Posted

Gizakia gaixotzen denean, natura bere onera etortzen da?

COVID-19aren krisiaren ondorioek agerian utzi dituzte ingurumen-erronken kudeaketan ditugun gabezietako asko, eta erakutsi dute gure osasuna eta naturarena estu lotuta daudela. Beharbada ekiteko unea iristen ari da, bai baitirudi ingurumenak ez ezik gure gizartearen osasunak eta ongizateak ere aterako dutela onura.

- - - -

Aurreko argitalpen batean adierazi genuen moduan, azken 40 urteetan sortu diren giza gaixotasunen %70 zoonosiak dira, hau da, animaliengandik gizakiongana jauzi egin duten eritasunak. Natura-orekak suntsitzeak, minimoak badira ere, beti ondorioak ekartzen dituenaren adibideak dira hegazti-gripea, SARSa, ebola, txerri-gripea eta, jakina, COVID-19a. Horrenbestez, gure osasuna eta naturarena estu lotuta daudela esan daiteke argi eta garbi.

Yuval Noah Harari idazleak eta historialariak (“Homo Sapiens”, “Homo Deus”, etab.), Foro TELOS 2020 topaketengatik egindako elkarrizketa batean, pandemiaren gainean hitz hauek esan zituen: “Ez gara guztiz gaizki egiten ari. Ziur nago pandemia gainditzeko behar dugun ezagutza zientifiko guztia dugula orain. Aurreko beste pandemia batzuekin alderatuta, besteak beste, HIESarenarekin, 1918ko gripearen epidemia handiarekin edo izurri beltzarekin, uste dut orain askoz ere hobeto gaudela. Edonola ere, beste arlo batzuetan kezkatzeko arrazoi asko daude, ez baitago lankidetzarik mundu osoan hainbat kontutan, adibidez, ekonomia-plan global bat edo ingurumen-plan bat garatzean. (…) Gogoan izan behar dugu animaliak izaten jarraitzen dugula, eta, hortaz, ekosistemaren parte garela. Nolabait, esan dezakegu natura borondate onekoa izan dela gurekin, abisu txiki bat besterik ez baitigu helarazi. Epidemiei dagokienez, COVID-19arena nahiko arina da. Nola edo hala, natura esaten ari zaigu zer gerta daitekeen ez badugu lantzen eta konpontzen ingurumen-arazoa”.

Eta badirudi esperientzia arrazoia ematen ari zaiola eta gizakia dela kalte handiena hartzen duena ingurumenarekiko erlazioa ez bada hobetzen. Izan ere, gizakia gaixotzen denean eta bere jarduna murrizten denean, natura bere onera etortzen da.

Azterlan askok berresten dute gure bizimoduaren abiadura moteltzeak, konfinamenduaren bidez birusa kontrolatzeari lotuta, arnasten dugun airearen kalitatea hobetzea ekarri zuela.

Greenpeacek iragarri zuen joan den urteko martxoaren 14a eta 21a arteko astean Madrilen nitrogeno dioxidoaren batez besteko balioak ia ez zirela iritsi Osasunaren Mundu Erakundeak (OME)  eta Europar Batasunak finkatuta duten mugaren %40ra. Eta Bartzelonan antzeko zerbait gertatu zen. Yale Unibertsitatearen ikerketen arabera, otsailaren erdia eta martxoaren erdia artean Txinan poluzioa maila historikoetaraino murriztu zen (%20 eta %30 arteraino). 

Uztailean, ordea, Asiako erraldoiaren jarduera berriro aktibatuta, kutsadura-indizeak aurreko urtekoak baino handiagoak ziren. Horren ondorioz, urteko zenbaketa globalaren emaitza %8ko jaitsiera baino ez zen izan.  

Antzeko zerbait gertatu zen Amazonasko deforestazioarekin. Bazirudien pandemiak ahalbidetuko zuela aurreko urteetako maila kezkagarrietara ez heltzea, baina 2020aren amaieran egiaztatu zen deforestazioa 2019koa baino handiagoa izan zela, horrek mundu osorako berekin dakartzan ingurumen-arazo guztiekin. Esate baterako, urakanen kopurua eta gogortasuna. AEBetako NOAA bulego nazionaleko Klima Iragarpenaren Zentroak aurreikusi zuen udazkenean Atlantikoan urakanak gertatzeko ohiko probabilitatea baino %60 handiagoa zegoela. Eta ez zen okertu. Ekaitz handiak izendatzeko erabiltzen den izenen ohiko zerrenda ahituta zegoen urritik eta grezierako alfabetora jo behar izan zen denbora-tarte horretan gertatu ziren laurak izendatzeko: Delta, Epsilon, Eta eta Iota.

COVID-19ak, gainera, hondakin plastikoek gora egitea ekarri digu: eskularruak, maskarak, aurpegiak babestekoak, manparak, elikagaietarako ontziak… Ecoembesek ematen dizkigun datuen arabera, plastikoen bilketa %15 emendatu da konfinamendua hasi zenetik. Ikusten dugu supermerkatuetan izugarri igo dela elikagai ontziratuen salmenta. Nielsenen arabera, etxetik egindako erosketak, zeinetan plastiko gehiago erabiltzen den, %74 handitu ziren konfinamenduaren bigarren astean, martxoaren 23a eta 29a artean, aurreko urteko aldi berberaren aldean.

Ingurumenerako Europako Agentziaren (AEMA) txosten baten arabera (“COVID-19a eta Europako ingurumena: mundu osoko pandemia baten inpaktuak), COVID-19aren krisiak agerian utzi du Europak eta mundu osoak aurrez aurre dituzten ingurumen-erronkei heltzeko urgentziako premia.

Beharbada erronka horiei aurre egiteko unea iristen ari da, bai baitirudi ingurumenak ez ezik gure gizartearen osasunak eta ongizateak ere aterako dutela onura. 

Lotutako artikuluak:

Aztarna ekologikoa murrizteko aholkuak

Merkataritza elektronikoaren aztarna mamua

Kontuz plastikoarekin

Aholkuak kontsumo ordenatua eta segurua egiteko

COVID-19a eta era arriskutsuan arnasten dugun airea

COVID-19a eta kutsaduraren beherakada

Arnasten dugun airea, COVID-19ak utziko dizkigun onura gutxietako bat

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.