Posted

Nola ausartzen zarete?

“Nola ausartzen zarete?” Sandra Uveren erakusketa bat da. Bertan, ingurumen-aktibista eta itsas biologo diren emakume batzuen bizitza irudiztatzen du. “Erakusketa honetan egurra ematen dut –azaldu du–; izan ere, gertatzen ari den guztia kontuan hartuta, krisi klimatikoaz, genero-krisiaz eta pandemiez serio hitz egiteko unea baita”.

- -

Sandra Uve ilustratzailea, idazlea, hezitzailea eta zientzia-dibulgatzailea da eta Nafarroara itzuli da “Nola ausartzen zarete?” erakusketa berria aurkeztera. Bertan, ingurumen-aktibista eta itsas biologo diren emakume batzuen bizitza irudiztatzen du. “Erakusketa honetan egurra ematen dut –azaldu du–; izan ere, gertatzen ari den guztia kontuan hartuta, krisi klimatikoaz, genero-krisiaz eta pandemiez serio hitz egiteko unea da”.

Hartara, “Nola ausartzen zarete?” benetako protesta da. Ingurumenaren eta krisi klimatiko hau egun dagoen punturaino ez iristeko borrokatu diren eta ahotsa goratu duten emakume horien guztien (gizon askorekin batera) aldeko adierazpen artistikoa da.  “Pandemia krisi horren ondorioetako bat da, klima-aldaketak zoonosi bidezko gaixotasunak modu neurrigabean emendatzea ekarri baitu, adibidez, COVID-19a. Beraz, dena galdu behar izan dugu jabetzeko”.

Erakusketa honetan, biologoak (haietako asko, itsas biologoak), kimikariak, filosofoak, idazleak, politikariak eta ikasleak daude, erakusketari izenburua ematen dion esaldi hori Greta Thunbergena baita. Denak ingurumen-aktibistak dira, “hau guztia gaizki egin dela ulertzen lagundu nahi digutenak, konpondu egin behar dugula eta denon artean egin behar dugula. Izan ere, ez badugu sentsibilitate hori partekatzen, planetarik gabe geldituko gara behin betiko”.   

Iaz berarekin hitz egin nuen, beste erakusketa bat ekarri zuenean (irakurri hemen post-a) Galdetzen diogunean bere erakusketaren norabidea zergatik aldatu duen eta zergatik utzi dituen alde batera emakume zientzialariak arreta ingurumenean jartzeko, ondokoa erantzun digu: “Hitz egin genuen azkeneko alditik, duela urte batetik, mundua errotik aldatu da. Erakusketa hau behar-beharrezkoa zen non gauden, zer ari den gertatzen eta zer egin dezakegun testuinguruan jartzeko. Beste alde batetik, ingurumen-aktibista diren emakumeak mehatxupean dagoen espeziea dira berez, korporazio handiek eta gobernuek mehatxatuak. Erakusketan ageri diren emakumeetako batzuk hil egin dituzte eta gehienak mehatxatu egin dituzte”.  

Argi dagoena da bere proiektuak emakumea ikusgai egiteko proiektua izaten jarraitzen duela, “Asmatzaileak aurkitzen” izan zen moduan. Urte honetan, heziketarekin eta genero-berdintasunarekin duen konpromisoa errepikatzen jarraitu nahi izan du, eta horri, gainera, ingurumena gehitu dio.  

Artistikoki ere bilakaera bat egon da. Orain ez ditu erretratuak bakarrik jartzen ikusgai, baizik eta emakume horiek eta beren lana testuinguruan jartzen duten ilustrazioak ere ageri dira. Horrenbestez, protagonistak, emakumeak ez ezik, beren ibilbidea garatu duten “habitatak” ere badira.   

“Iruditzen zait oso beharrezkoa dela denak ezagutzea –errepikatu du Sandra Uvek–. Eta eskatu nahi dizuet patxadaz eta arreta bereziarekin irakurtzeko haietako bati buruzko artikulua: Sunita Narain. Ikaragarri adierazgarria da, eta nire erakusketak bere diskurtsoari heldu dio”. https://www.indiatoday.in/magazine/trends/story/20210118-environment-the-curse-and-the-promise-sunita-narain-1757318-2021-01-09

Hortaz, badugu zeregina. Erakusketa Mendillorriko ur-biltegietan egongo da maiatzaren 2a arte.

Erakusketako emakumeen zerrenda:

  • EUNICE NEWTON FOOTE, zientzilaria
  • ELLEN SWALLOW RICHARDS, kimikoa
  • MARY WALTON, asmatzailea
  • RACHEL CARSSON, biologoa
  • JANE GOODALL, etologoa
  • LOIS GIBBS, ingurumen aktibista
  • GLADYS DEL ESTAL FERREÑO,  ingurumen aktibista
  • MAKOMA LEKALAKALA & LIZ MCDAID, ingurumen aktibistak
  • JOANNE CHORY,  botanikoa
  • SUNITA NARAIN, ekologista
  • ODILE RODRÍGUEZ DE LA FUENTE, ingurumen aktibista
  • JANE LUBCHENCO, biologoa
  • SHEILA WATT-CLOUTIER, aktibista inuit
  • BERTA CÁCERES,  ingurumen aktibista
  • ASUNCIÓN RUIZ, ambientalista
  • VANDANA SHIVA, fisikoa
  • DIAN FOSSEY, zoologoa
  • WANGARI MAATHAI, ekologista
  • ISATOU CEESAY, birziklapenaren erregiña
  • SYLVIA EARLE, biologoa
  • ANITA CONTI, argazkilaria
  • ANGELES ALVARIÑO, zoologoa
  • COMUNIDAD DE LAS HAENYEO, itsasoko emakumeak
  • CRISTINA ROMERA CASTILLO, kimikoa
  • MAE BOEVE, 350.og-eko zuzendaria
  • GRETA THUMBERG, ingurumen aktibista

Sandra Uve “Superemakumeak, superasmatzaileak, superzientzialariak” proiektuaren egilea da. Ilustratzailea, idazlea, hezitzailea eta zientzia-dibulgatzailea da. “Supermujeres, superinventores” (Planeta, 2018) liburua heziketa-erreferentzia izan da eskola, institutu eta unibertsitateetan. Bere lan piktorikoa zenbait museotan egon da ikusgai, hala nola Bartzelonako Arts Santa Mónican eta Iruñeko Kondestable Civivoxen. “Superwomen, superinventors” erakusketa batetik bestera dabil Bartzelonako Diputazioaren liburutegietan. “Asmatzaileak aurkitzen” erakusketa Atarrabiako Pilategian eta Mendillorriko ur-biltegietan izan zen, Cosmocaixa Barcelonan eta Caixaforum zentroetan (Girona, Tarragona, Lleida eta Zaragoza) egon eta gero.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.