Olioa gure sukalde guztietan aurkitzen dugun produktua da. Izan ere, ia errezeta guztien oinarria da. Baina zer egiten dugu harekin erabili eta gero?
Egin beharrekoa litzateke estalkia duen plastikozko edo metalezko ontzi batean biltzea (kristalezkoak hautsi egin baitaitezke) eta garbigunera edo supermerkatuetan eta beste toki batzuetan egoten diren olio-ontzietarako edukiontzietara eramatea.
Baina kontua da teoria eta praktika ez datozela bat; izan ere, Europar Batasunean etxebizitzetan kontsumitzen den olio guztiaren %5 baino ez da birziklatzen, nahiz eta 2030erako helburua %60 birziklatzea den.
Kontsumitzaile bakoitzak lau litro olio erabili inguru sortzen ditu etxean urtean, 120 milioi litro bihurtzen direnak eta egokiak ez diren tokietara isurtzen direnak. Aintzat hartzen badugu harraskatik isurtzen dugun olio litro batek 1.000 litro ur kutsatzen dituela, eta Espainian 180 milioi litro sortzen direla urtean, esan daiteke pertsona batek urtean kutsatzen duela OME erakundearen arabera beste pertsona batek 35 egunean kontsumitzen duen ur adina.
Eragozpen horrez gain, jardunbide oker horrek ingurumenerako arazo larria ekartzen du. Denok dakigu ura ez dela olioarekin nahasten, eta, hori dela-eta, olioa isurtzen dugunean hustubidetik eta ibai eta itsasoetara iristen denean gainaldean gelditzen da, ura behar bezala oxigenatzea eragozten du eta horrek zuzenean eragiten die uretako florari eta faunari.
Beste alde batetik, uraren gainaldean egotean, eguzki-izpiak ez dira iristen uretako landareetara eta haiek ezin dute fotosintesia egin.
Azkenik, olioa lur gainean erortzen bada, lur hori antzu bihurtzen du azkenean. Oxigenatzea eta ura ibiltzea eragozten du, eta, ondorioz, ezin da landarerik hazi bertan.
Hori guztia etxetik kanpo begiratuta, baina barnekoari erreparatzen badiogu, pentsa dezakegu hustubidean gelditzen den olioa etxeko izurriteak emendatzearen arrazoia izan daitekeela. Izan ere, labezomorroek eta beste intsektu batzuek atsegin hartzen dute olioak hodietan sortzen duen nahasturaren aurrean eta hodi horietan gora joaten dira. Eta hori kontuan hartu gabe gure etxeetako hustubideetan bertan sortzen dituen arazoak, hodiak buxatzearen arrazoi nagusietako bat izaten baita, batez ere, xaboiarekin nahasten bada.
Beren esku dagoen guztia egiten dute araztegiek, tratamendu-planta horietara iristen den olioa bereizteko. Baina gauza bat ziurra da: jatorrian bertan ekidingo balitz olio hori uretara isurtzea, ez litzaieke aurre egin beharko beharrezkoak ez liratekeen gainkostuei urak tratatzean edo ez genuke kexatu beharko ingurumenari eragindako kostuengatik.
Arazo hori ikusirik, Nafarroan Almotech enpresa sortu da, eta olio erabilia jatorrian balorizatzeko teknologia garatu du, hartara, ingurumenari eta ekonomiari eragiten dizkion kalteak ekiditeko. Enpresa horren lehen garapena Yenxa da, etxetresna elektriko txiki bat, olio erabilia hainbat erabileratarako xaboi bihurtzen duena, kapsula biodegradagarrien kit baten bitartez.
Ana Martínez enpresaren zuzendari nagusi eta sortzaileak honela azaltzen du proiektu hori: “Betidanik etxean egin izan den xaboia egiten laguntzen du, baina modu azkar eta seguru batean, gasen, erreduren, intoxikazioen eta abarren arriskurik gabe. Nespressoren kapsula bat sartu eta xaboia ateratzea bezalakoa da, baina abantaila batekin: gure kapsulak, gainera, biodegradagarriak dira”.
Patentatu duten etxetresna elektriko txikia edozein etxebizitzatako eguneroko bizimoduan sar daiteke. Gailu automatikoa da, intuitiboa, diseinu modernoa duena eta segurua.
“Kontzientzia sortzen dugu, ohitura ekologikoak errazten ditugu eta, batez ere, olioa hodietatik isurtzea edo kamioiek baimendutako plantetara eraman behar izatea ekiditen dugu, horrek berekin dakarren karbono-aztarnarekin –adierazi du Anak–. Yenxa etxetresna elektriko txikia xaboia automatikoki egiteko gauza da, eta erabiltzaileak olioa, ura eta Marseillako xaboiaren usaina duten Almotech bi kapsulak gehitu besterik ez du egin behar. Eta listo, etxean garbigailurako xaboia izango duzu”.
Sukaldeko tresnak landare-olio erabiliaren litro bat garbigailuan 100 ziklo egiteko adina xaboi bihurtzen du, xaboi natural ekologikoa. “Etxearen esparruan eta kosmetikaren arloan epe ertainean garapen berriak lortzeko ere ari gara lanean, xanpuak, gelak eta eskuetarako xaboiak edukitzeko”, gehitu du.
Enpresan ohartzen dira zenbait pertsonak kezka edukiko dutela, ez zaielako oso higienikoa iruditzen olio erabilia garbitzeko erabiltzea, “baina hau ez dugu orain asmatu, xaboia egitea ohiko jardunbidea izan baita etxeetan hainbat urtean. Guk esaten dugu teknologia gehitzen diogula artisau-prozesu bati. Gainera, berme guztiak dituen produktu bat egiteko beharrezkoak diren erreakzio kimikoak gertatzeko elementuak dauzkate gure kapsulek. Horretarako, hasiera batean Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin (Kimikako Saila) aritu gara elkarlanean, eta egun Leitat Zentro Teknologikoarekin ari gara”, zehaztu du Martínezek.
Utzi erantzuna