Posted

Ingurumen-sentsibilizazioak notarako balio du

‘Hondakinetatik energiara’ proiektua Nafarroako Mendillorri BHIren proposamena da. Konpostaje-prozesutik abiatuta, tresna elektroniko txikiak hornitzeko pila termoelektriko bat sortzean datza, hain zuzen. 2022ko maiatzean, Estatuko Efigy Teknologia Lehiaketaren laugarren edizioan, ‘Proiektu berritzaileena’ kategorian, sari nagusia eskuratu zuen. Ez da kasualitatea, ordea, ikastetxeko irakasle-taldeak konpromisoa hartua baitu ingurumen-heziketarekin.

- - - - - - - - - -

Institutuaren sarrerako sabaian zintzilik dagoen sare erraldoia, ikasturtean zehar bildutako aluminiozko paper guztiarekin egina eta azkenean Iruñeko Ingurumen Museora eraman zena. Auzoko hondakinen bilketa, LIBERA – MENDI jardueraren bidez, Estatuko Libera proiektuan oinarrituta. “Truke-azoka”, “erosi-erabili-bota” ereduan oinarritutako nerabeen kontsumo-ohiturei buruz ikasleei kontzientzia harrarazteko jarduera. Eta, jakina, ‘Hondakinetatik energiara’ proiektua, konpostaje-prozesutik abiatuta, tresna elektroniko txikiak hornitzeko pila termoelektriko bat sortzean datzana, 2022ko maiatzean, Estatuko Efigy Teknologia Lehiaketaren laugarren edizioan, ‘Proiektu berritzaileena’ kategorian, sari nagusia eskuratu zuena (epaimahaiak baloratu zuen proiektuak zientzia, teknologia eta ingeniaritza batzea, termopilen erabileraren ikuspegi desberdin batekin).

Hau Mendillorri BHI da (Nafarroa), eta beraiek Lupe eta Eli, ingurumenaren aldeko konpromisoa hartua duten bi irakasle, hainbat urte daramatzatenak ikasleak sentsibilizatzen zenbait gai garrantzitsutan, hala nola iraunkortasunean, birziklapenean, ekonomia zirkularrean eta abarretan. “Izan ere, abian jarri nuela gogoan dudan lehenbiziko jarduera Ekoplana izan zen, Mancoeduca Ingurumen Heziketarako programaren eskutik –esan du Lupek–. Ikasturte osoa hondakinak murriztea lantzen igaro genuen (auditoretza, sentsibilizazioa, hondakinak biltzeko plan bat egitea…). Aitortu behar dut, nire kasuan, hau izan dela neska-mutilekin garatzeko gai zailena, ohiturak aldatzea kosta egiten baita eta bai ikasleak, familiak, irakasleak eta heziketa-komunitate osoa inplikatzea lortzea ere”.

“Baina jada emaitza batzuk ikusten ditugu –gehitu du Elik–. Adibidez, nahiz eta ez den erabat desagertu, aluminiozko papera pixkana gutxitzen doa ikastetxean. Horrekin lotuta egin dugun azken esku-hartzeetako bat familiekin lan egitea izan da, bilgarri iraunkor edo jasangarria erabiltzen hasteko, eta institutuaren logotipoa duen bilgarria banatzea, boc-and-rolla. Pixkana goaz” (horri dagokion post bat hemen irakurri)

“Bai, baina neska-mutilek plastikozko ontziak, tetrabrikak eta aluminioa ekartzen jarraitzen dute hamaiketakoetarako. Beraz, ikasturte hasieratik ikasleekin eta familiekin hamaiketako iraunkor eta osasungarria lantzen jarraitu behar dugu”, gehitu du Lupek.

“Egia da –indartu du Elik–. Batzuetan, asaldatze-ukitu bat dute. Begira, hemen, ongi egituratuta dagoen bilketa-sistema bat dugu, hondakinak bereiz bota ahal izateko gune nahikoak dituena. Erraza dirudi ongi egitea, baina ez da egiten. Ontziekin egindako eraikuntzak utzi izan dizkidate edukiontziaren ondoan. Hau da, pilatzeko lana hartzen dute, baina ez dira edukiontziaren barnean sartzera iristen. Zati batean, nerabeak direlako egiten dutela uste dut, eta beste zati batean, ez dutelako ezta segundo bat ere hartzen pentsatzeko. Haiek, eta gu geu, azkarregi goaz!”.

Lupek baiezkoa egin du buruarekin, irribarre eta “horregatik jarraitzen dugu behin eta berriz esaten, eta hondakinak, adibidez, aluminioa, gutxitzeko eta ezabatzeko ekintzak gauzatzen” gehitu du.

