Aurreko argitalpen batean azaldu genuen moduan (hemen irakurri), luzaroan putzuak eta ibaia izan ziren Iruñea urez hornitzeko iturriak.
1790ean, sistema hori hornidura erregularreko eta kalitate hobeagoko batek ordeztu zuen. Ura bideratzea Subitzako iturburutik egin zen, Noaingo akueduktuaren bidez. Ubidea Iruñeko egungo San Ignazio kalean kokatuta zegoen ur-biltegi handi batean amaitzen zen, eta handik hiriko iturrietara banatzen zen.
Ehun urtean baino gutxiagoan, ordea, hornidura hori eskas gelditu zen gero eta gehiago handitzen zihoan biztanleria baterako, eta, horrenbestez, beste irtenbide bat bilatu behar izan zen. Eta hiritik 30 kilometrora aurkitu zen, Ollaranen, zehazki, Artetako iturburuan.
Andia mendilerroaren barneko akuiferoak duen irteera naturaletako bat zen (eta da). Akuifero horrek gutxi gorabehera 100 kilometro koadroko eremu batean eroritako ura hartzen zuen. Paisaia kareharrizko goi ordoki batekoa zen, mila metroko batez besteko altuerakoa, ur-irteera ugari zituena eta erliebe karstikoko forma ohikoak, adibidez, dolinak, leize-zuloak eta lapiazak.
Aurreikuspenen arabera, iturburu horrek eguneko eta biztanleko 200 litro hornitzeko ahalmena izango zuen, ordura arte zeuden 10-15 litroen aurrean. Eta horrenbestez, 1881ean 30.000 pertsona inguruk eratzen zuten biztanleria bati erantzuteko nahikoa izango zela pentsatu zen.
Proiektuak, ordea, zailtasunak izan zituen hasieratik bertatik. Administrazioaren trabak, tentsio politikoak udalen eskumenen banaketarengatik, eztabaidak Militarren Gerra Arloarekin, baimenak izapidetzea, eta, gainera, zailtasun ekonomiko handiak.
Beharra, ordea, nagusitzen joan zen. Ez ziren inola ere nahikoak hiriko lur azpiko urak, ez euri-urak, ez Subitzakoak, ez eta Argatik zuzenean hartutakoak ere. Eta hori gutxi balitz bezala, industriarako behar zen ur-eskariak gora egin zuen izugarri XIX. mendearen amaieran.
Osasungarritasunak ere zeresan handia izan zuen irtenbide bat bilatzea presatzeko orduan. Garai hartan, gero eta jende gehiagok hitz egiten zuen ibaiko uren kalitatearen aurka, ur horiek urdail eta hesteetako arazoak eragiten zituztelako. Kolerak hiria jotzen zuen, eta ur-ekarria hobetzea gomendatzen zen higienea hobetzeko.
1884an, azkenean, Ollarango iturburuko urak ekartzeko eta banatzeko aurreproiektuaren txostena eta planoak aurkeztu ahal izan ziren, Blas Iranzo udal-arkitektoak taxututa. Proiektua 1886an onartu zen.
Edonola ere, zailtasun gehiago izan zen, zoritxarrez Iranzo hil egin baitzen proiektu hura guztia izapidetu bitartean. Beraz, beste udal-arkitekto bat, Arteaga, izendatu eta berak behin betiko proiektua amaitu arte itxaron behar izan zen, 1887an.
Hartara, 1889ko maiatzaren 25ean, ustiapen-baimena Londresko Alfred Beavis jaunari eman zitzaion, eta gizon horrek, hurrengo urtean, The Pamplona Waterwork Limited izeneko konpainia anonimo ingelesaren esku utzi zuen. 1892an, ordea, emakida hori iraungitzat jo zen, kontratua ez betetzeagatik, eta, beraz, beste lehiaketa baterako deia egin behar izan zen, hurrengo urtean. Bigarren aldi horretan, ez zen inor aurkeztu deialdira, eta, hortaz, bete gabe gelditu zen.
