National Geographic aldizkariak 2022ko apirileko alean eman zituen datuen arabera, aurreikusten da urtero itsasoetara heltzen den plastiko-bolumena oraingoaren hirukoitza izatea 2040an eta urtean 29 milioi tonako kantitatera iristea. Hori, datu huts bat baino gehiago, ikaragarrizko mehatxua da, gure itsaso eta ozeanoetan bizi diren espezieek, gure dietaren barnean daudenek, plastiko horiek irentsiko baitituzte. Hau da, 20 urte barru, gizakiak orain jaten duen plastikoaren hiru bider jango du.
Neurri handi batean, hondakin horien jatorria lehorrean dago. Lehorrean, ibaietara iristen dira, gero itsasertzean isurtzen direnetara eta, hala, natura-paradisu asko simaurtegi bihurtzen dira (hemen irakurri). Zientzia-ikerketaren arloko profesionalek duela gutxi egin duten azterlan batean ondorioztatu dute mundu osoko milatik gora ibai garbitu beharko liratekeela %81 murrizteko itsasora heltzen diren hondakinen kantitatea.
Eta bada lan horri ekin dionik. 2014an, adibidez, John Kellettek uretan dagoen zaborra atzemateko gailu bat sortu zuen, Mister Trash Wheel (jaun Zabor-biltzailea) izena jarri ziona, Baltimoreko kaia garbitzeko. Zehazki, gabarra bat da, itxura bitxikoa, begi irten eta aho itzela dituena, eta, ur-gurpil bati esker, kaian isurtzen den ur-lasterrean bulkatzen da. Gurpil horrek, era berean, uhal garraiatzaile bat eta hondakinak biltzen dituzten arrastelu batzuk mugitzea eragiten du. 2014az geroztik, Mister Trash Wheel jaunak milioi bat kilogramo hondakin baino gehiago bildu du ibaitik.
The Ocean Cleanup (Ozeanoaren garbiketa) asmo handiko beste proiektu bat da, eta munduko ozeanoetatik plastikoa kentzeko xedea du. Irabazteko asmorik gabeko fundazio bat da, Holandako Boyan Slat asmatzaile eta enpresaburu gazteak sortua, eta garbiketa-sistema aurreratuak garatzen dituena. Hasierako helburua zen ozeanoetan igerian dauden plastikoen %90 garbitzea hurrengo bi hamarkadetan, seiehun metroko luzerako eta U formako hesi baten bidez. Sare-itxurako gona bat du, urpean dagoena eta ur-lasterrek mugiarazten dutena.
Slat 2015ean egin zen ospetsu, Pazifikoko zaborren orban handia garbitzeko asmo handiko plan bat aurkeztu zuenean. Hain zuzen, Ipar Pazifikoan pilatzen diren hondakin plastikoen kontzentrazio handia da. Mega-espedizio esan zioten plan horri, eta 30 itsasontziko flota batek parte hartu zuen bertan. Espedizio horretan, plastikoa biltzeaz gain, haien kontzentrazioa, banaketa eta irismen-erradioa neurtu zen.
Plana aurkeztu zuenean, zientzialari asko aurka agertu zen, horrek eragingo zituen kostuak neurrigabeak izango zirela argudiatuta eta bai plastikoen uharte hori kentzeak ez zuela konponduko mikroplastikoen arazoa.
Geroztik, proiektu horrek 31,5 milioi dolar ingururen dohaintzak jaso ditu, babesleek emandakoak, eta mikro mezenasgoko kanpaina bati esker beste bi milioi dolar bildu ditu gutxi gorabehera. Horrez gain, nazioartean aitortza ugari eskuratu du, eta Europako Batzordeak berrikuntzaren alorrean bere aholkularietako bat izateko aukeratu du.
2019aren amaieran, ibaiak garbitzeko beste ekimen bat aurkeztu zuen: eguzki-energiak elikatutako gabarra bat. Ekimen horren xedea zen zabor gehien izaten duten mila ibaiak bost urtean garbitzea. Pandemiak, ordea, proiektua atzerarazi egin zuen, baina ez geldiarazi. Egun, zenbait herrialdetan ari da garatzen, besteak beste, Indonesian, Malaysian, Vietnamen eta Dominikar Errepublikan. Pazifikoko gabarrarekin batera, 1.000 tona zabor baino gehiago bildu ditu jada.
Ibaien egoerak kezkatzen ba zaitu, agian interesgarritzat hartuko dituzu post hauek:
Iturriak:
National Geographic aldizkaria
Utzi erantzuna