Posted

Ardo bihurtzen den ura

Zehaztasuneko mahastizaintzak benetan beharrezkoak diren tokian biltzen ditu ureztatzea eta tratamenduak. Baina, gainera, mahats-bilketan, kaxak, toberak, prentsak, hodiak, lurrak eta andelak garbitzen dira. Erabilitako urak azukreak, alkohola, legamiak, patsak eta gai organikoak eraman ditzake, eta, horrenbestez, lehengai on bihurtzen da produktu berriak egiteko, eta, hartara, ekonomia zirkularra ixteko.

- - - - - - - -

Mundu osoko mahastizaintza- eta ardogintza-jarduerak urtean azpiproduktuen 35 milioi tona baino gehiago sor ditzake. Kantitate horretan, ordea, ez dira sartzen fluxu garrantzitsu batzuk, adibidez, hostoak, baztertutako mahats-aleak edo upategietako hondakin-urak.

Zehaztasuneko mahastizaintzak estazio meteorologikoak erabiltzen ditu, hezetasun-sentsoreak, sateliteko irudiak, droneak eta, diferentzia horiek ezagutzeko, erabakiak hartzen laguntzeko programak. Hartara, ureztatzea edo tratamenduak benetan beharrezkoak diren tokian bildu ahal dira.

Europako SmartVitiNet proiektuak, esate baterako, droneak, irudi hiperespektralak eta adimen artifiziala konbinatzen dituzten sistemak probatu ditu, estres hidrikoa detektatzeko, haren sintomak begi hutsez ikusi ahal izan aurretik. Grezian eta Portugalen egin zituzten frogapenetan, ur-gabezia gizakiak begi hutsez behatuta baino lau egun lehenago identifikatzera iritsi ziren.

Europako beste proiektu batek, LIFE WINEgROVER izenekoak, probak egin zituen Italiako eta Espainiako mahastietan hainbat tresnarekin, adibidez, sentsoreekin, ureztatze lokalizatuarekin, ibilgailu elektrikoekin, informazio meteorologikoarekin eta erabakitze-sistemekin. Aztertutako lursailetan, ureztatzeko uraren kontsumoa % 57 ere murriztea lortu zuten, eta, horrez gain, ongarri gutxiago erabili zuten, emisioak gutxitu ziren eta bai ekoizpen-kostu batzuk ere. Baldintza zehatz eta jakin batzuei lotutako emaitzak dira, baina soil-soilik behar den tokian eta behar denean inbertitzearen ahalmena erakusten dute.

Mahats-bilketan, kaxak, toberak, prentsak, hodiak, lurrak eta andelak garbitzen dira. Erabilitako urak azukreak, alkohola, legamiak, patsak, garbigarriak eta gai organikoak eraman ditzake.

Osagai horietako asko biodegradagarriak badira ere, gai organikoen kontzentrazio handi batek uraren oxigenoa kontsumitzen du haiek deskonposatu bitartean. Hori dela-eta, upategi baten isurketak ezin dira inoiz nahastu etxebizitzetako ur arruntekin.

Ur horietan dauden gai organikoen zati bat biogas bihur daiteke. Intereseko konposatuak berreskuratzeko edo tratatutako ura egokia izan daitekeen erabileretan berrerabiltzeko gai diren sistemak ere aztertzen dira.

Legamiek muztioaren azukreak alkohol bihurtzen dituztenean, karbono dioxidoa askatzen dute. Upategi askotan, gas hori, besterik gabe, atmosferara aireratzen da aireztapen-sistemen bidez.

Europako REDWine proiektuak aukera bat probatu du: hartziduran sortutako CO₂ gasa harrapatu, araztu eta biltzea, mikroalgen hazkuntzan erabiltzeko. Palmelan duen frogapen-instalazioan (Portugal), urtean bi tona karbono dioxido inguru berreskuratu zituen sistemak.

CO₂ hori eta upategiko bertako hondakin-urak erabiliz hazi ziren mikroalgak. Ondoren, lortutako biomasa proteina, pigmentu, lipido eta beste konposatu batzuk bihur zitekeen, nekazaritzan, elikaduran eta kosmetikoen industrian erabiltzeko, besteak beste. Proiektuak zenbatesten duenez, sistema osoak % 30 baino gehiago murriztu ahal du mahastizaintzako eta ardogintzako katearen karbono-aztarna, nahiz eta haren ezarpena eskualde bakoitzaren baldintzen eta eskala edo mailaren mende egongo den.

Bistan denez, upategi guztiek ezin dute mikroalgen instalazio bat kokatu. Hori dela-eta, REDWine proiektuak instalazio partekatuak ere proposatzen ditu, non zenbait enpresak beren azpiproduktuak utziko dizkioten eskualde-mailako zentro bati.

Edo sinbiosi industrialaren alde egin: enpresa baten hondakinak beste enpresa baten lehengai bihurtzen dira. Destilategi batek zenbait upategiren mahats-lapa jaso dezake; konpostaje-instalazio batek inauste-hondakinekin eta beste material batzuekin konbinatu ahal du; elikagaigintzako enpresa batek pats-estraktuak erabil ditzake; eta energia-instalazio batek amaierako frakzioak aprobetxa ditzake.

Ardoa egiteko prozesuan erabiltzen den ura, azukreak, alkohola, legamiak, patsak eta gai organikoak eramaten dituena, aprobetxamendu sinbiotiko horren pean ere egon daiteke.

Ardoa egiteko prozesuari buruz gehiago jakin nahi baduzu:

Mahatsondo-enborretik azken pipitaraino: ezer ez botatzen ikasten duen ardoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.