Egoera hori izanik, hiriko handiki talde batek esku hartu zuen afera honetan, eta 20 egunetik pasatxoko epean, Artetako Uren Sozietate Anonimoa eratu zuen, bi miloi pezetako kapitalarekin. 1893ko uztailaren 14a zen.
Xede nagusia zen ura udalbatzetara, sozietateetara eta partikularrengana eramatea, betiere Udalak finkatutako baldintzei eta prezioei lotuta. Eta “ur soberakina” industriarako erabiliko zen.
Hura pauso administratibo handia izan zen, ur-hoditeria berria errazteko proiektuari berriro heltzeko bidea eman zuena. Ura Iruñera sartzeko zailtasuna ez zuen konpondu, ordea.
Lehenik eta behin, etorkizuneko hoditeria trenbidearekin gurutzatzea gainditu behar zen, trenak ibiltzeagatik hodietan kalteak eragin zitezkeelako.
Beste alde batetik, Arga ibaia Santa Engrazia zubitik igarotze zailari aurre egin behar zitzaion.
Bi kasuetan, hoditeria harlanduzko horma baten barnean babestu zen.
Gero erabaki zen hoditeria Iruñean sartzea Ate Berritik egingo zela, Taconerako mutur batetik eta garai hartan hirigunea inguratzen zuen lubanarrotik. Hura zen biderik errazena, baina Gerra Arloaren baimena behar zen, trazatu horri jarraitzeko. Behin ura ekartzeko hoditeria hirira iritsita, ura banatzekoari lotuko zitzaion, Subitzako hornidura banatzeko ur-biltegitik abiatzen zenari, San Ignazio kalean. Ur berria hartzeko, ur-biltegi hori handitu egingo zen.
San Ignazioko ur-biltegiarekin lotzeaz gain, ubidea ere ura Erreniegatik Mendillorriraino ekartzen zuen akueduktuari berari lotuko zitzaion.
Hasiera batean, Mendillorriko ur-biltegien xedea ura hirirako baliatzea izan zen, Artetatik zetorren hodia hausten zenerako. Gerta zitezkeen gorabeheren artean, hauek zehaztuta zeuden: akueduktuko haustura txikiak eta hodi hautsiak aldatzea. Ur-biltegietarako, 12.000 m3-ko edukiera aurreikusi zen, eta kantitate hura nahikoa zen hornidura bi egunez bermatzeko. Matxura larriagoak gertatuz gero, kontsumoa arrazionalizatuko zen, eta, orduan, Mendillorriko ur-ekarpena nahikoa izango zen 15 edo 20 egunean irauteko.
Ur-eskaria handitzen joan zen, biztanleria handitzen zihoan heinean. Horren aurrean, 1942an, hirugarren ur-biltegia jarri zen Mendillorrin, kasu horretan 13.000 m3-ko edukierakoa. Hornidura ere aldatu zen eta hasierako 70 l/s-tik 150 l/s-ra igaro zen 1936an, 255 l/s-ra 1953an eta 450 l/s-ra 1961ean.
Egun, ur-biltegi horiek martxan daude, 1942 eta 1975 artean eraiki ziren beste lau modernoago batzuekin batera. Denen artean, 68 milioi litro ur edukitzen dituzte, Eugi eta Itoizko urtegietatik eta, jakina, Subitzako eta Artetako iturburuetatik heltzen direnak.
Hala iturburua, nola gatzagak eta Artazuleko zintzurra ere, handik gertu, urak eta denborak harkaitzen gainean duten eraginaren adibidea dira eta bai baliabideak ingurunea errespetatuta aprobetxatzen dituen giza jardunaren adibidea ere.
Interesgarria iruditu bazaizu post hau, agian gusutuko izango dituzu beste hauek:
Argibide gehiagotarako:
http://www.mcp.es/sites/default/files/documentos/historia_del_abastecimiento.pdf
Utzi erantzuna