Posted

Klima-krisiaren soinua

Zeren soinua du klima-aldaketak? Ekaitz baten danbatekoarena? Lehen ez zeuden tokian agertzen diren intsektuen burrunbarena? Edo, beharbada, bere soinu kezkagarriena izango da entzuteari utzi diogun horrena? Naturako soinuak grabatzen espezialista handietako bat da Carlos de Hita, eta lau hamarkada baino gehiago daramatza bere soinu-paisaien bidez planetak kontatzen digunari arreta jartzen.

- - - - - - - - - - - - - -

Paisaiak ikusten dugunaren arabera ezagutzen ohituta gaude. Hala, baso bat zuhaitzen segida bat da; padura bat, ur- eta landare-eremu bat; mendi bat, gailurren eta mazelen multzo bat. Baina zer gertatzen da begiak ixten ditugunean?

Orduan beste paisaia bat agertzen da, ikusezina eta izugarri aberatsa. Hostoak zeharkatzen dituen haizeak, txori baten apeuak, erreka baten zurrumurruak, intsektuen burrunbak edo trumoi baten oihartzunak, adibidez, non gauden kontatzen digute, zer izaki bizidun ditugun inguruan eta bai urteko zein unetan gauden ere.

Carlos de Hitaren ustez, soinuak espazioa marrazten du. Ez da, besterik gabe, naturaren osagarria, baizik eta hura ezagutzeko, interpretatzeko eta harekin hunkitzeko modu bat. Horrelaxe adierazi zuen irailaren 10ean Donostian egin zen Ingurumen Komunikazioari buruzko jardunaldietan.

Argazkiak: UIK eta Ihobe

Soinu-paisaia bat entzuten ditugun zaraten batura baino askoz ere gehiago da. Soinuen hiru familia handik esku hartzen duten konposizio konplexu bat da, hain zuzen ere.

Geofoniak bizigabeak diren elementuen soinuak biltzen ditu: haizea, euria, olatuak, ibaiak, ekaitzak eta abar.

Biofonia izaki bizidunen ahotsa da. Hegaztien txioa, igelen korroka egitea, intsektuen burrunba eta otsoen ulua, esate baterako.

Eta antropofoniak gizakiok eta gure jarduerek sortzen ditugun soinuak hartzen ditu barne: zirkulazioa, hegazkinak, makineria, hiriak eta gure eguneroko bizitzan nagusi diren zaraten zati handi bat.

Hiru dimentsio horiek elkarrekin bizi dira, baina haien arteko oreka aldatzen ari da. Gizakion jardunak gero eta espazio akustiko handiagoa hartzen du, eta naturako soinuak ordezkatu, estali edo zuzenean isilarazi egiten dira. “Horren emaitza da progresiboki uniformeagoa, monotonoagoa eta, toki askotan, berdinagoa den soin-paisaia bat”, azaldu du Carlos de Hitak.

COVID-19 koronabirusaren pandemiak eragindako itxialdian esperimentu akustiko ustekabeko bat izan genuen. Zirkulazioa gutxitu egin zen, hegaldiak murriztu egin ziren eta giza jarduera asko eta asko gelditu egin ziren. Bat-batean, eguneroko zarataren pean ezkutatuta zeuden soinuak berriro ere hautemangarri bihurtu ziren.

Carlos de Hitak aparteko esperientzia moduan oroitzen du aldi hura: “Natura ahaztuta zirudien modu batean entzuteko bidea eman zuen giza jarduna murrizteak. Izan ere, grabatzen zailenetakoa den gauzetako bat da isiltasuna; hain zuzen ere, naturan inoiz ez dagoelako erabateko isiltasunik”.

Klima-aldaketaren soinu-banda bat aukeratzeko eskatzen zaionean, Carlos de Hitak proposatzen du txitxarren kantuari arreta jartzea.

“Txitxarrak beroari lotutako intsektuak dira. Mediterraneoko udetako ohiko paisaiaren parte da haien soinua. Baina zer gertatzen da lehen ohikoak ez ziren tokietan entzuten hasten garenean? Txitxarrak 1.200 metroko altitude inguruan eta bai 1.800 metrokoan ere entzuten dira egun. Lekualdatze akustiko hori ekosistemak izaten ari diren aldaketen seinale edo marketako bat da, zehazki”.

Horrenbestez, klima-aldaketak ez ditu bakarrik espezieen banaketa-mapak aldatzen. Lurraldeen musika ere aldarazten du. Izan ere, era berean da deigarria bai berri gisa entzuten dena eta bai entzuteari uzten zaiona ere.

De Hitak gogorarazten digu erleen burrunba udaberriaren eta udaren soinu bereizgarrietako bat dela. Hala, naturagune batetik desagertzen denean, litekeena da pestiziden erabilerarekin, habitaten galerarekin edo beste ingurumen-presio batzuekin lotutako arazoak adierazten aritzea.

Antzeko zerbait gertatzen da estepako zenbait hegaztirekin, haien populazioetan eragina izan baitute lurraldearen eraldaketek eta ingurumen-aldaketek.

De Hitak ohartarazi du, gainera, zenbait soinuk, hunkitzeaz gain, biziraupeneko istorioak kontatzen dituztela.

De Hitak basa antzaren soinua ekarri du gogora, haien migrazioetan milaka kilometro egin eta gero, tradizionalki babesa eta elikagaia aurkitzen zuten hezeguneetara itzultzen diren antzarena.

Nahiz eta egia den padura horietako batzuk ura galtzen ari direla. Hori dela-eta, hezegune andeatu batera heltzen diren hegaztien soinuak esanahi desberdin bat hartzen du. Orain ez da soil-soilik migrazio baten iragarpena, baizik eta gaizki egiten ari garela adierazten digun oroigarria.

Dena den, naturako soinu guztiek ez dute krisiaz hitz egiten. Haietako batzuek animalien bizitza eta haiekin dugun harremana hobeki ulertzeko modua ematen digute.

Carlos de Hitak bere ibilbideko unerik intimoenetako bat ekarri du gogora: gau bete-betean, otso baten ulu urruna entzutea eta, handik laster, haren otso-taldearen erantzuna.

“Niretzat hura magikoa izan zen; izan ere, mendira edo landara ateratzen naizenean grabatzera, gerta dakidakeen onena da animaliek ni ez entzutea edo sumatzea, ez sentitzea mehatxua naizela haientzat edo ni han egoteak ez aldaraztea haien jokabidea”.

Eta hori da Carlos de Hita 40 urtean baino gehiagoan gauzatzen ari den jardunbidea. “Ez naiz zientzialaria, ez eta ikertzailea ere. Naturaren soinuak marrazteko sonogramak erabiltzen dituen komunikatzaile bat baino ez naiz. Izan ere, ikusmenak lortzen ez dituen naturako dimentsioak ezagutzeko aukera ematen baitu soinuak”.

Hala, toki berberean hainbat urtean egin dituen grabazioak memoria ekologikoaren benetako artxibo bihurtu dira.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.