Posted

Taconerako zuhaitz bereziak

Zuhaitz berezien arteko paseo batean lagun izan dugu Iñigo Villanueva, eta, hartara, denboraren gaineko ikuspuntua hartzeko, beste kultura batzuk ezagutzeko eta gure historiako gertaera batzuetan sartzeko aukera izan dugu. Izan ere, landare handi eta dotore hauen balioa ez baita botanikoa bakarrik. Asko dute kontatzeko.

- - - - - - - - - - - - - - -

Iñigo Villanueva mendi-ingeniariarekin Iruñean paseoan ibiltzeak historiari eta egungo paisaiak azaltzen dituzten paisaia ahaztuei leiho bat zabaltzea dakar.  

“Badakizu nondik datorren Taconera izena? –galdetu dit Antoniutti parketik izen hori duen parkerantz oinez goazen bitartean–. Erdi Aroan hemen zeuden zuhaitz guztiak moztu zituzten, eta motzondoak baino ez ziren gelditu (gaztelaniazko “tocón”)”.

Ez zen gertakari bakana izan, ordea. Iruñea hiri berdea bada ere, gutxi dira Foru Komunitateko hiriburuan aurkitzen ditugun zuhaitz bereziak edo zaharrak. “Hori hala da gerra-garaian inork ez zuelako baso bat eduki nahi hirigunetik gertu, etsaiak hartan babes hartzea ekiditeko”.

Baina laster aurkitu dugu bat, patinodromoaren ondoan. “Begira zer zedro ikusgarria. Parkean gehiago daude, baina honek tamaina itzela du, eta horregatik hartzen da Iruñeko zuhaitz berezitzat. Hiriko parke eta lorategietan zedroen hiru espezie aurki ditzakegu: Atlasko zedroa (Cedrus atlántica), Libanoko zedroa (Cedrus libani) eta Himalaiako zedroa (Cedrus deodara). Ez da harritzekoa kultura askotan zuhaitz hau handitasunaren sinboloa izatea, eta Libanoren kasuan, gainera, zedroa herrialdeko banderan ere agertzen da”.

Atlasko zedroa (Cedrus atlántica)

Atlasko zedroa (Cedrus atlántica)

Atzean, tamaina handiko pago bat ikusi dut. “Bai hala da. Dezente daude. Grafiosiaren ondorioz zumarrak galdu zirenean, inguru honetan pagoak birlandatu ziren. Nafarroan, pagoa (Fagus sylvatica) zuhaitz-espezie ugariena da, eta baso handienak eta zabalenak eratzen dituena, besteak beste, Urbasan, Aralarren, Kintoan, Belaten, Iratin eta abarrean.

Pagoa (Fagus sylvatica)

Pagoa (Fagus sylvatica)

Eta begira, hori haritz bat duzu. Bere adaburuaren diametroa 14 metro inguruakoa da, eta 25eko altuera du. Zalantzarik gabe, hori ere berezia da”.

Haritza

Haritza

Pagoa eta Haritza

Pagoa eta Haritza

Parkean barneratuta, bat-batean hutsal sentitu naiz. Aurre-aurrean enbor handientsu bat dut. Gora begiratuta, 25 metrotik gora daude adaburuaren amaieraraino. Iñigok alai egin du irribarre. “Handia da, ezta? Sekuoia erraldoia da (Sequoiadendron giganteum), Ipar Amerikako mendebaldeko inguru menditsuetakoa jatorriz. Espezie honetakoak dira mundu osoan ezagunak diren eta diametro eta bolumen handiena duten zuhaitz-aleetako batzuk, eta bizitza-luzera handikoak dira. Ezetz harritu esaten badizut toki batzuetan “mamutaren zuhaitza” deitzen diotela zuhaitz honi? Sekuoia hau ez da Iruñeko enblematikoena. Diputazioaren Jauregian dagoena ezagunagoa da, eta 30 metrotik gorakoa. 1855ean landatu zuten. José María Gastón Echevertzek Ameriketatik ekarri eta Iruritako jauregian landatu zuen. Eta foru-diputatu izendatu zutenean, Diputazioko lorategietan birlandatzeko agindu zuen. Baina, bueno, parean dugun hau ere zoragarria eta eder-ederra da. Parke honetan gehiago daude.

Sekuoia erraldoia (Sequoiadendron giganteum)

Sekuoia erraldoia (Sequoiadendron giganteum)

Baina denak txiki gelditzen dira ahaidetuta dagoen espezie bateko aleekin alderatuta, sekuoia luzea (Sequoia sempervirens), Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldeko kostaldean hazten dena. “Hyperion” esaten diote eta munduko zuhaitz garaientzat jotzen da, 115 metrotik gora izatera hel baitaiteke!”.

Ama maitea, Gulliver liluputarren artean bezala sentitzen naiz! Zeinen handientsuak diren zuhaitzak! Zenbat historia konta dezaketen! Pentsatzen dut ederki asmatu zutela motzondo haiek ale hauekin ordeztu zituztenean. Taconera toki atsegina dela ohartzen naiz, gozatzekoa eta hiriaren birika, aldi berean.

Gai honi gehiago jakin nahi baduzu:

Taconerako zuhaitz bereziak II

Taconerako zuhaitz bereziak III

 

+ INFO:

https://www.pamplona.es/sites/default/files/2019-02/Arboles%20viejos%20y%20arboles%20singulares%20de%20Pamplona.pdf

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.