Ingurumeneko Europako Agentziak egin duen Europako Klima Arriskuen Lehen Ebaluazioaren arabera, Europa munduko batezbestekoa baino bi aldiz azkarrago ari da berotzen.
Copernicus Klima Aldaketarako Zerbitzuaren arabera (C3S), Europaren historian erregistratutako hilabete beroena 2025eko martxoa izan da.
Halaber, erakundeak nabarmendu du Europako 2024ko uda (ekaina-abuztua) kontinentearen historiako beroena izan zela, batezbesteko historikoa 1,54 gradu zentigradu gainditu zuten tenperaturak izanda, eta, hartara, 2022an ezarrita zegoen errekorra gaindituta.
Eta badirudi joera horrek jarraipena duela urte honetan, ekainaren amaieran eta uztailaren hasieran tenperatura errekorrak erregistratu baitziren zenbait herrialdetan, adibidez, Belgikan, Herbehereetan eta Suitzan.
Muturreko bero hori ondorio zuzenak izaten ari da hirigintzan. Landare gutxiago eta biztanle-dentsitate handiagoa dituzten hiriak zaurgarriagoak dira tenperatura beroekiko, eta horrek estres termikoa eragiten du, akatsak azpiegituretan eta energia-eskaera handitzea.
Belgrad hiria, Serbian, horren adibidea da. Hiriaren erdigunean berdeguneen % 2,83 besterik ez du, eta, hiri inguruko lurraldeen aldean, tenperatura 7 gradu beroagoak erregistratu zituen.
Horrenbestez, aurreikusten da aurrerantzean eraikinak, materialak eta hiri handien fisonomia aldatzen joango dela.
Adibidez, Europaren iparraldeko herrialde askotan, eraikinek leiho handiak izaten dituzte, argi ugari sartzeko neguan. Orain arte, ordea, leiho horiek ez zuten inolako babesik edukitzen argi horren eta horrek eragiten duen beroaren aurrean. Beraz, pentsatzekoa da laster pertsianak edo leiho-oholak ikusten hasiko garela orain arte biluzik egoten ziren leiho horietan.
Kale bat haizea ibiltzen den norabide batean bideratzeak edo eraikinek itzala egitea ahalbidetzen duen nolabaiteko inklinazioarekin diseinatzeak ere ekarriko du kaleak ibilerrazagoak izatea udan.
Hiri askotan, aire zabaleko aisiako tokietan edo pertsona ugari ibiltzen direnetan, ur-xaflak kokatzen ari dira tenperatura leuntzen laguntzeko.
Eta batek daki Mediterraneoko herri kareztatuak, eguzkia islatzeko helburua dutenak, ez ote diren zabalduko baita Erdialdeko Europan ere.
Aireztapen naturala laguntzeko eraikinen orientazio-estrategiak sartzeak erosotasun termikoa hobetu ahal du, eta eraikinetan energia kontsumoa gutxitzeak eta energia berriztagarrien erabilera bultzatzeak elektrizitate-eskaera eta beroa sortzea murrizten lagundu ahal du.
Zalantzarik gabe, neurri horiek guztiek hiriak eta guk haietaz gozatzeko dugun modua eraldatuko dituzte. Izan ere, Kontinente Zaharraren eredua zaharkituta gelditu da, eta pixkana modernizatzen joatea exjitzen du.
Gai honi buruz gehiago jakin nahi baduzu:
Metamorfosi, Europako herri klimigratzailea
Nola lortu duen meatze hiri batek Europako Hiriburu Berde izatea
Iturriak:
https://www.archdaily.cl/cl/1019439/enfrentando-el-calor-extremo-como-las-ciudades-afrontan-la-ola-de-calor-en-europa-oriental-y-meridional#:~:text=Art%C3%ADculo%20relacionado&text=M%C3%A1s%20all%C3%A1%20de%20la%20infraestructura,una%20amenaza%20para%20los%20viajeros.
https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/sociedad/2025/07/28/combatir-calor-gran-reto-urbanismo-transporte-europeos-9925142.html
Temperature in Belgrade is seven degrees higher due to lack of green areas
Utzi erantzuna