Posted

Ez daitezela egarriak egon gure zuhaitzak

Iruñeko auzo bateko aldizkariak ekimen bat proposatu du, bertako auzolagunek ura birziklatzeko eta hiriko zuhaitzei edaten emateko. Baina helburua askoz harago doa. Roberto Carmona ideiaren aitzindarietako baten arabera, “ekimen honetan garrantzitsua da ingurumen-kontzientziazioa eta ura aurreztu behar dela ulertzea. Horrez gain, ez dugu ahaztu behar garrantzitsua iruditzen zaigula lotura bat sortzea herritarren eta zuhaitzen artean, eta zuhaitzek gizakiontzat dituzten onurak erakustea”.

- - - - - - - - - - - - -

2022ko udan, Logroñon, ‘Amigos de los árboles de Logroño’ taldea sortu zen. Taldearen xedea zen, hain zuzen, herritarrek txorko bat babestea eta bera zaintzen laguntzea udal-zerbitzuei.

Ideia, bere horretan, ez zen berria, izan ere, beste toki batzuetan bizilagunek inguruneko zuhaitzak adoptatzen baitzituzten, beren etxeetako zati moduan hartuta.

Orain, ideia hori Iruñeko auzo batera iritsi da, Arrotxapera, hilabetean behin postontzietan banatzen den doako Ezkaba aldizkariaren ekimenez.

Roberto Carmona aldizkari horretako kideetako bat da eta bai auzoko bizilaguna ere. Azaldu du “aurreko urtea oso beroa eta lehorra” izan zela, eta badirudiela “aurtengoa ere halakoa” izango dela.

Dirudienez, horrek ekarri zuen Arrotxapean bakarrik ehun bat zuhaixka eta zuhaitz hondatzea. “Oro har, txokoetan dauden zuhaitzak ez dira ureztatzen. Lorategietan daudenek soropila ureztatzeko ura jasotzen dute, baina lurra oso lehor badago, joan den urtean gertatu zen eta aurten gertatzen ari den moduan, hori ez da nahikoa. Batzuetan, ekaitzak ere ez dira nahikoak, ez baitira iristen hostoek estaltzen duten lurraren aldea bustitzera. Hori dela-eta, zerbait egin behar genuela pentsatu genuen”.

GOTAnta ekimena (gaztelaniazko “gota” eta euskarazko “tanta” batuta) proposatu zuten. “Ezkaba aldizkaritik proposamen bat jarri nahi dugu abian, auzolagunek ura aurreztu eta biltzeko beren eguneroko jardueretan, gero aprobetxatu eta hiriko zuhaitzak ureztatzeko harekin”, irakur zitekeen aldizkariaren orrialdeetan, aurkezpen moduan.

Horrenbestez, asmoa ez da ur gehiago gastatzea, baizik eta gure eguneroko jardueretan alferrik galdu ohi duguna biltzea: guk nahi dugun tenperatura lortu bitartean dutxan irteten uzten dugun ura, kirola egitera ateratzen garenean botilatxoan sobera gelditzen zaiguna… “Ur-kantitatea orientagarria da. Zuhaitz bat landatuta dagoen txorkoan astean pare bat litro botatzea nahikoa izango litzateke”, gehitu du Carmonak.

Zainduko den zuhaitza aukeratzeko, aldizkariko kideek gogorarazi digute zuhaitz egartsuenak espaloietan daudenak direla, eta bai duela gutxi landatutakoak ere. Eta ur-kantitate handiena behar dutenak, berriz, tamaina eta neurri handienekoak direla.

Behin aukeratuta, aldizkariak proposatzen du klarionarekin koloretako tanta bat margotzea enborrean, jada babestuta dagoela adierazteko.

“Ekimen honetan garrantzitsua da ingurumen-kontzientziazioa eta ura aurreztu behar dela ulertzea. Horrez gain, ez dugu ahaztu behar garrantzitsua iruditzen zaigula lotura bat sortzea herritarren eta zuhaitzen artean, eta zuhaitzek gizakiontzat dituzten onurak erakustea.

Gainera, jada hemen dagoen klima-hondamendiaren ondorioz gero eta pertsona gehiagok sentitzen duten klima-antsietate hori arindu nahi dugu, eta sentipen hori gutxituko duen jarduera bat egiteko aukera eman. Nire ustez, gizarteak arazoak bere gain hartzen dituenean, erakundeetatik kanpo, gauza asko lor litezke”, amaitu eta ondorioztatu du Carmonak.

Ingurumen-kontzientziazioa eta guztion onurako egindako lana. Horrek guztiak osatzen du GOTAnta ekimena, Errotxapeako gerizpeak ez desagertzea lortuko duena.

Zuhaitzek hiri-eremurako dituzten onurari buruz gehiago jakin nahi baduzu, post hau irakurri dezakezu (hemen irakurri)

 

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.