Posted

Upcycling, kreatibitateren bitartez egindako superbirziklapena

Berrerabilpenari sormen pitin bat gehitzen badiogu (berriro pentsatzea), funtzionalitate berria lortzen duten objektuen aprobetxamendua da emaitza. Hori da Upcycling, eta horren bidez bazter utzitako produktuak aldatu egiten dira, industria-prozesu bat egin gabe, eta objektu berri bihurtzen dira.

- - - - - - - - - - -

Lau dira hondakinen alorrean nagusi diren urrezko arauak: murriztea, birziklatzea, berrerabiltzea eta berriro pentsatzea.

Haietako lehena, murriztea, ahal den neurrian hondakinak sortzea ekiditean datza (esate baterako, erostera joaten garenean oihalezko poltsak erabiltzea eta ez plastikozkoak).

Bigarrena, birziklatzea, konstantea bihurtu da gure egunerokoan. Hartara, erakundeak ahalegin handiak egiten ari dira herritarrek hondakinak bereizteko jatorrian eta hondakin horiek ez hartzeko zabortzat, baliabidetzat baizik. Izan ere, paperarekin paper gehiago egiten da, plastikoarekin plastiko gehiago, gai organikoak konpost edo biogas bihur daitezke… Hori guztia industria-prozesu bati jarraituta, non jatorrizko objektuak forma eta osaera galtzen duen eta beste gauza bat bihurtzen den.

Eta gero hirugarrenera eta laugarrenera igarotzen gara, eta ikusten dugu upcycling-aren (edo suprabirziklapena) kontzeptuan elkarrekin egon daitezkeela. Izan ere, berrerabilpenari sormen pitin bat gehitzen badiogu (berriro pentsatzea), funtzionalitate berria lortzen duten objektuen aprobetxamendua da emaitza. Hala, bazter utzitako produktuak aldatu egiten dira, industria-prozesu bat egin gabe, eta objektu berri bihurtzen dira.

Horren adibide on bat Barrikupelen ekimena da: ardo-upelen upa-oholak erabilita lanparak diseinatzen dituen enpresa (hemen irakurri).

Baina jardunbide hori etxean bertan ere egin daiteke, adibidez, galtza zahar batzuk poltsa erabilgarri bihurtuta edo kafe-kapsulak paparreko apaingarri dotore bihurtuta.

Horrenbestez, upcycling-aren prozesua birziklapenaren prozesutik desberdintzen da, batik bat, transformazioan, lehenak ez baitu energia-baliabiderik gastatzen, ez eta lehengai berririk ere, eta horrek tresna iraunkor bihurtzen du, ekonomia zirkularrari estu-estu lotuta dagoena.

Eta hori oso kontuan hartzekoa da garai hauetan, urtero 6 milioi tona zabor baino gehiago iristen baitira ozeanoetara, gizakion aztarna ekologikoaren kudeaketa txarra klima-aldaketa bizkortzen ari den garai hauetan.

Upcycling-ari harrera ezin hobea egin dion eta etekin handiena ateratzen ari zaion industrietako bat ehungintza da. Janzteko arropak eta etxekoak hondakin tonak eta tonak sortzen dituzte urtero, eta horregatik ehungintza gehien kutsatzen duen bigarren industria dela esan ohi da.

Hain zuzen ere, kutsadura hori, sortzen duen hondakin-kantitateari ez ezik, jantzi berriak egitean kontsumitzen dituen baliabideei eta energiari ere badagokie.

Hori dela-eta, diseinuaren alorrean erabateko iraultza gertatzen ari da, aurreko argitalpen batean jaso genuen moduan (hemen irakurri) https://ecoblog.mcp.es/l4r/nuevos-materiales-para-nuevos-tiempos/. Modaren, arkitekturaren eta interiorismoaren arloetako profesionalak, adibidez, material berriak bilatzen ari dira beren sorkariak egiteko, material iraunkorrak, ekonomia zirkularraren premisei erantzuten dietenak eta ingurumenarekin adiskidetzeko bidea ematen digutenak.

Upcycling-aren ideia irtenbidea da bidegurutze honetan, haren bidez lortzen baita produktu bat martxan egotea ahal den denbora gehienean, jatorrizko produktuari balio handiagoa emanez, jada baditugun baliabideak aprobetxatuz eta industria-prozesuak minimizatuz.

Upcycling-ari buruz gehiago jakin nahi duzu? Bideo hau prestatu dugu zuretzat:

 

Material berriei eta ekonomia zirkularrari buruz gehiago jakin nahi baduzu, beharbada, argitalpen hauek interesatuko zaizkizu:

Material berriak garai berrietarako

Material berrien bila

Oihalen berrerabilera: ehun-artisautzako era askoren oinarria

 

*Iturria:

Mancoeduca

https://www.bullfeet.com/es/blog/upcycling

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.