Posted

Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du

Klima-aldaketari buruz komunikatzea ez da erraza. Ez da eko-antsietatea sustatu behar herritarrengan, immobilismoa baino ez baitu eragiten, eta ez da erabat errepikatzen aritu behar gai eta baliabide bisual berberak, horrek azkenean berekin ekartzen baitu fenomenoaren larritasunak eta garrantziak indarra galtzea. Nafarroako Unibertsitateko Zientziaren Komunikazioari buruzko Ikerketa Taldeak egindako azterlan batek sare sozialetan irudien bidez egiten den klima-aldaketaren komunikazioan sakontzen du. Eta badirudi aurpegiak, istorioak eta hurbiltasuna direla gakoak.
Extinction Rebellion

- - - - - - - - - - - - - -

Urrun gelditzen zaigu klima-aldaketak hartz zuriei baino ez diela eragiten dioen kontu hura. Aurtengo urtea berezia izan da. Uholdeak neguan, bata bestearen atzetik etorri diren bero-boladak udan, suteak, lehorte luze-luzea… Jende guztia ohartu da gutxi-asko klima-aldaketa errealitatea dela eta zuzenean eragiten digula denoi.

Edonola ere, klima-aldaketaz komunikatzea ez da batere erraza. Alde batetik, hizkuntza eta helarazten den mezua zaindu behar dira, eko-antsietate handia ikusten ari baikara batez ere gazteengan, immobilismoa besterik ez duena ekartzen berekin.

Eta beste alde batetik, gai berberak eta baliabide bisual berberak errepikatzeak eragiten du fenomenoaren larritasunak eta garrantziak indarra galtzea.

Nafarroako Unibertsitateko Zientziaren Komunikazioari buruzko Ikerketa Taldeak egindako azterlan batek, duela gutxi Britainia Handiko Climate Policy zientzia-aldizkariak kaleratuak, sare sozialetan irudien bidez egiten den klima-aldaketaren komunikazioan sakontzen du. Uste du kanal horiek ezagunak eta hedatuak direla gazteen artean, eta, horrenbestez, herritarrek kontzientzia hartzea eta ekitea bultzatuko duen informazio erabilgarri eta egiazkoa transmitituko duen ibilgailu onena direla.

Zehazki, azterlanean Twitterren kaleratutako 380 irudi aztertu dituzte top tuit edo txio nabarmenen artean, helburu honekin: ikustea zer irudi motak sustatzen duten neurri handiagoan erabiltzaileen interaktibitatea, like, birtuit eta iruzkin forman.

Eta zein dira inpaktu handiena duten irudi horiek, gazteena den eta nagusiki ikus-entzunezkoa den ingurune batean nabarmentzen direnak?

Argi dago kea darien tximiniek edo lehenago aipatu dugun hartz zuriak ez dutela inor izutzen jada. Klixe bihurtu dira, edo, kazetaritzako argotean esaten den moduan, arretarik pizten ez duen paisaia. Politikaren, enpresaren edo, areago, antzertiaren arloko aurpegi ezagunak ere ez dira jada eraginkorrak publikoa hunkitzeko orduan.

Dena den, azterlanaren emaitzen arabera, ikusten da pertsonen irudiek interakzio-maila handiagoak lortzen dituztela; batik bat, bat-batekoak direnek, prestatuta ez dauden eta bete-betean eginda daudela diruditen horiek. Baita benetakoak diruditen emozioak erakusten dituzten horiek ere.

Ostera, fenomenoaren jatorriak edo kausak erakusten dituztenek (besteak beste, atmosferara gasak isurtzea) edo zientzia-informazioa duten grafikoek interes gutxiago pizten dute.

Azterlan honek nabarmentzen duen beste irudi-multzo bat da istorioak kontatzen dituzten argazkiek eratutakoa. Beharbada ez kontakizun osoa, baina istorio baten arrastoak edo xehetasunak ematen dituztenak: familia baten etxea sugarrek kiskalita, iheslari klimatikoen bidaia beren bizitza osoa atzean utzita…

Eta istorio hori bertako zerbaitekin edo edonor identifika daitekeen gertuko egoera batekin lotuta badago, are hobeki. “Klima-aldaketa pertsonei gerturatzeko bidea ematen duen tokiko konexio bat egitea biderik onena da, urruneko fenomeno bat dela eta gure eguneroko bizimoduan eraginik ez duela adierazten duen pertzepzio tradizionala gainditzen lagunduta”, ondorioztatu dute azterlanean.

Azkenik, ikerketa honen ondorioetan jasotzen da klima-aldaketak zuzenean ukitutako pertsonak edo hura borrokatzeko ekintzak erakusteak ekartzen duela komunikazioa are eraginkorragoa izatea.

Laburbilduz, pertsonen eta gertakari esanguratsuen irudien bidez klima-aldaketa kontatzeak badirudi ahalbidetzen duela fenomeno hau publikoarentzat hurbilagoa eta nabarmenagoa izatea, eta horrek errazten du haren ondorioak erantzukizun partekatu bati erantzuten dion zerbait propio moduan ulertzea. Eta hori behar-beharrezkoa da, asmoa baldin bada herritarren inplikazioa eta ekintza lortzea klima-larrialdiaren aurrean.

  • * Irudia: Extinction Rebellion taldearena. Haren helburua munduko gobernuetan eta ingurumen politika globaletan eragitea da, indarkeriarik gabeko erresistentziaren bidez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.