Nalón eta Caudal ibaien Asturiasko arroak meatzaritzakoak izan dira tradizioz. Mieresen meatzeetako unibertsitate-campusa kokatu zuten, lehenago Meatzeetako Langileburuen Eskola izan zena, eta inguru hori beti izan zen erakargarria lurpean lana bilatzen zuten herritarrentzat.
Alabaina, garaiak aldatu egin ziren eta meatzaritzak negozio eta lanbide errentagarri izateari utzi zion. Unibertsitateko ikasgelak ia hutsik gelditu ziren, eta meatzeen paisaia mugakidea nabarmen hondatu zen. Zerbait egin behar zen.
1999an, «meatzaritzako funtsak» esaten zietenak iritsi ziren. Beren asmoa zen ikatzaren meatzaritza berregituratzea eta meatze-eskualdeen garapen alternatiboa.
Eta hor hasi zen Mieresko Campusaren garapena, Meatzeetako Ingeniaritza Teknikoan beste ingeniaritza batzuk sartuz, hala nola Ingeniaritza Tekniko Topografikoa eta Basoko Ingeniaritza Teknikoa. Gainera, Espainiako unibertsitate-sistema Goi Mailako Hezkuntzako Europako Eremuan sartu zen, eta, beraz, Ingeniaritza Zibileko gradua ere bai. Beste alde batetik, masterreko zenbait titulazio gehitu ziren, besteak beste, Bide, Kanal eta Portuetako Ingeniaritza, Meatzeetako Ingeniaritza eta Geoteknologia eta GIS proiektuak.
Inguru hori suspertzea eta natura-ingurunea lehengoratzea beharrezkoa zen. Hartara, 1967an, Hulleras del Norte S.A. (HUNOSA) enpresa publikoa sortu zuten, meatzaritzako hogei bat enpresa elkartzean (haietako asko XIX. mendean sortutakoak). Irtenbide hori Estatu espainolak diseinatu zuen, ikatzaren meatzaritzako enpresak izaten ari ziren krisiari konponbidea emate aldera.
Hain zuzen, krisi horrek ekarri zuen meatzeak ixtea 2018an. Hala, hainbat urtean jardunean aritzearen ondorioz sortutako ingurumen- eta gizarte-eraginaren ondorioei aurre egiteko unea iritsi zen.
HUNOSA bioenergiaren ekoizpenerako trantsizioan arreta jarritako enpresa bihurtu zen, barne hartuta energia ekoiztearen deskarbonizazioa eta ingurumena lehengoratu eta babestea.
Meatze-arroetako basoek arreta berezia behar izan zuten, haien aprobetxamendua eta ustiapena inolako plangintza-mota eta baso-kudeaketarik gabe egin baitzen.
Gizartearen alorrean, lanik gabe gelditu ziren familiek inguru horretatik alde egiteak despopulatze-arrisku larrian utzi zuen toki hori, minifundio partikular asko abandonatuta. Horrez gain, biztanleria bat-batean gutxitzeak (oso denbora gutxian, inguru horretan 60.000 biztanle bizitzetik 25.000 bizitzera igaro zen) berekin ekarri zuen ekonomia asko ahultzea eta lehen sektorea gain behera etortzea, batik bat abeltzaintza.
Egoera horren aurrean, Oviedoko Unibertsitateko SMartForest ikerketa-taldea, Mieresko Campusean kokatua, arazoei heltzeko eta irtenbideri forma ematen saiatzeko lan egiten hasi zen. Ikusitako guztia eta detektatutako beharrak kontuan hartuta, 2022ko urrian Carbon2Mine proiektua jarri zen martxan, Europar Batasunak ere finantzatutako proiektua, sei urteko iraupenekoa. Zehazki, klima-aldaketa arintzen laguntzeko konponbidea proposatzen zuen, eta, era berean, meatzeak ixtearen ondorio negatiboak minimizatu nahi ziren.
Guztira 4.293.344,31 euroko aurrekontu batekin, Oviedoko Unibertsitateak HUNOSAren elkarlana izan zuen, PEFC España Espainiako Baso Egiaztapenerako Elkartearena, Santiago de Compostelako Unibertsitatearena eta Asturiasko Printzerriko Gobernuko Ingurumen eta Klima Aldaketako Kontseilariordetzarena.
Asunción Cámara Obregón izendatu zuten proiektuaren koordinatzaile, eta Tamara Martínez Martínez haren koordinazio teknikoan sartu zen. Proiektuaren helburuak nola lortuko dituzten eta zein pauso ari diren ematen kontatuko digute bien artean.
Ekonomia suspertzeko eredu berri bat sustatzea
Meatzaritzaren jarduera ekonomikoa ez denez jada pizgarria herritarrentzat, ikatz-zentral termiko bat, Mieresen kokatua, basoko biomasa-zentral bihurtzea aukeratu nahi da, elektrizitate deskarbonizatua emango duena.
