Posted

Batman ez da herritarrak zaintzen dituen bakarra

Saguzarrek natura-ingurunean duten eragina oso ona da, intsektu ugari jaten baitituzte, haietako batzuk kaltegarriak pertsonontzat eta pertsonok lantzen ditugun laboreetarako. Hala ere, animalia-talde hori oso ezezaguna da oraindik ere, eta, gainera, gizakiok ez ditugu oso begiko. Iruñerriko Mankomunitateak aldizka aztertzen ditu Arga ibaiaren parkean zehar jarrita dauden babesleku-kutxak eta bai ugaztun hegaldun horien hegaldiak ere. Parkean bizi diren saguzar-espezieak ezagutzeko ez ezik, haien kontserbazioa laguntzeko har daitezkeen neurri zehatzak erabaki eta zehazteko ere egiten du.

- - - - - - - - -

“Batmanek ez ezik, saguzarrek ere herritarrak zaintzen dituzte”. Horixe da, hain zuzen, Iruñerriko Ibai Parkean zehar dauden babesleku-kutxetako batzuen ondoan dauden karteletako zenbaitetan aurki daitekeen esaldia. Saguzarrek natura-ingurunean duten eragin positibo eta onari egiten dio erreferentzia, intsektu ugari jaten baitituzte, haietako batzuk kaltegarriak pertsonontzat edo pertsonok lantzen ditugun laboreetarako. Ondorio hori handiagoa denez ibaietan eta haien ingurunean, haietan bizi eta ugaltzen diren intsektu ugariak kontuan hartuta, saguzarren presentzia ezinbestekoa da Parkearen erabiltzaileak bertan ibili ahal izateko ziztada deserosorik izan gabe.

Hala ere, animalia-talde hau oso ezezaguna da oraindik ere.

Mankomunitateak Ibai Parkea kudeatzeko orduan duen kezketako bat da inguru horretako flora eta fauna babestea eta natura-habitata hobetzea. Ibai Parkearen zerbitzuen gutunean zehaztutako testuinguru horretan, eremu horretan bizi diren saguzarrak babesteko ekintza desberdinak sartzen dira. Zehazki, ekintza horietako bat da babesleku-kutxak jartzea, eta 2008az geroztik 61 jarri dira.

Aldizka, kutxa horiek aztertzen dira, zein espeziek erabiltzen dituzten jakiteko, zein diren gehien erabiltzen direnak eta abar.

Baina aurten, gainera, hegaldien miaketa egin da, saguzarren jarduna erregistratzeko Ibai Parkeko eta ingurune hurbileko 12 tokitan. Horretarako, Song Meter 4 BAT Full Spectrum (Wildlife Acoustics Ltd.) ultrasoinuen grabagailuak erabili dira, ur-bide desberdinen ertzetan betiere. Laginketak ekain-uztailean egin dira (hazkuntza-garaian) eta irail-urrian (araldian eta migrazio-garaian). Guztira, kiropteroen jarduna erregistratu da 95 gau osotan.

Azterlan horretatik ondorioztatu dute Arga ibaiaren parkean espezie ohikoena saguzar arruntarena dela, P. pipistrellus, haren ondoren ur-saguzarra dagoela, M. daubentonii, eta pipistrelo mediterraneoa, P. pygmaeus. Eta hiru espezie horiek Iruñerriko ibaien ibilbide-zati handienean banatzen dira.

P. pipistrellus

P. pipistrellus

Kutxetan, saguzarren zenbait espezieren presentzia ikusi da, nagusiki pipistrelo mediterraneoena (P. pygmaeus) eta noktulo txikiena (N. leisleri). Eta horrez gain egiaztatu da kutxa horiek erabiltzen ez dituzten beste kiroptero-espezie batzuk badaudela, nahiz eta Ibai Parkearen ingurunean bizi diren eta/edo ehizatzen duten.

Nyctalus leisleri

Nyctalus leisleri

Hegaldiei erreparatuta, egiaztatu da intsektuen populazioak neurri handi batean kontrolatzen dituzten saguzarren zenbait espezieren bizi-eremuak direla Iruñerrian ibiltzen diren ibai desberdinak.

Ibaiak korridore ekologikoak eta babeslekuak dira mehatxatuta dauden zenbait espezierentzat. Beraskoaingo parke batzuk, adibidez, noktulo ertainen (N. noctula) taldeen babeslekuak dira, eta Arga ibaian, Zabaldikatik igarotzen denean, ferra-saguzar handien talde bat (R. ferrumequinum) ibiltzen da sarri.

Baina azterlan honen alderdi garrantzitsuena ez da Ibai Parkean bizi diren saguzarren espezieak eta haien banaketa ezagutzea, baizik eta Parkeak ugaztun horientzat duen garrantziaren irudi zehatzagoa sortzeko ematen duen aukera eta bai haiek kontserbatzea laguntzeko neurri jakinak hartzeko aukera ere.

Hartara, esate baterako, Mankomunitateak gogoan hartu du aurkitutako espezie gehienak, barne hartuta ohikoenak, fisurikolak direla, arrakaletan bizi direla, eta, horrenbestez, Parkeko zubiak edo beste eraikuntza batzuk birgaitzeko edo berritzeko etorkizuneko obrek haietan izan dezaketen inpaktua minimizatzen saiatuko da. Horrez gain, argiztatu gabe dauden oinzubietan eta zubietan babesleku artifizialak kokatzea aztertuko du.

Gainera, gutxienez lau espezie arborikola edo zuhaiztar identifikatu direnez (hiru noktuloak eta barbastela) oso kopuru txikietan eta, uste denez aztertutako ibaien ibilbidean hutsuneak dituzten zuhaitzik ez egoteak edo gutxi egoteak kiroptero horien babes-aukerak murriztu ditzakeela, Mankomunitateak ale zaharrak edo lehorrak mantentzeko aukera aztertuko du erabiltzaile gutxi ibiltzen diren tokietan. Gogoan izan behar da erakundeak aldian-aldian zuhaitzak mozten dituela, beren egoerarengatik, Parkearen erabiltzaileentzat arriskutsuak izan daitezkeela ondorioztatzen badu.

Noctulo ertaina

Noctulo ertaina

Eta azkenik, argiaren kutsadurak Parkean duen inpaktua aztertu ondoren saguzarren ehiza-ohiturekin lotuta, erakundeak ondorioztatu du Ibai Parkearen ibilbideko zenbait zatitan kokatzen ari den argiak, LED PC Ámbar espezifikazioari dagozkionak, aproposak direla. Argi horiek, ingurumenari dagokionez iraunkorrak izateaz gain, inpaktu txikia dute tokiko faunarengan. Zehazki, teknologia horrekin, argi urdinaren uhin-luzera minimoa da, eta horrek ahalbidetzen du argiak ez nahastea intsektuak eta beste animalia batzuk, kalterik egin gabe haien zikloei eta argiek intsektu hegalariak erakartzea ekidinda.

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.