2022ko urriaren 17an, artalde jori bat Nafarroako Atarrabia udalerriko Kale Nagusian ibili zen. Donejakue bidea eginez, Ezkaba mendira zihoan, bazkaleku bila.
Ekimen horren bidez, Udalak modu eraginkorrean kudeatu nahi zuen mendiko landaredia garbitzea eta, hartara, ia hilabete lehenago mendiaren hegoaldeko hegala suntsitu zuen sutea bezalakoak ekidin.
Artalde horrek sastrakak garbitzeko egin behar zuen lanak, gainera, mendiko biodibertsitatea kontserbatzea lagunduko zuen, interes handiko espezie naturalak desagertzea saihesten lagunduta, besteak beste, inguru horretan dauden orkideen barietateak. Ahaztu gabe, gainera, animaliak bertan ibiltzeak abelazkuntza estentsiboa gerturatuko ziela horrek berekin dakartzan ingurumen- eta gizarte-onurak jada ahaztuta dituzten herritarrei. Onura horiek, besteak beste, kalitateko eta hurbileko produktuak dira, ekonomia zirkularra laguntzen dutenak, paisaiaren kudeaketa iraunkorra, kultura-ondarea babestea eta abar.
Beharbada horregatik bihurtu zen artaldea gero udalerriko ikastetxeetarako heziketa-baliabidea, bisita gidatuak antolatu baitziren mendira, mota horretako abelazkuntza sustatzearen garrantziari buruz ikasleak sentsibilizatzeko, ardiak haien habitat naturalean ikusi ahal izanda.
Abelazkuntza estentsiboaren krisia, basoko landarediaren aurreratze orokortua, erabilera tradizionalak alde batera uztea eta beste erabilera batzuk indarrean sartzea, eta klima-aldaketa basoko suteen etengabeko eta benetako arriskuko egoera gero eta handiagoa eragiten ari direla ulertzeko eta ulertarazteko modu bat izan zen.
Eta bai arrisku horrek, naturguneei ez ezik, herriei eta funtsezko azpiegiturei ere eragiten diela. Adibidez, 2017an, suak okerrenaren beldur izatea ekarri zuen Arazuriko Hondakin Uren Araztegian, Nafarroan, sugarrak handik hurbil dagoen pinudi batera iritsi zirenean ia-ia. Erantzuna azkarra izan zen eta ez zen kalterik izan instalazioan, baina zenbait azpiegituraren egoera ahulaz jabetzeko eta kontzientzia hartzeko balio izan zuen horrek.
Hura kontuan harturik, Iruñerriko Mankomunitateak (araztegi hori kudeatzen duen erakundea) egoeraren diagnostikoa egin zuen, antzeko gertakariak saihesteko neurriak hartzeko aukera izate aldera.
Egillorko Edateko Ura Tratatzeko Estazioa aukeratu zen lehen azterlana egiteko. Hango orografia (aldapak, goraguneak, elementu geografiko bereziak…) eta dagoen masa berdea (zuhaitzen altuera eta dentsitatea, landare-masaren tipologia…) aintzat hartzen zituen metodologia bat erabilita eta sua zabaltzea aztertuta (zabaltzeko ardatzak eta nodoak, itzaltzeko gaitasunetik kanpoko guneak…), gune estrategikoen mapa bat egin zen. Hain zuzen ere, gune horietan sute bat zailtasunez itzali eta azkar zabalduko litzatekeela kontuan izanda aukeratu ziren.
Eta mapa hori erreferentziatzat hartuta, zenbait ekintza proaktibo eta prebentziozko jaso ziren, baina ez zen nahikoa izan.
Jakina da suteei aurrea hartzeko tradizionalki hartu izan diren neurri klasikoek itzatzeko gaitasuna handitzean eta zenbait ekintzatan jarri dutela arreta, esate baterako, suebakiak egitean edo prebentziozko soilguneak egitean pisten edo errepideen inguruan. Neurri batean, hori bazegoen erakundearen esku, azpiegituren ingurunean ardazten zen ekintza-eremu mugatu batean.
Baina hori guztia eraginkorra izateko, lurralde eta paisaia humanizatu bizien ideian lan egin behar zen; hain zuzen, oihangintzako eta artzaintzako jarduerak garatuko diren lurraldeak eta paisaiak, landaredia modu eraginkorrean eta, ingurumenari dagokionez, zuzenean kontrolatzeko bidea emanez.
Larreei biodibertsitate maila ezin hobeetan eustea, labore belarkarak bazka iraunkor bihurtzea edo artzaintza abereekin egitea, zuhaixka-erako landareen kontrol naturalerako, ziren har zitezkeen beste neurri batzuk eta erakundearen eskueran ez zeudenak.
Hartara, jarduteko gune kritikoenak eta haietan gauzatu beharreko neurriak identifikatzeko aurretiazko lan tekniko baten ondoren, Mankomunitatea harremanetan jarri zen Goñi, Itza, Oltza Zendea eta Ollarango udalerriekin, haiek baitira lursaila partekatzen dutenak Egillorko Edateko Ura Tratatzeko Estazioarekin, eta hitzarmen bat izenpetzea proposatu zuen, alde guztiek elkarlanean aritzeko eta zerbitzuak eta baliabideak erkidetzeko konpromisoa hartzeko.
Hitzarmen hori 2022aren amaieran sinatu zuten eta helburu nagusia izan zen nekazaritzako eta basozaintzako erabilerak sustatzea estazioaren inguruan, tokiko erakundeekin lankidetzan aritzearen bidez; bazkaleku izateko eremuak leheneratzea; artzaintzarako guneak sortzea eta lehendik zeudenei eustea; larreetako biodibertsitatea kontserbatzea; zereal-labore batzuetarako alternatibak bilatzea; artzaintza bultzatzea abere desberdinekin, landaredia kontrolatzeko; eta erregaia gutxitzea soroen eta basoen interfazean.
Eta hala, gogora ekarriz oso aspaldiko ohiturak antzina bezain baliozkoak izan daitezkeela, lanean hasi dira, hurrengo hilabeteetan sute larririk ez izateko.
Utzi erantzuna