Horretarako, ezinbestekoa da mendiak modu iraunkorrean kudeatzea, hartara, stock estrategikoa edukitzeko eta ez egoteko kanpoko enpresen mende elektrizitate berde hori ekoizteko.
Ekonomia zirkularra sartzea basoen eta bazkalekuen kudeaketan
Xede horrekin, basoak eta bazkalekuak kudeatzeko eredu berriak diseinatuko dira, meatze-lehengoratzea hobetuko dutenak eta kalitateko egurra sortuko dutenak, bazkalekuen kalitatea hobetuko dutenak, karbono-hustulekuak izan dezakeen eragina handituko dutenak eta, bide batez, sortutako baso-jardueraren ondorioz basoko eragiketetatik datozen biomasa-hondakinak aprobetxatuko dituztenak.
Egin duten lehenbiziko gauza izan da baso-inbentario eta lurzoruen inbentario bat egitea, HUNOSAren baso-ondarean (non garai bateko meatzaritzako ustiategiak dauden, 4.000 hektareako azalera izanda).
nformazio zehatz horrekin eta satelite teknologien laguntzarekin, meatze-arroen eskualdeko (Nalón eta Caudal ibaiak) landare eta lurzoru guztiak karakterizatu dira. Sortutako ezagutzarekin eta kudeaketa-eredu desberdinak esperimentatzetik lortuko diren emaitzekin, baso-jabeei hainbat kudeaketa-aukera eskainiko zaizkie, CO2 hustulekuak sortzera batu daitezen, gainera, karbono-aztarna konpentsatzen lagunduko duten hustulekuak.
“Eskualdea hustulekua izatea nahi dugu. Kudeaketa-ereduak ezagutu eta aplikatu nahi ditugu, lurzoruek zer bilakaera duten ikusteko eta xurgatze-ahalmena optimizatzeko. Gure kultura-paisaia mantendu nahi ditugun bazkalekuen eta basoen mosaiko bat da, eta badakigu horretarako lurzoruaren kalitatea hobetu behar dugula. Ekonomia zirkularreko eredu desberdinak ere aplikatu behar ditugu, besteak beste, biomasa erretzetik sortutako errautsekin ongarriztatzea lursailak eta hiri-hondakin organikoak birziklatzetik sortutako konpostarekin, eta abar”, azaldu du Asunciónek.
Enplegua sortzea, biztanleria erakartzea eta tokiko ekonomia piztea
Proiektuaren helburuetako beste bat da lurzoruak pilatuta duen karbonoa aztertzea eta haren xurgatze-ahalmena hobetzea basoak eta bazkalekuak kudeatzearen bidez, horrek etorkizunean klima-kreditu interesgarriak sor ditzakeelako alde batetik eta bestetik biodibertsitatea eta lurzoruaren kalitatea kontserbatzeko balio dezakeelako.
“Zentral elektrikoa, bere horretan, erakargarria izango da lanerako, baina ez soilik bertan zuzenean lan egingo duten pertsonentzat, baita inguruko tokietan ekonomia-jarduerak gauzatzen dituzten pertsonentzat ere. Gainera, herritar askok etekina ateratzen ez dieten lursailak dauzkate, eta, hemendik, aukera bat eskaini nahi diegu, adibidez, lan-paketeak sortuz, baso-jabetzari forma emateko, elkartze-bideen bitartez, jarduera optimizatzeko xedearekin. Badakigu landare-mota batzuek beste batzuek baino gehiago laguntzen dutela karbonoa xurgatzea, eta, hortaz, hori guztia jakin egin behar da.
Laburbilduz, kalitate handiagoko bazkalekuak lortu nahiko genituzke, lurzoruaren kalitatea hobetu nahiko genuke eta karbono gehiago xurgatu”, amaitu du Tamarak.
Eta hala joango dira eraldatzen garai bateko meatze-hondakindegiak. Karbonoa atzematea basoen eta bazkalekuen kudeaketa iraunkorraren bidez, klima-aldaketa arintzeko, biodibertsitatea kontserbatzea meatze-eremuetan, ikatzaren meatzaritzari lotutako berotegi-efektuko gasen emisioa gutxitzea, natura-ingurunea lehengoratzea, karbono-hustulekuaren ahalmena hobetzea (lurzorua eta biomasa), jendez husten ari zen inguru baten kudeaketa iraunkorraren eta suspertze ekonomikoaren bidez. Ez dago zalantzarik asmo handiko proiektu ilusionagarria dela.
Lurzoruak nola alda daitezkenari buruzko post irakurri nahi badituzu, sakatu hemen:
Zabortegi bat zena orain gozatzeko tokia da
Zementuaren eta berdeguneen bizikidetza Nafarroako udalerri txikienean
Behin bazen parke bat zirudien hilerri bat
Utzi erantzuna