birziklatuak erabiliz eta % 100 birziklatuak diren materialekin egindako erloju bat ekoizten du jada.
Pandorak, bere aldetik, bere lantegietako hondakin-material guztien % 88 birziklatu zituen 2019an.
Eta Suitzako Panatere enpresak altzairu birziklatua ekoizteko metodo bat garatu du, erlojuen eta medikuntzaren arloetako lantegietako toki-hondakinak berreskuratuz.
“Tokiko” birziklapena edo 0 kilometrokoa, bai beren lantegietatik datorrena bai eta enpresetatik gertu dagoen geografia-eremutik datorrena, marka handien helburu nagusietako bat bihurtu da, ulertzen baitute ez dela oso iraunkorra milaka kilometrotara dauden lekuetatik garraiatu behar diren material birziklatuak erabiltzea.
Izan ere, isurpenak gutxitzea, bai ekoizpenean bai eta produktuen garraioan ere, gizartearen eskakizunetako bat bihurtu da, eta, horrenbestez, baita erlojuen eta bitxien industrien kezketako bat ere.
Beren karbono-aztarna murrizte aldera, bi industria horiek, 0 kilometroko birziklapenaren alde egiteaz gain, isurpenak konpentsatzearen alde egiten dute.
Pandorak hitzeman du karbono-neutraltasuna lortuko duela eta bere manufakturatze-prozesuetarako % 100 berriztagarriak diren energien mende egongo dela. Horrez gain, Parisko Akordioa hartu du gidari moduan, bere balio-katean zehar berotegi-efektuko gasen isurpenak gutxitzen joateko.
Schaffhausengo erloju-marka batek “Metropolialdeko basoa” finantzatzen du, Madrilen inguruan 77 kilometroko luzera duen baso-gerriko bat sortzera bideratuta.
Eta beste fabrikatzaile batzuek panel fotovoltaikoak kokatzean inbertitzen dute, energia berdea lortzeko.
Material eta ohitura berriak
Argi dagoena da erlojuen eta bitxien industrietan iraultza gertatzen ari dela. Fabrikatze-prozesu berriak, metodologia eta filosofia berriak, eta material berriak.
Hala, errizino-olioa beira-zuntzarekin nahastuta erabiltzen da orain, erlojuen kaxak egiteko; marka batzuk teknologia fotovoltaikoak esploratzen ari dira, erlojuaren mekanismora egokituta, hartara, esferaren azpian instalatuta, energia pilatzea eta pilen kontsumoa gutxitzea ahalbidetzeko; anana-zuntza erlojuen uhalak egiteko erabiltzen da, sugeen azalen larrua ordezteko; eta abar.
Material berriak aurkitzeko esplorazio hori bilgarrien arlora ere iritsi da. Zenbait etxek, adibidez, Flik Flak etxeak, bilgarri tradizionalak ordeztu dituzte eta kartoi birziklatuarekin egindako kutxatilak erabiltzen dituzte. Gogoan izan behar dugu birziklatzen den kartoi tona bakoitzeko 140 litro petrolio eta 5.000 litro ur kontsumitzea eta 900 kilogramo karbono dioxido aireratzea aurrezten dugula.
Eta jarduteko moduen eta joeren biraketa honi guztiari bezeroen pentsamoldea aldatzen doala gehitu behar zaio. Izan ere, bezeroek ikusten dute bigarren eskuko merkatua bide sendoa dela orain arte bere ingurumen-inpaktuan batere pentsatu ez duen industria baten eragin kaltegarriak minimizatzeko. Hala, marka batzuk barne-sailak sortzen ari dira, erloju erabilien eta kalitate-arauen arabera zertifikatuen stockak kudeatzeko.
Horrenbestez, ez da harritzekoa indarreko legeriak eta araudiak arreta jarri izana lehen hain kutsakorra zen eta orain ingurumenarekiko errespetuzkoa eta iraunkorra izan nahi duen industria honetan. 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, adibidez, Europar Batasunak 250 langile baino gehiago dituzten enpresa guztiei exijituko die iraunkortasunaren gaiko informazio korporatiboari buruzko direktiba bat kaleratzeko.
Esaerak dioenez, “denborak bakoitza bere tokian jartzen du”, eta badirudi oraingoan denbora neurtzen duen makineria bera ingurumen-iraunkortasunaren bidean jartzeaz arduratu dela.
Beste produktu batzuen ekoizpen-prozesuetan material berri gehiago ezagutu nahi badituzu, hemen egin dezakezu kontsulta:
Material berriak garai berrietarako
Clint, lehorgailuetako ehun-hondakinetatik ateratako material berria
Ehun berriak, garai berrietarako
*Iturriak:
https://www.marjoya.com/blog/2021/06/12/joyas-y-relojes-sostenibles/
https://stamps.eu/es-es/blog/relojes-ecologicos
National Geographic / el riempo no se detiene para la industria relojera
Utzi erantzuna