Posted

Paper-zapi bustien uhartetxoa

Paper-zapi bustien presentzia gure ingurunean etengabea da, eta azpiegitura publikoak buxatzen ditu, hala nola estolda-sareak, ponpaketa-ekipoak eta araztegiak. Eta horrek %10-15 garestitzen ditu hondakin-uren mantentze-, tratamendu- eta arazketa-lanak. Kordoban, gainera, paper-zapi bustien uhartetxoa sortu da.

- - - - - - - - - - - - -

Kamisetak, roll-upak, kanpaina sareetan, karaokea, abesti gogoraerraza… Ezer ez da nahikoa gure ingurunean paper-zapi bustien presentzia murrizteko. (ikusi adibide batzuk hemen)

Hainbesterainokoa da kontua, ezen Kordoban, Guadalquivir ibaian, Torre de La Calahorratik igarotzean, jalkinen uhartetxo bat eratu den, askorentzat oharkabean geratu dena. Izan ere, uharteak berez lur-kolorea du eta haren gainean zumeak eta makalak hazi dira. Dena den, hurbiltzen garenean eta arretaz behatzen dugunean, ohartzen gara inguruko lohiak ateratzen direnean paper-zapi bustien geruzak agerian gelditzen direla.

Baita ibaiaren ertzetan ere, ura igarotzean haietan pilatzen baitira.

Baina hori ez da Kordoban bakarrik gertatzen. Madrilen, Valentzian, Iruñean eta, oro har, hiri guztietan belaki tradizionalaren edo komuneko paperaren ordezko honek sorrarazten dituen eragozpenak izaten baitira.

Paper-zapi bustiek, kotoi-zotzek eta higiene intimorako beste elementu batzuek azpiegitura publikoak buxatzen dituzte, besteak beste, estolda-sareak, ponpaketa-ekipoak eta araztegiak, eta horrek %10-15 garestitzen ditu hondakin-uren mantentze-, tratamendu- eta arazketa-lanak. Espainian, urtean 230 milioi euroko gainkostua ekartzen du, 4 eta 6 euro artean pertsona bakoitzeko urtean. Azken batean, komun-ontzitik botatzen den eta hondakin fisiologikoa edo komuneko papera ez den guztiak buxadurak sortzeko arrisku larria eta arazo handia sortzen du arazketan, eta irtenbidea oso zaila eta garestia izaten da, ingurumenari eta diruari dagokionez.

Eta errealitatea hori izanik, zein da irtenbidea? Paper-zapi bustiak egiteari uztea, jakina, baina hori ez da erraza. Aditu batzuek merkatutik kentzeko exijitzen dute, eta beste batzuek, moderatuagoak izanik, exijitzen dute paper-zapi bustien bilgarrietatik “komuneko paper hezea” izendapena kentzea, bezeroak nahastea eragin baitezake. Izan ere, komuneko papera degradatu egiten da itsasoan, baina paper-zapi bustiak ez. Horrez gain, “egokia komun-ontzietarako” oharra kentzeko ere eskatzen dute, paper-zapi bustiak eta komuneko paper hezea ez baitira degradatzen.

Horrekin guztiarekin lotuta, gero eta gehiago dira bainugelan paperontzi bat jartzea gomendatzeko egiten diren kanpainak, paper-zapi bustiak hartara botatzeko, eta bai paper-zapi busti gutxiago erabiltzea eskatzeko egiten direnak ere.

Eta hori guztia “estoldetako munstroa” elikatzen ez jarraitzeko.

*Iturriak

https://elpais.com/clima-y-medio-ambiente/2023-01-20/una-isla-formada-por-toallitas-y-lodos-en-pleno-guadalquivir.html

https://www.diariocordoba.com/cordoba-ciudad/2023/01/18/emerge-isla-toallitas-sedimentos-puente-81337839.html

https://cordopolis.eldiario.es/1_96b086?utm_campaign=botonera-share&utm_medium=social&utm_source=whatsapp

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.