Posted

Komunikazioa ekintzarako tresna bihurtzen denean

26.078 txartel-pare ematea, edukiontziak zabaltzeko app bat martxan jartzea, 23.805 bisita etxebizitzetara eta 2.031 merkataritzako establezimenduetara, informazioa edukiontzien ondoan, informazio-gune ibiltariak, hezitzaileak bizikletaz lekualdatzen egunean 6 orduz, ekitaldiak eta bisita gidatuak, herritarrei arreta emateko 682 ekintza eta inkestak egitea. Mankomunitateak baliabide guztiak erabili ditu, edukiontziak zabaltzeko sistema berria martxan jartzea sakon sartzeko gizartean.

- - - - - - - -

2018an martxan jarri zen proba pilotu bat Artika Berrian eta Azpilagañan, Iruñerrian kokaturik dauden bi auzoetan. Xedea gai organikoen bilketa emendatzea zen, eta horretarako, elektronikoki irekitzen ziren edukiontzi batzuk jarri ziren. Handik aurrera behatu egin zen, galdetu, aztertu eta, azkenik, ondorioztatu frakzio organikoaren bilketa %52 emendatzea lortu zela.

Datu hori erreferentziatzat hartuta, eta 2027an gai organikoen %70 berreskuratzeko helburua hartzen duen Nafarroako Hondakinen Plan Integrala aintzat harturik, edukiontziak irekitzeko sistema hori Iruñerriko beste eremu batzuetara hedatu zuen erakundeak 2021ko irailean: Sarriguren, Mendillorri, Zabalgunea, Beloso, Lezkairu, Erripagaña, Arrosadia eta Mutiloa-Mutiloartea. 2022rako eta 2023rako utzi zuen Iruñerriko gainerako hiri-eremuetan pixkanaka hedatzea.

Edukiontzi berriak kokatzearekin batera, asmo handiko komunikazio-kanpaina jarri zen abian, ongi informatutako herritarrek Nafarroako, Estatuko eta Europako erakundeek ezarritako helburuak lortzeko neurriak hartzearen urgentzia eta beharra azkar barneratuko duten uste osoa izanda. Izan ere, besterik gabe, orain arte egin denak ez baitu balio jada eta ezin baititugu alferrik galdu hondakinak berreskuratzeak eskaintzen dizkigun baliabideak.

Hartara, 26.078 txartel-pare eman zitzaizkien etxebizitzen eta merkataritzako establezimenduen jabeei. Irekitzea kontrolatzeko sistema berriarekin kokatutako edukiontziak eta bilketa pneumatikoko buzoiak irekitzea ahalbidetuko zen txartel horiekin. Txartel horiek ematea ondoz ondoko hiru fasetan egin zen: postaz bidali ziren, heziketa-taldeak etxebizitzetara eta establezimenduetara egin zituen “atez ateko” bisitetan eman zituen eta, azkenean, kalean kokatutako eta txartelak hatzeko egokitutako informazio-guneetan banatu ziren.

Txartelak ematearekin batera, kanpainaren xede ziren inguruetan kokatutako etxebizitza eta merkataritzako establezimenduetara bisitak egin ziren. Heziketa-taldeak 23.805 bisita egin zituen etxebizitzetara eta 2.031 merkataritzako establezimenduetara, asmo argi hauekin: biztanleei edo jabeei sistema berriari buruzko informazioa helaraztea, eduki zitzaketen zalantzak argitzea eta sortzen ditugun hondakinak zuzen bereizi behar izatearen gaineko kontzientzia harraraztea. Informazio-guneen bidez –bai ibiltarien eta bai sistema ezarri den inguru bakoitzeko zenbait tokitan banatuta zeudenen bidez ere–, 639 pertsonari eman zitzaien arreta.

Gainera, kanpainaren esparruan, beste komunikazio-ekintza batzuk egin ziren, hala nola informazioa ematea edukiontzien ondoan, detektatutako gune kritikoetan praxi edo jardunbide okerrak berriro orientatzea, eta ekitaldiak eta bisita gidatuak gauzatzea.

