Posted

Desagertzeko arriskuan dauden zuhaitzak

Mundu osoko 60.000 zuhaitz-espezieetako hiru zuhaitzetatik bat desagertzeko arriskuan dago. Zer esan nahi du horrek? 1,3 bilioi euro gal daitezkeela mundu osoko ekonomian. Hegaztien espezieen %75ek, ugaztunen espezieen %68k eta ornogabeen espezieen 10 milioi inguruk beren habitata galduko dutela. Mundu osoan sortzen den karbonoaren %50en biltegia desagertuko dela. Azken batean, Lurrean bizitzea askoz ere zailagoa izango dela.

- - - - - - - - - - -

State of the World’s Trees azken txostenaren arabera, 17.500 zuhaitz espezie, hau da, mundu osoko 60.000 zuhaitz-espezieetako hiru zuhaitzetatik bat, desagertzeko arriskuan daude. Espezie horietatik batzuetan, aleren batek bakarrik irauten du basa-egoeran. Beste batzuetan, ar gutxi edo eme gutxi gelditzen dira, bakartuta, eta horrek ekartzen du era naturalean ugaltzea ezinezkoa izatea jada.

Errealitatea hori izanik, azken urteetan ugaritu egin dira naturan 50 ale baino gutxiago dituzten 440 zuhaitz espezieak salbatzeko proiektuak. Eta bai baso zaharrak berreskuratzen (hemen irakurri) eta ale bereziak babesten saiatzen direnak ere.

Baina, zergatik? Zer garrantzi du zuhaitzak desagertzeak gure eguneroko bizimoduan?

Adituen arabera, aleak eta espezieak desagertzeak errotikako aldaketa eragin dezake gure bizimoduetan:

Ekonomia:

Munduko basoek 1,3 bilioi eurorekin laguntzen dute mundu osoko ekonomia. Nahiz eta zura den produkturik errentagarriena, aintzat hartzekoak dira era berean zur-produktuak ez direnak, hala nola fruta, sendabelarrak edo landare mikologikoak eta ehiza, merkataritzan 88.000 milioi euro sortzen baitituzte.

Biodibertsitatea:

Hegaztien espezieen %75, ugaztunen espezieen %68 eta ornogabeen espezieen 10 milioi inguru basoetan bizi dira. Eta bai mundu osoko landare-espezieen erdiak ere. 1970az geroztik, bizirik iraun ahal izateko zuhaitzen mende dauden espezie horien guztien %53 gutxitu dira gutxi gorabehera.

Klima-aldaketa:

Mundu osoko karbonoaren %50 pilatzeko modua ematen digute basoek. Baso horietatik, askotarikoak direnek, eta ez monolaborantzakoek, karbono gehiago metatzen dute.

Hori dela-eta, espezieen dibertsitatearen gaiak garrantzi berezia hartzen du. Flora biodibertsitatea dagoenean, habitata eman dakieke animalia kopuru gehiagori eta desberdin gehiagori, eta horrek oreka ekologikoa laguntzen du, eta bai izurriteekiko eta gaixotasunekiko erresistentzia ere.

Gainera, zuhaitzek lurzoruen higadura geldiarazten dute.

Aurreko argitalpen batean azaldu genuen hirietako auzoen balioa handitu egiten zela auzo horietan zeuden zuhaitzen proportzioan. Izan ere, zuhaitzek itzala eta freskura ematen dute, eta bai hezetasuna ere, eta horrek asfaltoaren beroari aurre egiten laguntzen du. (hemen irakurri).

Horrenbestez, ez da zaila pentsatzea natura-ingurunean zuhaitzen presentzia are garrantzitsuagoa dela, ingurune horretan, gizakiek ez ezik, beste izaki bizidunek ere onura ateratzen baitiote zuhaitzen botere eta ahalari.

Hortaz, ez daitezela gizakiak izan zuhaitzak desagerraraziko dituztenak.

 

*Iturria:

https://www.theguardian.com/environment/2022/sep/02/tree-extinctions-species-wildlife-ecosystems-scientists-aoe

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.