Rinerren, 300 biztanle dituen eta Lleidako probintzian dagoen udalerrian, ohartu ziren jendez husten ari zela herria. Biztanleria-geldikin zaharrenak historiaurrekoak dituen toki batean, gero eta gazte gutxiago zegoen, hirira joaten baitziren baliabide berrien eta lanpostu baten bila.
Eta errealitate horri lotuta, hori bezain larria zen beste bat sumatu zuten. Argi eta garbi landatarra zen udalerria bere diru-sarrera iturri nagusietako bat galtzen ari zen, inguru horretako kulturan, historian eta nortasunean sustraituta zegoen iturria: erlezaintza.
Hala, udalbatza lanean hasi zen eta beharra gidari erabili zuen. Riner erlezaintzaren eta, oro har, erlearen zainketaren erreferente bihurtzea erabaki zuen, “animalia gutxi baitaude bizirako eta ekosistemetarako erleak bezain beharrezkoak direnak. Gizakirik gabe, munduak existitzen jarraituko luke. Erlerik gabe, ez, ordea. Polinizazioak eta elikagaien produkzioak erleen beharra dute. Gainera, ezti-bilketaren erreferentziak daude historiaurreko garaietatik”, azaldu du Joan Solá alkateak.
Modu horretan hasi zen lurraldea jendeztatzeko eta lanpostuak sortzeko xedea zuen ingurumen-proiektu bat. “Hasieratik argi izan genuen proiektuak hiri hanka eduki behar zituela –jarraitu du alkateak–: kulturakoa, estu lotuta baitago gu garenari; hezkuntzakoa, atzetik datozenei gure ingurumen-balioak irakatsi behar baitizkiegu; eta turismokoa, geure burua ezagutarazi baitezakegu eta gure interes berberak partekatzen dituen publikoa erakar baitezakegu”.
2016ko apirileko lehen igandean, Eztiaren Azokaren lehen edizioa egin zuten, lehenago aipatutako hiru premisa horiek ardatz hartuta. “Eztiaz hitz egitea gure udalerrian pentsatzearen sinonimo izatea lortu nahi genuen. Izan ere, horrek ekartzen zuen ingurumenean sinesten duen udalerri batean pentsatzen zela, produktu naturaletan eta lurraldekoetan sinesten duenean, bere burua ezagutarazi nahi duenean eta udalerri bizia, dinamikoa, bere baliabideetan sinesten duena den batean”.
Aurreneko edizio horretan, hogei postuk parte hartu zuten eta erakusketa bat jarri zuten.
Bi urte geroago, berrogei postu zeuden, denak eztiarekin eta erleekin lotutako produkturen bat zutenak, erlezaintzaren arloko tresna zaharren erakusketa bat, argazki zaharren erakusketa bat, Erleen Lagunen Kataluniako Elkartearekin batera antolatutako marrazki-lehiaketa bat, udalerriko lau jatetxeen inplikazioa sukaldaritzaren alorrean, okasiorako eskulan-ikastaroetan edo bakarka egindako kaleko apaingarriak, jardunaldi tekniko bat eta Rinerreko erlearen sariaren banaketa.
Hiru urtetan, % 50 handitu zen postuen kopurua, % 75, erakusketen kopurua, eta jardunaldi teknikoa sendotu zen.
Eta gero pandemia iritsi zen.
“Ezin genuen azokarik egin, baina lan egiten jarrai genezakeen, ohartzen baikinen oraindik ere lan asko egin behar zela landako eta hiriko mundua gerturatzean ingurumenaren ikuspuntutik”. Lan-ildo berri horrek Viladecansera eraman zituen, 2022an udalbatzak aho batez “Erleen lagun” izendatu zuen hirira.
“Bi udalok uste dugu elkarrekin lan egin dezakegula, erleen bidez ingurumena hobetzeko helburua izanda. Viladecansen, bizilagunei eragotzi ahal dieten erleak dituzte, eta Rinerren, erleek hobeki polinizatzen lagundu dezaketen lursail asko ditugu. Horregatik elkarrekin ari gara lan egiten bi udalok, errealitate horretatik kulturako, heziketako eta turismoko proiektu bat ateratzeko”.
Hartara, heldu den martxoaren 14an Viladecanseko ikasleak Rinerrera joango dira eta “erleak landa-arloan nola bizi diren ikusiko dute, euren begiekin. Eta, jakina, ezti gozo-gozoa eramango dute”, gehitu du alkateak.
Eta horixe izango da El Miracle Ezti Azokaren atarikoa, aurten martxoaren 25ean eta 26an egingo den azokarena.
Beste pauso bat, aurreneko emaitzak ematen ari den proiektu honetan. “Oraindik hastapenetan dago, baina jendeztatzea bultzatu nahi dugu, diru-sarrerak sortzen lagunduta, proiektua garatzen doan neurrian”, amaitu du Solák.
Oraingoz, Rinerrek lehen baino erlezain gehiago ditu, eta bai proiektuan eskuzabaltasunez laguntzen duten boluntario asko ere, erleak etxean hartuta eta zainduta.
Erleei buruzko informazioa interesatzen bazaizu, gogoan izan Ecoblog honetan haiei buruzko post batzuk aurki ditzakezula:
Erleak, polinizazioaren arduradun txiki horiek
Utzi erantzuna