Edukiontziak eta buzoiak kokatu ondorengo ekintzak

Inguru desberdinetan edukiontziak eta bilketa pneumatikoko buzoiak kokatu ondorengo asteetan, informatzaileak egon ziren edukiontzien ondoko guneetan, gorabeherei irtenbidea emateko edo zalantzak argitzeko han bertan. Zehazki, taldea 401 gunetan egon zen (edukiontzien guneak), eta haietan, guztira, 3.022 pertsonarekin aritu ziren elkarri eragiten.

Gainera, kanpainaren barnean zeuden inguruetan hondakinak botata uztearen inpaktuaren berri izateko, bi astean, heziketa-taldeko 4 kide bizikletaz lekualdatu ziren 6 orduz egunean, edukiontzien guneetara bisitak egiteko. 1. faseko tokietan 129 gunetara egin ziren bisitak, 127 gunetara 2. fasean, eta, guztira, 291 gune eta bilketa pneumatikoko buzoitara, 3. faseko tokietan.

Ekitaldiak eta bisita gidatuak

Ezartzeko hiru faseetan, jolas- eta jai-arloko ekitaldi bat egin zen, edukiontzietan irekitze-sistema berria instalatzea hurbil egotearekin batera, Alejo karramarroaren etxea izenekoa. Performance bat izan zen, bide publikoan egina, eta bertan edukiontzien guneetan aurkitutako tamaina handiko hondakinak abiapuntu hartuta eraikitako “etxe” bat erakusten zen. Hiru ekitaldi horietara 1.934 parte-hartzaile joan ziren.

Ekitaldian zehar herritarrak erakarri nahi ziren, hondakinak zuzen bereizteari eta kalean tamaina handikoak botata uzteak eragiten dituen arazoei buruzko sentsibilizazio-mezuak partekatzeko haiekin. Bien bitartean, heziketa-taldeak informazioa emateko eta zalantzak argitzeko zereginak gauzatzen jarraitu zuen.

Ekitaldi horrekin batera, bisita gidatuak eta ate irekien jardunaldiak antolatu ziren bilketa pneumatikoko bi zentraletan (Erripagaña eta Lezkairu), eta bai bisita gidatua Gongorako hondakinak tratatzeko zentrora ere. Asmoa izan zen interesa zuenak in situ edo bertan ikusi ahal izatea edukiontzietara edo pneumatikoko buzoietara botatzen diren hondakinek hautatzeko eta tratatzeko plantaraino iritsi arte egiten duten bidaia.

Arreta emateko eta gorabeherak jakinarazteko bideak

Kalean bertan gauzatutako ekintzetatik kanpo, Mankomunitateak herritarrei arreta emateko egokitutako bideetan aritu zen koordinazio-taldea, edukiontziak eta bilketa pneumatikoko buzoiak irekitzeko sistema berriari buruzko informazioa emateko eta berariazko zalantzei erantzuteko. Kanpainaren hasieratik, herritarrei arreta emateko 682 ekintza egin ziren, eta haien %90 baino gehiago telefonoz egindako kontsultak izan ziren.

Hainbat motatako kontsultak egin baziren ere, gehienak hauei buruzkoak izan ziren: nola lortu txartelak (baita galduz gero ere), nola zabaldu bilketa pneumatikoko buzoiak mugikorretarako app-a erabilita, hondakinen txartela garraio-zerbitzuko txartel pertsonalizatuarekin konbinatzeko prozesua nola egin (izan ere, edukiontzia zabaltzeko txartelak hiriko autobusean bidaiatzeko ere balio baitezake), eta sistema hau Iruñerriko beste toki batzuetara noiz hedatuko den.

Jakinarazitako gorabeherei dagokienez, gehienak gaizki zeuden edukiontziekin edo irekitzeko arazoekin lotutakoak izan ziren (azken hori bilketa pneumatikoko buzoietan ere gertatu zen, 3. fasean kokatutakoetan).  

Herritarren pertzepzioa

Kanpainako ekintza garrantzitsuetako beste bat izan da inkesta egitea heziketa-taldearekin komunikazio-ekintza desberdinetan (informazio-gunean, bisitetan…) elkarri eragiten aritu diren pertsonei; sare sozialetan argitara emandako kexei eta iradokizunei arreta ematea; eta informazio erabilgarriari zabalkundea ematea mugikorrerako app baten bidez, komunikaziorako beste bide bat izateaz gain, edukiontziak irekitzeko ere balio zuena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.