Posted

Zementuaren eta berdeguneen bizikidetza Nafarroako udalerri txikienean

Atarrabia, Nafarroako udalerri txikiena, ingurumenaren arloko erreferentea izatera iritsi da, bertan berdeguneek eta naturguneek tokia aurkituta hainbeste zementuren artean. Eta hori guztia erakundeen eta herritarren elkarlan aktiboari esker lortu du, naturarekiko konexioak ingurumenaren eta osasunaren arloko onurak ekartzen dituela ulertzen baitute.

- - - - - - - - - - -

“Eta street-scape bat antolatzen badugu Patruila Jasangarriarekin eta hondakinik gabeko kilometro koadro bat planteatzen badugu? Argazki-rally bat egin dezakegu kalean aurkitzen ditugun hondakinekin eta sareetan kaleratu, hondakinak bildu eta haien tokian pegatinak jarri, gaizki botatako hondakinak non zeuden adierazteko”.

Nire txokoa garbiena da lehiaketa antolatu ahal dugu”.

“Kartoizko betaurreko berde batzuk banatu ahal ditugu, “Jantzi iraunkortasunaren betaurrekoak” leloa dutenak, eta herritarrak gonbidatu kaleei begiratzera ingurumenaren ikuspuntutik”.

“Eta photocall bat jar dezakegu, gaztetxoek argazkiak egin eta partekatzeko!”.

“Guinness errekor bat? Erronka izango litzateke aldi berean gai organikoen kantitate ahalik eta handiena botatzea estalki marroia duen edukiontzian”.

“Kanpainarako aurpegi ezagunak aurkituko bagenitu, ikusgaitasun handiagoa izango genuke!”.

Hori Atarrabiako Udalean gazteria- eta ingurumen-taldeek eskuarki egiten duten ideia-jasa bat da. Indurain handiaren sorterria den eta Tokioko biztanle-dentsitate bera duen Nafarroako herri honetan, ingurumen-ekintzek garrantzia eta izaera soziala dute, betiere gazteak, adinekoak, helduak eta haurrak inplikatzea izaten baitute helburua, beren onura lortu nahian ekintzak egiteaz gain. “Ikuspuntu global eta koherentea bilatzen dugu”, adierazi dute udal-arduradunek.

Hartara, jubilatuen plaza berdean bi baratze-alor mugikor jarri dira (tokiz aldatu ahal izateko, eta jaietan ez eragozteko eta ez hondatzeko), zuhaitzak, zuhaixkak eta loreak dituztenak. Baratze-alor horiek, gainera, plastiko birziklatua erabilita egin dira.

Era berean, plastiko birziklatuarekin egin dira Kale Nagusian kokatu diren jardinera iraunkorrak, herritik igarotzen Donejakue bidearen zatietako batean. Jardinera horien xedea estetikoa eta dibulgaziozkoa da.

Ardantzea plaza zolatuan, babesleku klimatiko bat sortzea aukeratu dute, bertako espezieetako zuhaizti trinkoa jarrita, herritar guztiek gozatu ahal izateko. Hain zuzen, herritarrek ideiak eman dituzte eta gauzatzen parte hartu dute. Plazaren ondoan, tamaina handiko zuhaitzak landatu dira, zementuzko toki horri itzala eta freskura emateko, udan ikaragarrizko beroa egiten baitu bertan.

Konstituzio plazan “Ekogunea” jarri da martxan, baratzeko landareak, landare usaintsuak, sendabelarrak, sukaldaritzakoak eta biodibertsitaterako labore komunitarioak sortzeko.

Ekintzak, gainera, hezkuntzaren alorrera iristen dira. Adibidez, Amalur haur-eskolako zuzendaritzarekin lankidetzan arituta, eskolaren birnaturalizazioa egin da eta jolastokietako batean lorategi bertikal bat sortu dute. Lorategi horretan, marrubiak eta loredun landareak landatu dituzte, ikasleen ikusmen- eta dastamen-estimuluak garatze aldera. Horrez gain, belarrezko tontorrak jarri dira, neska-mutikoak haietan jolasteko.

Ikusten denez, herritarrak eta natura berriro konektatzea lortu nahi da, harreman horrek ingurumen- eta osasun-funtzioak betetzen baititu, aurreko argitalpen batean azaldu genuen moduan, gure bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzearen bidez (hemen irakurri ).

Eta xede hori barruraino sartu da gizartean, garatu diren eta parte-hartzea eskatu den hainbat ekintzatan parte hartu baitute herritarrek: Ultzama ibaia garbitzeko lanetan laguntzea; bizilagunek txorkoak, jardinerak eta parterreak zaintzea; baratzezaintzako laboreak eta askotariko landareak landatzea Konstituzio plazan, ingurumen-ezagutzak trukatzeko eta elkartzeko tokian; eta abar.

Eta hauxe da Nafarroako udalerri txikienaren sekretua: erakundeen eta herritarren arteko elkarlan aktiboa. Elkarlan horri esker, hain zuzen, ingurumenaren arloko erreferentea izatera heldu da udalerria, bertan berdeguneek eta naturguneek tokia aurkituta hainbeste zementuren artean.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.