Posted

Ingurumen-komunikazioa, moda ala beharra?

Azkenaldian egiaztatu ahal izan dugu hedabideetan gero eta maizago eta modu transbertsalago batean jorratzen dituztela ingurumen-izaerako informazioak. Hori guztia moda bat al da ala komunikazioa ulertzeko modu berri bat?

- - - - - - - - - - -

Ingurumenaren gaineko komunikazioa moda ala beharra da? Aspaldi honetan, ingurumenaren gaineko artikuluen kopurua gero eta handiagoa da. Gainera, informazioa lehen baino modu transbertsalago batean jorratzen da, erraza baita ingurumen-edukiak aurkitzea mota guztietako ataletan. Baina hori zeren ondorioa da? Hedabideak benetan sinetsita daude izaera honetako informazioari zabalkundea eman behar zaiola?

“Ingurumen-komunikazioa ezinbestekoa da. Ingurumenaren gaineko informazioak biziak salbatzen ditu. Eta ez da moda, funtsezko informazioa da. Egunero ari gara ikusten hori klima-aldaketaren ondorioekin, lehortearekin, suteekin… Ongi informatuta dauden herritarrak behar ditugu, erabakiak ingurumen-irizpideen arabera har ditzaten”.

María García de la Fuenteren hitzak dira. Bera APIA Ingurumen Informazioko Kazetarien Elkartearen lehendakaria da. Elkarte hori 1994aren amaieran sortu zuten, eta hedabide desberdinetan ingurumenari buruzko informazioaren alorrean lan egiten duten 200 kazetari baino gehiago hartzen ditu egun.

Elkartearen ibilbidearen 30 urteetan, María bezalako pertsonek ikusi dute nola pixkana aitortzen zihoan ingurumen-kazetaritzan espezializatzea eta nola zihoan protagonismoa hartzen. “Ingurumen-kazetaritza une onean dago, orain tokia eta denbora baitugu hedabideetan. Hori bai, arazo bat dugu, kazetarien eta freelance aritzen direnen lan-baldintzak hobetzea beharrezkoa baita, baldintza duinetan eta soldata duin baten truke lan egiteko aukera izan dezaten”, kexatu da María.

Beharbada, hori izango da egun lanbide honek aurrez aurre duen oztopo handienetako bat, denborarik ezarekin batera. “Berehalakotasunak zorroztasunaren aurka egiten du, eta ez du egiaztatzeko denborarik uzten. Hori dela-eta, oso garrantzitsua da hedabideetako plantillak beharretara egokitzea eta ez eskatzea kazetari bati egun batean hiru albisteren berri emateko, argazkiak eta bideoak egiteko, sareetara igotzeko eta, gainera, informazioa egiaztatzeko”, adierazi du.

Eta badirudi hau dela joera hori aldarazteko unea, “klima- eta biodibertsitate-krisia hemen baitago eta herritarrek asko egin baitezakete. Horrenbestez, informazioa emateko unea da, hartara, jarduteko”.

Beraz, elkarteak, bere funtsezko euskarrien artean, herritarren artean ingurumen-kontzientzia sortu eta ekintza sustatu behar duen profesionalen talde horren prestakuntzaren alde egiten du. Horretarako, espezializazio-beketarako deia egiten du ikasle gazteentzat eta lizentzia eskuratu berrientzat Efe Agentzian, Europa Pressen eta La Vanguardian. Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitateko Ingurumen Komunikazioko Eskolak udako ikastaroak antolatzen ditu, Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoarekin elkarlanean.

“Gainera, bi urtetik behin Ingurumen Kazetaritzako Biltzarra antolatzen dugu, ahaztu gabe Kordoban Kazetaritzako eta Ingurumeneko Nazioarteko Mintegia egiten dugula, Enresarekin batera (Hondakin Erradioaktiboen Enpresa Nazionala). Eta bai beste tailer, jardunaldi, ikastaro… batzuk ere. Elkartearen ustez, oso garrantzitsua da jardunean dauden kazetariak ingurumenean espezializatzea sustatzea, alde batetik, eta unibertsitatean ikasten ari diren gazteak espezializatzea, bestetik, prestakuntza ona edukitzea funtsezkoa duen profesionalen talde horren bidez iritsiko baita ingurumen-informazioa masa sozialera”.

Eta gizartea ongi prestatuta dago? Ingurumen-gaiak hartzeko prest dago? Badago jada ingurumen-kontzientzia hori? “Zintzoa izan behar badut, onartu behar dut informazioen zorroztasuna gehiago lehenestearen falta sumatzen dugula elkartean, berehalakotasunaren aurrean, eta analisi saioei tokia eta denbora uztearen falta, gertakarien saioen aurrean. Gure iritziz, ingurumen-dibulgaziorako saioek toki gehiago eduki beharko lukete, esamesa eta txutxumutxuen saioen aurrean, haietan dena hutsaltzen baita.

Baina hori ez dagoenez gure esku, APIAk eztabaida-leku, jardunaldi eta topaketetan parte hartzen jarraituko du, ingurumen-komunikazioko profesional desberdinek egiten duten lana aitortzea lor dadin. Izan ere, hasieran esan dugun moduan, ingurumen-komunikazioa ezinbestekoa baita”, amaitu du.

Komunikazioari buruzko post gehiago:

Komunikazioa ekintzarako tresna bihurtzen denean

Berriztagarrien krisi batez hitz egin liteke?

Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du

Ana Galarraga: “Gizartearen ingurumenarekiko jarrera ez da aldatu”

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.