Ile-xerlo bakoitzak 100 gramoko pisua ere jasan dezake. Aintzat hartzen badugu, gure buruan batez beste 100.000 eta 150.000 ile-xerlo artean ditugula, ondoriozta dezakegu gure adatsak bi elefanteren pisuaren baliokidea jasan ahal izango lukeela, edo, bestela esanda, 5.400 kilogramo pisu inguru.
Izan ere, ileak duen erresistentzia-pisu erlazioa altzairuak duen erlazioarekin alderatzeko modukoa da. Gainera, hautsi aurretik, % 70erainoko deformazioa jasan ahal du. Eta horrez gain, ura aldaratzen du eta biodegradagarria da.
Hori guztia keratinazko proteina-zuntzen osaerari zor dio, artilearen edo alpakaren osaeraren antzekoa dena.
Eta ahalmen hori guztia eduki arren, urtero giza ilearen 150 milioi kilogramo iristen dira Europako zabortegietara.
Herbehereetako Zsofia Kollar diseinatzailea beti liluratu izan du ileak. Espezialista material berrietan, eta ingurumenarekiko konpromiso handia hartutakoa, oso kontziente zen egun gure aitona-amonek baino bost bider arropa gehiago edukitzen dugula eta modaren industria gehien kutsatzen duen bigarren industria dela, petrolioaren industriaren ondotik.
Ehun-zuntzen % 60 baino gehiago sintetikoak dira egun eta munduko hainbat tokitan ehungintzako lantegietako hondakin-ur toxikoak ibaietara isurtzen dira.
Bestalde, elastiko bat egiteko behar den kotoi-kantitatea sortzeko gastatzen den ura pertsona batek bi urte eta erdian edaten duenaren baliokidea da.
Horrek guztiak bultzatu zuen nederlandar diseinatzailea ikertzera zein sektoretan erabil zitekeen giza ilea modu eraginkorrean. Eta ondorioztatu zuen, ehungintzan material iraunkor berri moduan erabiltzen bazuen, kutsadura, baliabideen gastua eta hondakinen bolumena murriztuko zituela.
Hartara, uste osoa izanda, Human Material Loop enpresa sortu zuen Amsterdamen, erronka honekin: teknologia bat garatzea giza ilea eraldatu eta zuntz-mota bat bihurtzeko, gero zuntz hori ehun-material bihurtu ahal izateko, jada badagoen makineriarekin.
Eta lortu du. Bere lehen prototipoa gizakion ilearekin % 100ean egindako jertse bat da, artilezko edozeinen oso antzekoa eta 2024an hasiko dena merkaturatzen artilezkoen antzeko prezio batean.
Gainera, Kollarrek lan egiten jarraitzen du bilketa-zerbitzu bat inplementatzeko eta, hala, ile-apaindegietako hondakinak kudeatzeko.
Edonola ere, ez da gizakion ilea ehun-ekoizpenean erabiltzen den lehen aldia. Antzinako Nubian, Nilo ibaian kokatuta Sudanen, Egiptorekiko mugaren hegoaldean, hil-oihal batzuk giza ileekin ehundu zituzten. Bestalde, Mongolian, antzinako biztanleak yurtetan bizi ziren tradizionalki, eta animalien larruekin edo artilezko edo giza ilezko feltroarekin estaltzen zituzten, neguko tenperatura izugarri hotzen aurka isolatzaile bikaina baitzen.
Eta oraindik orain, Bigarren Mundu Gerran, lehengaien eskasia handia egon zen Suedian. Tabergs Yllefabrik etxeak arropa-ekoizpenean artilea gizakion ilearekin nahasteko tradizio zaharra berreskuratuz egin zion aurre arazo horri, besteak beste. Artile-lantegi hori Ile-apaintzaileen Suediako Elkartearekin elkartu zen, ile-apaindegietako lurreko ileak biltzeko.
Orain, ezagutza haiek guztiak berreskuratzen dira hondakinak zerbait berri bihurtzen dituen birziklapenaren bila, ingurumenean ondorio negatiboak izan gabe.
Zsofia Kollarrek argi du: “Zer ekarriko ote dio etorkizunak birziklapenari? Bi hitz: zero zabor”.
Ehungintzan material berriak erabiltzearen gaineko beste ekimen batzuen berri izan nahi baduzu, argitalpen hauek kontsultatu ahal dituzu.
Material berrie buruz gehiago jakin nahi baduzu, irakur ditzakezu post hauek:
Clint, lehorgailuetako ehun-hondakinetatik ateratako material berria
Material berriak garai berrietarako
Joera-aldaketa erlojuen eta bitxien industrietan
Upcycling, kreatibitateren bitartez egindako superbirziklapena
*Iturria
https://humanmaterialloop.com/
https://www.nationalgeographic.com.es/edicion-impresa/articulos/cabello-humano-material-textil_20598
Utzi erantzuna