Posted

Kultura-egokitzapena klima-aldaketara

Gizakiak bi modutara egokitu ahal gara aldaketetara: genetikoki eboluzionatzen, gainerako izaki bizidunak bezala, edo kultura aldetik egokituta. Azken aukera hori da azkarrena, eta abantaila ematen digu gainerako espezieen aldean, baina ongi aprobetxatzen jakin behar da, ahaztu gabe egungo arazoen irtenbideak biharko krisien hastapena izan daitezkeela.

- - - - - - - - -

*Sapienscuriosa

Gu oraindik ez ginen hemen, baina kronikek gogora ekartzen digute 1550 eta 1850 urteen artean klima-anomalia bat gertatu zela Europan, eta bertan tenperaturak 1 eta 1,5 gradu artean jaitsi zirela. Aldi horri Izotz Aro Txikia esaten zaio, eta baldintza meteorologikoetan gertatu zen aldaketa bat izan zen. Erdi Aroko Klima Optimoa esaten zaionaren ondoren gertatu zen.

Urte haietan eguzki-jarduera gutxitzeak –eguzki-orbanak murriztearekin, Maunderren Minimoa esaten zaion fenomeno batean– ekarri zuen lurrazalak eguzki-erradiazio txikiagoa hartzea, eta, ondorioz, tenperaturak hotzagoak izatea. Horri gehitu zitzaion sumendi-jarduera handitzea, eta horrek ekarri zuen aldi luzeetan atmosferaren goiko aldean gelditzen ziren errautsek eta erupzioetan kanporatutako sufretik heltzen zen azido sulfurikoaren kantitatea handitzeak pantaila bat sortzea, zeinak eragozten baitzuen eguzki-izpiak lurrazalera iritsi ahal izatea.

Tenperaturen jaitsiera nabarmen eta zakar horrek harridura-egoera batera eraman zituen kontinenteko biztanleak, eta ahal izan zuten moduan egin behar izan zioten aurre. Alde batetik, erlijio-sinesmenei tinko heldu zieten, eta muturreko fenomeno meteorologikoen ondoriozko uzta txar batzuk besteen ondotik etortzea jainkoaren zigorra zela pentsatu zuten. Konponbide moduan, zigorra arrastoan sartuta edukitzea eta jainkoaren sumina sosegatzeko otoitzak eta penitentzia egitea erabaki zuten.

Zuzenean honekin lotuta dago urte horietan Alemanian hasi zen eta azkenean Europa eta Amerika osoan hedatu zen sorgin-ehiza. Izan ere, uztak galtzeaz eta hondamendiak sortzeko fenomeno atmosferikoak kontrolatzeaz akusatzen zituzten emakume horiek.

Klimaren aldaketa zakar horrek hasieran eragin zuen harridura-fase horren ondoren, bigarren fase batean, ikerketari heldu zioten. Erlijioaren laguntzak ez zuen eduki nahi zuten eragina, eta, hortaz, natura eta bere legeak ikertzen hasi ziren, aldaketetara egokitzeko bidea emango zuten azalpenak eta konponbideak bilatu ahal izateko. Pentsamolde-aldaketa horrek Zientzia Iraultza eta Ilustrazioa sortzea ekarri zituen.

Aldi berean, exodoa gertatu zen landa-eremuetatik hirietara, ziur asko, gizarte-maila aberatsaren gehiegikeriek eraginda, beren mailari, aberastasun txikiei eta uztei etsi-etsian eusteko saiakera batean, beren lursailak lantzen zituzten nekazariek zeuzkaten eskubide urriak murriztu baitzituzten.

Exodo horrek, bere aldetik, behar-beharrezko produktuak trukatzea eta garraiatzea ahalbidetzen zuen merkataritzari mesede egin zion. Baina trukea dagoenean, ez dago bakarrik produktuen transakzio bat, bai baitago ideien transakzioa eta ohituren aldaketa ere. XVII. mendean antzeko zerbait gertatu zen, eta hor dugu, adibidez, paperezko diruaren erabileraren hasiera. Gero, eredu ekonomiko berri bat, liberalismoa, sendotzea iritsi zen.

Ikusten denez, dena interkonektatuta dago eta naturan gertatzen denak gizakiari eragiten dio garai guztien hasieratik.

Era berean, ondoriozta daiteke egun aurrez aurre dugun klima-aldaketa ez dela gizateriaren historian gertatu den lehena.

Egia da. Izan ere, aldaketa horiek etengabe gertatzen dira gure planetan. Egungoak duen alde handia da, ordea, gizakion jardunak zuzenean eragindakoa dela, eta iraganeko garaietan gertatu zirenak fenomeno naturalen ondoriozkoak izan zirela.

Atzerantz begiratuta atera daitekeen ondorioa da gizakiak bi modutara egokitu ahal garela aldaketetara: genetikoki eboluzionatzen, gainerako izaki bizidunak bezala, edo kultura aldetik egokituta. Azken aukera hori da azkarrena, eta abantaila ematen digu gainerako espezieen aldean, baina ongi aprobetxatzen jakin behar da, ahaztu gabe egungo arazoen irtenbideak biharko krisien hastapena izan daitezkeela.

Interesgarriak iruditzen bazaizkizu klima aldaketari buruzko artikuloak, horra hor post zerrenda bat (sakatu hemen)

Iturriak

Blom, P. El motín de la naturaleza. Historia de la pequeña edad de hielo (1570-1700), así como del surgimiento del mundo moderno, junto con algunas reflexiones sobre el clima de nuestros días. Anagrama argitaletxea, 2019

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.