Holanda Herbeheretako eskualde bat baino gehiago da. Itsasoa eta lehorra elkarrekin bizitzearen adibidea da, oso aspaldidanik datorrena. Historiak esaten digu bertako lurraldea ez dela inoiz egonkor mantendu eta itsasaldien kapritxoek bere itsasertza moldatu dutela. XVI. mendean, hango biztanleak itsasoari lehorra irabazten hasi ziren, itsasoaren apetez libratzeko helburuarekin. Dikeen bidez, itsasoak estalitako lur-zati bat bakartzean eta gero errotek aktibatutako ponpatzearen bidez lehortzean zetzan teknika baten bidez egin zuten, zehazki. Horren ondorioz, kanalen sare bat sortu zen, eta kanal horiek sobera zegoen ura drainatzeko eta euri-urak itsasora bideratzeko balio zuten. Emaitza izan zen lurra baliatzeko, nekazaritzako eta kaietako jarduera ekonomiaren motor bihurtu ziren.
Denborarekin, herrialdeak itsasoa mendean hartu zuen eta lurra okupatu. Baina oreka horrek zenbaitetan huts egin zuen. Esate baterako, 1953an, dikeek eman egin zuten. Ekaitz baten eta Ipar itsasotik iritsi zen marea bizi baten konbinazioa zorigaiztokoa izan zen, eta Zeelanda probintzian 1.800 pertsona hiltzea eragin zuen. Tragediak denak astindu zituen, bertakoak eta kanpokoak, eta defentsak berritu eta indartzera behartu zituen. Urte horretan bertan, Delta plana jarri zuten abian. Presak, esklusak, dikeak eta uhate hidraulikoak eraiki zituzten, Rhin, Mosa eta Eskalda ibai nagusien ahoen inguruan ura goratzeari aurre egin ahal izateko. 1997an, oraindik ere indarrean zegoen plana, eta hainbat lan jasotzen zituen, besteak beste, Maeslant harresi berria eraikitzea, Rotterdamgo kaiaren ahoan kokatua, eta egun oraindik ere hiria eta Zeelanda babesten dituena uholdeetatik.
Edonola ere, ez ziren Delta planeko obrak izan bai lagun bai etsai izan zitekeen itsaso horretatik babesteko herrialdeak neurriak hartzeko balio izan zuten lehenak. Zeelandako hondamendia baino hogei urte lehenago, 1932an, Afsluitdijk eraiki zuten Zuiderzeen edo Hegoaldeko itsasoan, garai hartako ingeniaritzaren gauza miragarria, eta Unescok Gizateriaren Ondare deklaratua. Itsasaldien eragina minimizatzeko diseinatutako hesi bat zen, badia ixten zuena. 32 kilometroko luzera zuen, 100 metroko zabalera eta 7,5 metroko altuera itsas mailatik gora.
XX. mende osoan eta XXI.ean egin ditugun urteetan, hesi horretan etengabe egin dira mantentze-lanak. Izan ere, aurreikusita dago 2023a arte 900 milioi inbertitzea kontserbazioan. Hala ere, egun obrek beste jarduketa-mota batzuk eskatzen dituzte, babesteko jarduketez gain. Hartara, eraiki zuten unean itsasertza babestea nagusitu zen, baina orain, zementuzko 75.000 blokerekin –bakoitza 6.500 kilogramokoa– sendotzeko beharraz gain, hainbat espezieren migrazioa errazteko kanal bat zabaltzeko urgentzia ere badago, besteak beste, aingirena, Atlantikoko izokinarena edo sardinzarrarena, espezie moduan bizirik irauteko ur geza eta gazia behar duten arrainena.
Migrazio hori egun ezin izaten da egin, dikeko bi esklusa handiak itsasontzien zirkulaziorako irekitzen badira ere eta urari igarotzen uzten badiote ere, hori ez baita nahikoa itsas espezieen migrazio uniformea izateko. Eta beharra premiazkoa da, biodibertsitate-kontuengatik.
Hori dela-eta, obrak abian dira, eta 55 milioi euroko aurrekontua dute. Etorkizuneko kanalak Arrainak migratzeko ibaia izena edukiko du, eta bere helburua izango da fauna birpopulatzea naturarekin elkarlanean, itsasaldien mugimendua baliatuko baitu ingeniaritza ekologikoa gauzatuz.
Holanda urarekin nola bizi den erakusten duten adibide batzuk dira horiek. Nolanahi ere, orain mehatxu handi bat eralkitzen da bertako paisaia bukolikoen gainean: klima-aldaketa. Bertako lurraldearen %30 itsas mailatik behera dago eta %60 urez bete daitekeen ingurua da. Horregatik berebiziko garrantzia du 1,5 graduko tenperatura-berotzea ez gainditzeak, gradu erdi gehiago berotzeak bikoiztu egingo bailuke bertako uren maila modu izugarri arriskutsuan goratzeko aukera. Holandako gobernu-azterlanek adierazten dute, bi graduko berotze hori gertatuz gero, Ipar itsasoa 2100. urterako 2 metro goratuko litzatekeela.
Datu horiek jopuntuan daudela, 2010ean “Ibairako tokia” programa jarri zen martxan, eta programa horrek ahalbidetzen du, beharra egonez gero, inguruan duen lurra urez betetzea modu kontrolatuan. Gainera, Gobernuak 375 milioi euro erreserbatu ditu herrialdea klima-aldaketaren erronketara egokitzeko. Argi dago orain arte itsasoari lehorra nola irabazi erakutsi duen eta paradigma izan den lurraldeak ez duela oroitzapen bihurtu nahi, urak lurrak nola irentsi zituen oroitzapena.
2021.eko Uraren Nazioarteko Eguna zela eta post serie bat sortu genuen “Ura zer da zuretzat?” lelopean (#water2me). Hauek izan ziren post honekin batera kaleratutako beste post batzuk (klikatu haien gainean):
Utzi erantzuna