Posted

The Good Goal, ohitura iraunkorrak hobetzeko app bat

The Good Goal aplikazioaren xedea da klima-aldaketaren kontra borrokatzea, pertsonak eta enpresak inplikatzea sustatuta, haien egungo eta etorkizuneko ohiturak hobetzen eta, informazio fidagarriaren bidez, beren ekintzen benetako inpaktua ezagutzen lagunduta. 2021eko uztailean abian jarri zutenetik 80.000 deskarga izan ditu. Orain, aplikazioaren sortzaileek enpresen esparrura zabaldu nahi dute bere erabilera, “ingurumenarekiko eta langileen ongizatearekiko konpromisoa hartua izango duen antolaketa-kultura sortzeko”.

- - - - - - -

Zer dute komunean Madrilen bizi den neska batek, Katalunian dagoen beste batek eta Nafarroakoa den eta pandemia bete-betean bederatzi hilabete igarotzeko Hego Koreara bidaiatu duen beste batek? The Good Goal.

Nerea Mendinuetak, Nadia de la Fuentek eta Nicole Flamariquek birtualki topo egin zuten, UXER Schoolek #covid19challenger erronka jarri zuenean martxan. Erronka horrek, hain zuzen, proposatzen zuen pandemiaren ondoren modu iraunkor edo jasangarrian itzultzea normaltasunera. Eta horixe izan zen The Good Goal aplikazioaren hazia, ohitura iraunkorrak hobetzeko app honena.

“Hasi gaur bertan zure ekintzen ingurumen-inpaktua murrizten The Good Goal aplikazioarekin”. Hori da Apple eta Androiderako erabilgarri dagoen app hau bisitatzen duenak aurkitzen duen aurreneko erronka.

Asmo handiko helburua du: klima-aldaketaren kontra borrokatzea, pertsonak eta enpresak inplikatzea sustatuta, haien egungo eta etorkizuneko ohiturak hobetzen eta, informazio fidagarriaren bidez, beren ekintzen benetako inpaktua ezagutzen lagunduta.

Horretarako, tresna gamifikatu honek hiru bloke planteatzen ditu, hondakinak, garraioa eta kontsumoa, eta erabiltzaileek haietan kokatzen dituzte beren eguneroko ohiko ekintzak, ekintza horiek gero eta iraunkorragoak izatea lortzeko asmoa izanda.

Bete beharreko lehenbiziko baldintza da galdera batzuei erantzutea, aplikazioan sartzen denaren ingurumen-inplikazioaren maila identifikatzeko. Erantzun horiek oinarritzat hartuta, puntuen helburu bat proposatzen du, aste baterakoa, lortzeko modukoa eta profilari egokitutakoa. Eta proposatutako ekintzetako bat egiten den bakoitzean, parte-hartzaileak puntuak batuko ditu aste horretako aurrerabide horretan.

“Osatu hiru eraztunak, asteko zure helburua lortzeko, eta jarraitu aurrera egiten. Aldi berean, ohitura berriak hartzen joango zara, zure ingurumen-inpaktua murrizten duzun neurrian”. Hori ageri da aplikazioaren home-an, eta, gainera, pilulak ematen ditu, gizartea sentsibilizatzeko eta bere jokabidea iraunkorragoa izatea lortzeko.

Baina, zalantzarik gabe, tresna honen alde berriena da inpaktu positiboaren kalkulagailua, aurreztu diren hondakinak, litroak eta CO2 kilogramoak kalkulatzen dituena. Izan ere, aplikazioaren izenean ageri den “good goal” horrek aipamena horri egiten dio, hain zuzen, app-ak proposatzen dituen ekintza iraunkorrak gauzatzean sortu ez diren hondakinen emaitza neurgarriari, aurreztu den urari eta isuri ez den CO2-ari.

Astearen amaieran, erabiltzaileak ikusiko du zenbat good goal lortu dituen eta proposatutako ekintza-planean lehenbiziko aldiz sartu zenetik zenbat dituen pilatuta. Hartara, bere ingurumen-inpaktua zenbateraino murriztu duen irudikatu ahal izango du.

2021eko uztailean ofizialki abian jarri zutenetik aplikazioak 80.000 deskarga izan ditu, eta sortzaileek datu ona dela uste dute. Edonola ere, ez dira konformatzen eta aplikazioa handitzen joateko lan egiten jarraitzen dute. Erabiltzaileen profilei aplikazioaren barnean eusteko lan egiten dute, eta, duela gutxi, ordainpeko aplikazio bat abiarazi dute erakunde eta enpresetarako, “ingurumenarekiko eta langileen ongizatearekiko konpromisoa hartua izango duen antolaketa-kultura sortzeko”.

“Ausartzen zara ala konformatu egiten zara?”. Hori da gizartean eta gizartea iraunkorragoa izateko xedean konfiantza duen emakume-hirukote honek plazaratzen duen erronka.

Hau ez da teknologia berriek luzatzen dizkigun jasangarriagoak izateko app-ak aipatzen ditugun lehendabiziko aldia. Post honetan (hemen irakurri) inguruko fauna eta flora ezagutzeko aukera ematen zuten app batzuk ezagutu genituen; era berean daude aplikazio “jasangarriak”, jan-edanak alferrik galtzearen kontra borrokatzen direnak (to good, to go) edo zaborra geolokalizatzeko eta zabor hori non sortzen den informazioa edukitzeko (Litterati) eta haiei buruz hitz egin genuen beste post horretan (hemen irakurri).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.