1790ean ekarri zuten ura Iruñera lehenbiziko aldiz, Subitzako iturburutik, hain zuzen. Baina handik ehun urtera, hori ere ez zen nahikoa, hiriko biztanleria eta haren premiak ere hazten baitzihoazen. Hori dela-eta, Artetako iturburutik ura hartzen hastea erabaki zen, eta 1895ean inauguratu zuten. (irakurri hemen)
- XX. mendean, ordea, hirurogeiko hamarkadaren hasieran egon zen eskasiak ekarri zuen hornikuntza-iturri berri bat behar izatea. Aintzat hartuta jada 1959an José Mª Torres ingeniariaren eta René Petit de Oryren txostenek gomendatzen zutela Arga ibaia erregulatzea eta urtegi bat eraikitzea Eugiren parean, erabaki zen hori toki aproposa zela urtegi bat eraikitzeko.
Eugi Esteribarren udal-barrutian zegoen, Iruñetik 26 kilometrotara, eta Arga ibaiaren goi-ibarreko urak biltzen zituen, industriarik eta beste kutsadura posible batzuk gabeko ingurune batean.
Ondorioz, oinplano makurreko grabitate-presa eraiki zen, 252 metroko luzerakoa, ibaiaren mailaren gainean 44,3 metroko altuera maximokoa, 20,26 hektometro kuboko bolumen erabilgarrikoa eta 628 metroko kota maximokoa. Urtegia betetzeak berekin ekarri zuen basoko etxea desagertzea, labea eta errota, bere presarekin, beste eraikin batzuen artean.
1970ean obra ia amaituta zegoen eta martxan, azpiegituren inaugurazio ofiziala 1973 arte egin ez bazen ere.
Urtegia martxan jartzearen xedea urez hornitzea izan zen. Baina, horrez gain, beste bi helburu betetzen zituen. Alde batetik, elektrizitatea sortzen zuen instalaziorako eta sare nagusirako, presaren oinean dagoen zentral txiki baten bitartez. Eta bestetik, Arga ibaiaren emari ekologikoari eusten zion, 500 litrokoa segundoko, ibilguan eta ibaiaren ertzetan flora eta fauna babestuta.
Egun, esan daiteke urtegia eraikitzea erabakigarria izan zela Iruñearen eta bere hiri-continuumeko herrien demografia-, hiri- eta industria-garapenerako.
Gaur egun
Gaur egunean, Iruñerrian kontsumitzen den uraren %40 baino gehiago ematen du Eugik. 20,26 hektometro kuboko edukiera erabilgarria izanik, hornikuntzarako baliatzen den emaria 1.050 litrokoa da segundoko.
Hornikuntzarako bideratzen den ura Urtasungo EUTEra garraiatzen da, urtegitik 1,5 kilometrotara. Estazio hori ere 1973an eraiki zuten, eta etengabeko prozesuan lan egiten du.
Hasieran gertatu zen moduan, urtegiak erregulazio-lanak egiten ditu: ura pilatzen du ibaia handituta joaten denean eta ura askatzen du maila jaisten denean, ibilguko eta ertzetako flora eta fauna ongi garatzeko bidea ematen duen segundoko 500 litroko emari ekologikoa ziurtatze aldera.
Gainera, urak erortzen denean sortzen duen energia elektrizitate bihurtzen jarraitzen du eta sare nagusiari saltzen dio presaren oinean dagoen zentral hidroelektrikoak.
Urtasun
Estazioan tratatu eta araztu ondoren, ura kontsumorako prest egoten da. Zehazki, Mendillorriko ur-biltegietan pilatzen da, erregulazio- eta banaketa-zentro moduan egiten baitute lan ur-biltegi horiek. Biltegi horietatik ehunka kilometro dituen hodi-sare bat abiatzen da, eta ura Iruñeko eta Iruñerriko etxebizitza, lantegi, parke, baratze eta lorategi, zerbitzuen zentro, eskola eta ospitaleetara bideratzen da.
Eugiko urtegiko ura kalitate onekoa da, Arga ibaiaren goi-ibarretik etortzen baita, biztanleria gutxiko ibar batean kokatuta, ia industriarik gabe eta abere gutxirekin. Edonola ere, osasun-arloko eskakizun eta araudietara egokitu behar du, higieneari dagokionez edateko ura izateko.
Kontsumorako den ura urtegitik Urtasungo Edateko Uren Tratamendu Estaziora bideratzen da, eta han malutapen-, koagulazio-, dekantazio- eta iragazpen-prozesuak egiten zaizkio, gizakiok kontsumitzeko egokia izateko.
Estazioak duen tratamendu-ahalmena segundo bakoitzeko 1.050 litrokoa da.
Eugiko urategiari buruz gehiago jakin nahi baduzu, serie bat egin dugu zuretzat:
Eugi Iruñea eta Iruñerria hornitzeko iturriaren oraina
Urpeko ontzi bat Eugi urtegian
“Ura Iruñerrirako 1973z geroztik” infografia
*Iturria
https://www.mcp.es/sites/default/files/documentos/historia_del_abastecimiento.pdf
Utzi erantzuna