Posted

Taconerako zuhaitz bereziak II

Ba al dakizu zer den espezie dioiko bat? Ba al zenekien mendebaldeko munduak lehenago ezagutu zituela zuhaitz baten fosilak haren ale biziak baino? Iñigo Villanueva mendi-ingeniariak Iruñeko Takonera parkean eta inguruetan dauden zuhaitz-altxorrak aurkitzen laguntzen jarraitzen du.

- - - - - - - - - - - -

Aurreko post batean (Taconerako zuhaitz bereziak), Iñigo Villanueva mendi-ingeniariarekin paseatzen ari ginen, zeinak Iruñeko Takonera parkeko eta inguruko zuhaitz-altxorrak azaltzen zizkigun.

Izan ere, parkean sartu aurretik, pagoak, haritzak eta zedroak aurkitu genituen.

Behin barruan ginela, Gulliver bezala sentitu ginen liliputiarren artean, Sekuoiaren irudi ikaragarriaren aurrean. Gainera, munduko handiena 115 metrotik gorakoa zela ikasi genuen.

Gaur egun, parke honen eta bertako zuhaitz bitxien bitxikeria gehiago ezagutzeko irrikaz gaude, Iñigo bezalako luxuzko gidari baten eskutik.

 “Begira –eten ditu nire gogoetak Iñigok–, hori ginkgoa da (Ginkgo biloba), hiriko zuhaitz berezietako bat. Nahiz eta hosto zabalekoa den, botanikoki hurbilago dago koniferoetatik hostozabaletatik baino. Espezie dioikoa da, hau da, “ale emeak” (lore femeninoak dituztenak) daude eta “ale arrak” (lore maskulinoak dituztenak), gorostiak, sahatsak, haginak eta makalak  bezala. Zenbait daude Iruñean: Nafarroako Unibertsitateko lorategietan, ospitalean, Labriten, harresiaren ondo-ondoan… Udazkenean, hostoak horitu egiten zaizkio, eta haizemaile-forma dute. Mila urtetik gora bizitzera irits daiteke, eta fosil biziduna da, dinosauroen garaian ere jada existitzen zena.

Ginkgoa (Ginkgo biloba)

Ginkgoa (Ginkgo biloba)

Ginkoren ostoa

Ginkoren ostoa

Anekdota moduan, esango dizut europar zientzialariek galduta zegoen espeziea zela uste zutela, XVII. mendearen amaieran ginkgoa Japonian “berraurkitu” zuten arte. Hau da, Mendebaldeak lehenago ezagutu zituen zuhaitz honen fosilak bizirik zeuden aleak baino. Ginkgoek bizirik iraun zuten Txinan eta han, nagusiki, bakartuta zeuden eta, oro har, urrunduta zeuden monasterioetan zeuden, jauregien lorategietan eta tenpluetan. Haietan, monje budistek zuhaitz hori landatu zuten askoz ere lehenagotik, ezaugarri on asko dituelako eta medikuntza tradizionalean erabiltzeko aukera asko dituelako. Oso zuhaitz gogorra da; izan ere, Hiroshimako hiri suntsituko hondakinen artean ale batzuk kimu osasuntsuekin suspertu ziren. Hartara, Japonian eta bai Txinan ere, zuhaitz sakratutzat hartzen dute, biziaren erreferentziatzat”.

Pauso batzuk harago, beste zuhaitz baten hostoak igurzteko esan dit. “Olioaren antzeko zerbait nabaritzen duzu? Usaintzen baduzu, konturatuko zara usaina zitrikoa dela. Izeia da. Izei espezie asko daude, baina Penintsulan, era naturalean, bi agertzen dira: izei zuria (Abies alba), Nafarroako Pirinioetan aurki dezakeguna, eta izei espainiarra (Abies pinsapo), ia Andaluziako inguru menditsu batzuetako endemismoa dena”.

Paseoa eten dut, itxura bitxia duen zuhaitz bat ikusi dudalako. Zerbait falta duela iruditzen zait. “Bai hala da, altzifre honi adar nagusietako bat hautsi zitzaion. Hartara, itxura da bere berezitasunaren arrazoia. Badakizu 500 urtetik gora bizi daitekeela?”.

Orduan pentsatzen dut ez dela harritzekoa betikotasunaren zuhaitza dela esatea eta hilerrietan landatzea. “Altzifrearen itzala luzea da”, esaten zuen poetak. Aireak usain atsegina ekarri dit.

“Usain hori magnoliari dario. Bere loreak handiak dira eta bere usain gozoak dena inguratzen du. Hosto iraunkorreko zuhaitza da, eta sarritan apaintzeko erabiltzen da. Iruñerriko Mankomunitatearen egoitzan duzu beste ale bikain bat”.

Iruñerriko Mankomunitatearen egoitzako magnolioa

Iruñerriko Mankomunitatearen egoitzako magnolioa

Baina ez gara haraino iritsiko ikusteko, hemen altxor asko baitago oraindik aurkitzeko eta azaltzeko gero beste post batean (hemen irakurri).

Gurekin etorriko al zarete?.

+ INFO:

https://www.pamplona.es/sites/default/files/2019-02/Arboles%20viejos%20y%20arboles%20singulares%20de%20Pamplona.pdf

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.