Posted

Irakurketa errazeko bisitak Artetan

Irisgarritasun unibertsalaren helburuetako bat, eta, hortaz, Iruñerriko Mankomunitatearena, inklusioa da; desgaitasuna duten pertsonentzat jarduera bereziak antolatzen ez dituen inklusio hori, baizik eta pertsona horiek gainerakoek egiten duten berbera egiteko aukera ematen duten jarduerak antolatzen dituena. Mancoeducak, Iruñerriko Mankomunitatearen heziketa-programak, urteak daramatza zentroak mota guztietako behar berezietara egokitzen. Izan ere begizta magnetikoa du zenbait instalaziotan eta zeinu-hizkuntza gehitzen du bere bideoetan, beste neurri batzuen artean. Orain, irakurketa errazeko bisitak eskaintzen ditu, desgaitasuna duten pertsonek gidari lana eginez.

- - - - - - - - - -

Irisgarritasun unibertsala beti izan da Mancoeduca Iruñerriko Mankomunitatearen heziketa-programaren lehentasunetako bat. Izan ere, urteak daramatza zentroak mota guztietako behar berezietara egokitzen, begizta magnetikoa du zenbait instalaziotan eta zeinu-hizkuntza gehitzen du bere bideoetan, beste neurri batzuen artean (bideoa hemen).

Orain, beste pauso bat eman du.

Izan ere, 2018an, Mancoeduca elkarlanean hasi zen irakurketa erraza lantzen zuten udal batzuetako dinamizazio-taldeekin, azalpenak eta materialak egokituta desgaitasun kognitiboa duten pertsonentzat.

Elkarlan-egitasmo horietako batek Ollaranera eraman zuen, Nafarroara, zehazki, Gure Sustraiak izeneko gizarte-ekimeneko kooperatibara. Hain zuzen, kooperatiba horretan ingurumen-heziketako jarduerak egiten dituzte, turismo inklusibokoak, gizarte-zerbitzuetakoak, jarduera terapeutikoak animaliekin eta prestakuntza-saioak gizarte-arloko hainbat gaitan.

Kooperatibaren instalazioak Artetako gatzagetatik eta informazio-zentrotik gertu egoteak ekartzen zuen kooperatibaren erabiltzaileek ezin hobeto ezagutzea eta beren egunerokoan sartuta edukitzea, eta, hala, egun batean monitoreari bururatu zitzaion erabiltzaile horiei galdetzea ea nola antolatuko zuten bisita gidatu bat toki horretara.

Monitore horren harridurarako, beren autonomia lortze aldera lan egiten duten gazte horiek bertako gidari bikain bihurtu ziren.

Proposamenaren emaitza ona ikusirik, irakasle-taldeak aukerak zabaldu nahi izan zituen eta gidari inprobisatu haiek beren zerbitzuak eskaintzea berdinkideei, Hezitzaileen Eskolako Oinarrizko LHko ikasleei.

“Erabateko arrakasta izan zen –ekarri dute gogora–. Bisitan etortzen ziren ikasleek erreferentziazkotzat hartzen zituzten gidariak, jarraitu beharreko eredutzat, eta gidariek, berriz, beren autoestimua hobetzen zela sentitzen zuten. Izugarri pozik geunden irisgarritasun unibertsalaren helburuetako bat lortzen ari ginela egiaztatzean, inklusioa lortu nahi duen hori. Izan ere, azken batean, ez genituen jarduera bereziak antolatu nahi desgaitasuna duten pertsonentzat, baizik eta pertsona horiek gainerakoek egiten duten berbera egin ahal izatea”.

Orduan, pauso bat besterik ez zen gelditzen jarduera osoa izateko, eta pauso hori eman zen Mancoeduca hasi zenean, hilabetean larunbat batean, irakurketa errazeko bisitak eskaintzen, gidari horien ardurapean. “2018-2019 ikasturtean bisitak egiten joan ginen, eta haietan gidariak beren txartelarekin eta elastikoarekin akreditatzen genituen. Publikoari ohartarazten genion hura irakurketa errazeko bisita zela, eta inoiz ez genuen kexarik izan, alderantziz baizik”.

Eta jarduera hala garatzen joan zen 2020an pandemia iritsi eta mundua gelditu zen arte.

Gero, 2023an, Gure Sustraiak kooperatibako arduradunak berriro jarri ziren harremanetan Mancoeducarekin, bisitei berriro heltzeko asmoarekin. Mikel eta Sandra grinatsu zeuden berriro azaltzeko Ollarango diapiroa zaldar baten antzeko zerbait dela.

Eta proposamena mamitu zen. Hala, 2024ko urtarriletik aurrera, hilean larunbat batean, Artetako informazio-zentrora joaten den publikoak irakurketa errazeko bisita batez gozatzeko aukera du eta, batez ere, beren eginahal guztia oso ongi egitean jartzen duten gazte batzuk gizarteratzearen zati da.

Mancoeducari buruz gehiago jakin nahi baduzu:

Naturatik artera

Biodibertsitate-erakarleak Iruñerrian

Garapen Iraunkorrerako Hezkuntza, Unescoren printzipioen arabera

Upcycling, kreatibitateren bitartez egindako superbirziklapena

Baratzea eta konpostajea: bonba pedagogikoa

Oinez ibiltzea inspiraziotzat hartua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.