Gure bizimodu moderno honetan, gero eta ordu gehiago ematen ditugu toki itxietan, pantailek, asfaltoak eta errutina guztiz bizkor eta urduriek inguratuta.
Europako biztanleen % 75 baino gehiago hirietan bizitzeak egunerokoan natura-inguruneetara joan ahal izatea mugatzen du. Horrez gain, hiri horietan garatzen den bizimoduak hainbeste zamatzen ditu eskola- eta lan-agendak, ezen tarte gutxi gelditzen baita aisiaz landan gozatzeko. Aisia hori haurren eta helduen denboraren zati handi bat hartzen duten pantailek ordeztu dute, kanpora ateratzeko motibazioa eta gogoa murriztuz.
“Urbanita” edo kaletarrak, eta are gehiago txiki eta gaztetxoak, beldurtu egiten dira intsektuak ikustean, ez dakite zeinen garrantzitsuak diren elikatze-katean ez eta polinizaziorako dituzten onurak ere, ez dira ohartzen esnea ez dela sorginkeriaz sortzen tetrabrikean…
Hiri modernoen eta natura-ingurunearen arteko loturarik ez horrek natura gabeziaren sindromeaz hitz egitera eraman ditu ikertzaileak eta dibulgatzaileak.
Termino hori Richard Louv estatubatuar idazle eta kazetariak sortu zuen 2005ean, Last Child in the Woods bere liburuan. Louv ohartu zen nola belaunaldi berriak, bereziki neska-mutikoak, aire zabaleko gero eta esperientzia gutxiagorekin hazten ziren, eta kontzeptu hori proposatu zuen, natura-ingurunearekiko deskonexio edo loturarik ezaren ondorio txarrak deskribatzeko. Nahiz eta ez den medikuen eskuliburuetan aitortuta dagoen gaixotasun bat, adierazpide horrek balio izan du bizimodu modernoan ikusten diren sintoma eta arazo batzuei izena emateko.
Adibidez, gero eta gutxiago ibiltzen gara oinez eta barneko bizimoduari lotutako sedentarismoa haurren obesitatearekin, arazo kardiobaskularrekin eta garapen motorreko zailtasunekin lotzen da.
Gainera, berdeguneekin kontaktuan egoteak kortisol-mailak murrizten eta gogo-aldartea hobetzen laguntzen du; hiriko lan-erritmo estresagarriak edo antsietatea eta depresioa eragiten duen kutsadurak ekartzen duenaren kontrakoa, hain justu.
Hori guztia ahaztu gabe hirietako beroak, argi-kutsadurak, airearen kalitateak ea abarrek desabantaila argian jartzen dituztela landa-eremuaren aurrean.
Hala eta guztiz ere, loturarik ez horren ondorio agerikoenetako eta kezkagarrienetako bat biodibertsitatearekiko eta kontzientzia ekologikoarekiko sentiberatasuna gutxitzea da. Izan ere, ezagutzen ez dena ez da maitatzen, eta maitatzen ez dena ez da zaintzen.
Eta horrek landa-eremuaren eta hiri-eremuaren arteko arrakala areagotzen du, batak bestea gabe iraun ezin duten bi mundu badira ere. Izan ere, gizakia naturaren parte da eta ezin du ahaztu bere ekintzetako edozeinek eragin egiten diola espezie moduan.
Hainbat esperientziak, adibidez, Japoniako shinrin-yoku jardunbideak edo “baso-bainuek” eta aire zabaleko hezkuntzaren gorakadak (outdoor learning), ingurunearekiko lotura emozional sendoagoak sortzen dituzte, ingurumena zaintzeko jarrerak sustatuz.
Baina ez dira nahikoak.
Natura gabeziaren sindromeak gogora ekartzen digu planetarekin zerikusi estua dugula: planetaren parte gara. Gure osasuna, gure sormena eta bai elkarrekin bizitzeko gaitasuna ere, neurri handi batean, natura-arloarekiko lotura hori bizirik edukitzearen mende daude.
Klima-krisiaren eta biodibertsitate-galeraren garaietan, naturarekin berriro konektatzea ez da soil-soilik ongizate pertsonalerako kontua: ardura kolektiboko ekintza ere bada.
Utzi erantzuna