Bi hezitzaileen iritziz, hondakinekin egiten den lana epe ertain eta luzerakoa da, eta, hortaz, ezin da mugatu ikastetxean jarduera bakar bat egitera, baizik eta lan egiteko modu jarraitua eta zeharkakoa da.

Edonola ere, hurbileko hiri-ekosistema bat aztertzea, haren biodibertsitatearen eta ibaiaren kalitatearen bidez, oso erabilgarria zaie, ikasleak sentsibilizatzea lortzeko. “Ezagutzen dena maitatzen da”, zehaztu dute.

Hala ere, inplikazioa da egunero aurkitu ohi duten oztopo handietako bat. Eliren ustez, “irakasleon aldetik ekimenak antolatzen ditugunean edo boluntarioak eskatzen ditugunean, kosta egiten da inork laguntzea. Uste dut beti “irakasle” moduan ikusten gaituztela, eta ez kide edo adiskide gisa, ekintza ekologistetan”.

Hori ikusirik, pandemiaren aurretik, “ingurumen-ordezkariaren” figura sortu zuten, autogestioaren arduradunarena. Halaber, ekintzak sariekin sustatzen dituzte, esate baterako, ikastalde iraunkorrenari ematen dioten saria. “Joan den ikasturtean, hamaiketakoen bilgarri pertsonalizatuak, institutuaren logotipoa dutenak, oparitu genizkien ikasturte hasierako bilerara joan ziren guraso guztiei, iraunkortasuneko ekintzetan pauso garrantzitsu bat emate aldera. Gainera, kontrola egiten dugu nolabaiteko maiztasunarekin, eta detektatu dugu bilgarri iraunkorrak erabiltzen dituzten nerabeen kopurua handitu egin dela. Beraz, ikasleekin norabide horretan lan egitera animatzen gaitu horrek”, gehitu dute.

Eta puntu horretantxe daude une honetan, aurrerantz begira, etorkizunerantz eta ikasturte berrirantz: “Gure asmoa da Mancoeduca programarekin lan egiten jarraitzea, ikaragarrizko zortea baita halako heziketa-baliabide kantitatea eta aukera izatea eskura ingurumenaren eta iraunkortasunaren gaian. Orain arte, aldatu eta ikasleen beharretara egokitu ahal izan ditugun unitate didaktikoak erabili ditugu, eta oso gustuko dugu hasten ditugun jardueren jarraipena egitea programak ikasturtean zehar, adibidez, konposta egiteko prozesuetan edo hondakinak ezabatzekoetan”.

Eli, gainera, gamifikazio-proiektu batean ari da lanean egun. “Ikasleentzat erakargarria den ingurune bat sortzen ikastea gustatuko litzaidake, rol eta espazio desberdinen bidez inplikatzea lortzeko. Oso garrantzitsua da jada eginda dauden baliabideak edukitzea eskura, egin behar izan gabe, egia baita ez dugula nahiko genukeen denbora adina”, azaldu du.

Eta proiektu horiek gogoan dituztela hasi dituzte bi irakasle hauek eskolako oporrak, ez, ordea, ingurumenekoak: “Guretzat, ingurumen-sentsibilitatea mundua ulertzeko modu bat da”.

Ikastetxe honetan edo beste batzuetan egindako proiektu batzuk ezagutu nahi badituzu, irakurri post hauek:

Gazteen sormena eta inplikazioa, hiperkontsumo arduragabearen aurka

Prezio apaleko zenbat elastiko dituzu armairuan? Kontzientzia harraraztea ikasgeletatik

Ura funtsezkoa denean norberaren lanerako

Lupe Vitoria Mangado biologoa da formazioz, 25 urtetik gora daramatza hezkuntzan eta 13 Mendillorri BHIn. Zientzia eta Matematika Arloa ematen du Ikaskuntza eta Errendimendua Hobetzeko Programan. Gainera, ikastetxeko Orientazio Sailekoa da, Ikaskuntza eta Errendimendua Hobetzeko Programako DBHko 3. mailako tutorea da eta ikastetxearen iraunkortasun-proiektuan parte hartzen du. Hobby edo zaletasunen artean, mendi-ibiliak egitea eta mendizaletasuna daude, eta bai marrazketa eta naturari argazkiak egitea ere.

Elisabet Diaz Ereño ere biologoa da formazioz, 32 urte daramatza irakaskuntzan eta 14 Mendillorri BHIn. Biologia eta Geologia ematen ditu DBHn eta batxilergoan D ereduan, eta horrez gain, tutorea da, saileko burua eta koordinatzailea. Mendi-ibiliak egitearen zale amorratua da. Iraunkortasunarekin lotutako institutuaren jarduerei eta txangoei buruzko bideo laburrak egiten ditu.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.