Posted

Hondar eta hartxintxarrezko harrobi zahar batean oinutsik egiteko paseoa

Sarritan ahaztu egiten zaigu gizakia ez zela oinetakoekin jaio. Izan ere, gure arbaso zaharrenak oinutsik ibiltzen ziren bide basatietan. Egun, galdu egin ditugu erreferentzia horiek eta, haiekin batera, naturaren kontaktuak gure oin biluziei ekar diezazkiekeen onurak. Orain, Lietebergeko bisitarien zentroak (Belgika) 3 kilometroko luzerako paseoa oinutsik egiteko aukera eskaintzen du, hondar eta hartxintxarrezko harrobi zahar batean.

- - - - - - - - -

Lietebergeko bisitarien zentroa (Belgika) Limburgen bihotzean dago, hondar eta hartxintxarrezko harrobi zahar batean. Zentro hori Hoge Kempen Parke Nazionalean sartzeko ateetako bat da, eta haraino joaten denari dibulgaziozko zenbait jarduera eskaintzen dizkio: taldeentzako bisitak, ikasleentzako jarduerak, intsektuen safari bat Entomopolis izeneko museoan…

Baina, beharbada, zentro honen alderdi deigarriena da oinutsik egiteko eskaintzen duen paseoa. Ezaugarri hauek dituen lehenbizikoa da Flandrian, hiru kilometroko luzera du eta oinutsik baino ezin da egin. Hartara, erabateko esperientzia da zentzumen guztietarako.

Batez ere, ukimenerako, oinek zuraren, zuhaitzen ezpalen, belarraren, margen eta uraren estimulu bereziak hauteman ahal izango baitituzte. Hotza eta beroa, hezea eta lehorra, sentipen atsegina eta estimulatzailea txandakatzen dira bide honetan. Ur-iturriak, hondarrezko muinoak, eskalatzeko, plisti-plasta ibiltzeko eta erortzeko aukera ematen duten aldapa pikoak, zurezko zaintza-dorre bat, labirinto bat eta zubi eseki bat ere badaude ibilbidea osatzeko.

 

Ez dago denbora jakin bat ibilbidea egiteko, baina gomendatzen da astiro ibiltzea oinez, begiak finko jarrita bidean, xehetasun bakar bat ere ez galtzeko.

Edonola ere, ukimena ez da gehien aktibatzen den zentzumen bakarra. Ekimen honen enpresa aitzindariak ziurtatzen du gainazal desberdinen gainean oinutsik maiz ibiltzeak bihotza eta odolaren zirkulazioa ere estimulatzen dituela, eta presio arteriala erregulatzen duela.

Halaber, nabarmentzen du oinutsik ibiltzea ona dela koordinaziorako, bizkarreko giharrak indartzeko eta hesteen eginkizuna bultzatzeko.

Onura horietatik kanpo, oinei egiten zaien masaje naturalaren alderdia dago. Oinetako erreflexologia espontaneoaren antzeko jarduna da, gure bizimoduen ondorioz hainbeste areagotzen diren estresa eta tentsioak borrokatzeko terapia natural ahaltsuenetako bat.

Gogora ekarri behar da oinetako erreflexologia tratamendu holistikoa dela, oinetan kokatuta dauden gune erreflexuen bidezkoa. Holistikoak esan nahi du gorputza unitate moduan ikusten dela, eta bertan gorputz-adar eta organo desberdinak eta burua elkarri konektatuta daude. Gune erreflexuak organoei, guruinei, artikulazioei eta giharrei konektatuta daude, nerbio-bideen bitartez.

Horrenbestez, planteatzen diren terapiek beti multzoa hartzen dute aintzat, ez arazo puntuala edo toki jakin batekoa. Hala, masajearen eta oinetako gune erreflexuetan presioa egitearen bidez, gorputzaren zirkulazioa, fluxu linfatikoa eta eginkizun hormonalak estimulatzen dira.

Eta, azkenik, onura horiei guztiei gehitu behar zaie naturaren isiltasunak eta naturak eskaintzen duenaz gozatzeak ematen duena.

Hortaz, Lieteberg, bake- eta erlaxatze-babesleku bihur daiteke, oinetakoak kendu eta larruazalean hondar eta hartxintxarrezko harrobi zahar baten kontaktua sentitzeko prest daudenentzat.

Naturarekiko harreman estua eskeintzen duten beste jarduera batzuk ezagutu nahi badituzu:

Danimarka, sinbiosia naturarekin

Hartu baso-bainu bat!

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.