Posted

Tximeleten gaueko bizitza

LIruñerriko Mankomunitateak azterlan bat agindu du, gaueko lepidopteroen (tximeletak eta sitsak) presentzia aztertzeko Iruñerriko Ibai Parkearen zenbait gunetan. Helburua da intsektuen ordena horren ugaritasuna eta dibertsitatea mugatu eta zehaztea, parkeko eremu desberdinetan egiten den erabilera publikoaren arabera.

- - - - - - - - - - - - -

Iruñerriko Mankomunitateak azterlan bat agindu du, gaueko lepidopteroen (tximeletak eta sitsak) presentzia aztertzeko Iruñerriko Ibai Parkearen zenbait gunetan. Helburua da intsektuen ordena horren ugaritasuna eta dibertsitatea mugatu eta zehaztea, parkeko eremu desberdinetan egiten den erabilera publikoaren arabera.

Argi ultramoreko tranpak

Gaueko tximeleten analisi hori Roberto Simal eta Ángel Herrero ari dira egiten, biak ala biak BHS ingurumen-aholkularitza etxeko biologoak. Urtaro bakoitzean laginketa-puntuak kokatzen dira beren erabilera-maila desberdinen (bideak, jolas-eremuak, hondartzak…) eta argi artifiziala egotearen edo ez egotearen arabera aukeratutako parkeko kokalekuetan. Horrez gain, laginketa-puntuak jartzen dira kontrol-eremuetan –parketik kanpo eta erabilera publikorik gabe–, behatutako aldaketak benetan aztertutako aldagaien ondoriozkoak direla ziurtatzeko eta ez beste faktore batzuen ondoriozkoak.

Laginketa-estazioei ‘argi-tranpa’ ere esaten diete, gaueko tximeletak erakartzen dituen argi ultramore bat baitute. Azterketa egiten den egun bakoitzean, arrastirian, lau estazio jartzen dira eta gau osoan aktibo gelditzen dira. Argi-tranpa bakoitza alde bakoitzeko 40 bat zentimetro dituen kubo batek eratzen du, goma EVAZkoa (etileno binil azetatoa) da, eta haren goiko estalkiak plastiko gardeneko bi xafla ditu, tximeletak sartu ahal izateko irekidura batekin. Egitura horren gainean, gorantz bideratutako argi ultramore bat lepidopteroak erakartzeaz arduratzen da. Tximeleta eta sits gehienak erakartzen ditu argi horrek, komunikatzeko erabiltzen baitute: haietako askok UV argia berariazko moduetan islatzen duten pigmentuak dituzte hegaletan, bikotekidea aurkitzeko eta elikatzeko ereduak sortuz.

Kuboaren alde bakoitzaren ondoan, gainera, arrautzontziak jartzen dira, moldatutako kartoi horien materialak eta formak laguntzen baitute lepidoptero asko barrunbeetan babestuta gelditzea. Egunsentia etortzean, Roberto Simal eta Ángel Herrero tranpak biltzera joaten dira, harrapatutako espezie guztiak zenbatzeko, zehazteko eta argazkiak egiteko, eta horren ondoren, berehala, tximeletak aske uzten dituzte.

Biologoen plana da lau laginketa-saio egitea: bat udaberrian, bi udan eta beste bat udazkenean. Negua baztertzen da, urtaro horretan ez baitago tximeleta helduen jarduerarik, larba-egoeran egotean oraindik. Saio bakoitzean lau laginketa-punturi emango diote arreta. Jada hiru saio egin dira, azkena irail honetan bertan, eta aurreikusita dago azkena 2026an egitea.

Nahiz eta azterlana egiten ari den oraindik, aurreneko laginketa-saioek adierazten dute ezpel-sitsaren presentzia (Cydalima perspectalis) handia dela. Espezie inbaditzaile hori Asiakoa da, eta duela hamar urtetik baino gehiagotik oso izurrite suntsikor bihurtu da Europako ezpelentzat. Espezie honen arazo nagusia ez du sitsak berak eragiten, baizik eta intsektua larba-fasean dagoenean, hau da, beldarrek, oso jatunak baitira eta ezpelen hostoak eta azala jaten baitituzte. Beldarrek landarearen defoliazio osoa eta masiboa eragin dezakete oso denbora gutxian, eta horrek zuhaixka ahultzen du eta, kasu askotan, hiltzea ekartzen du.

Zehaztu behar da azterlan honetan protagonismo handiena hartzen duten espezieak ohikoenak eta ugarienak direla, erabilera publikoa duten eremuen eta kontrol-eremuen artean egon daitezkeen diferentziak edo aldeak askoz hobeki azaltzen baitituzte. Edonola ere, biologoak adi-adi daude isabel-tximeletaren (Graellsia isabellae) aleren bat harrapatzeko aukeraren aurrean, iparraldean kokatutako estazioak tximeleta horren banaketa-eremuaren ertzean baitaude.

Zenbait talde faunistikoren azterketa

Gaueko lepidopteroen azterlana proiektu zabalago baten barnean dago, eta proiektu hori zenbait talde faunistikok (saguzarrak, hegazti-fauna, ugaztunak…) tokiaz egiten duten erabileran alde esanguratsurik badagoen aztertzean datza, Iruñerriko Ibai Parkean egiten den erabilera publikoaren intentsitate desberdinen arabera.

Azterlan desberdinen landa-lanak amaitzen direnean, talde faunistiko bakoitzerako eta bai parkeko biodibertsitaterako ere oro har lortutako emaitzak aztertuko dira.

Proiektu osoaren aurrekontua 67.177 eurokoa da (BEZa kanpo), eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko funtsekin finantzatzen ari da –plan hori Europar Batasunak-Next Generation EBk finantzatutakoa da–, Nafarroako Gobernuak kudeatutako funtsekin. Ekintza hau Iruñerri Landatarreko Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planaren barnean dago, Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Lurralde Planen 2023ko ohiz kanpoko deialdian onuradun izan ziren proiektuetako bat baita.

Tximeletei buruz gehiago ezgutu nahi baduzu:

Zer dira tximeleten oasiak?

Biodibertsitate-erakarleak Iruñerrian

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.